Albistea entzun

Elorriagak eta Juaristik irabazi dute Espainiako Kritikaren Saria

'Iazko hezurrak' indarkeriari buruzko gogoeta nobelatua aukeratu dute narratiba arloan, eta 'Piztutako etxea' poesian, lekuko baten tokitik giza pasioez itxaropentsu mintzo den lana
Unai Elorriaga joan den urtarrilean.
Unai Elorriaga joan den urtarrilean. L.JAUREGIALTZO / ARP

Igor Susaeta -

2015eko apirilak 19

Iazko hezurrak (Susa, 2014) liburua azaltzea «oso erraza» da, Unai Elorriagaren iritziz. Pentsatzen du indarkeriari buruzko gogoeta nobelatu bat dela. «Biolentzia esentziala izan da gure bizitzetan». Piztutako etxea (Erein, 2014) Felipe Juaristiren azkeneko poema liburua ere giza pasioez mintzo da. «Pozaz, tristuraz, maitasunaz, inbidiaz, desesperazioaz, izuaz....». Baita itxaropenaz ere. Horrek zipriztintzen du, autorearen ustez, lekuko baten tokitik idatzitako liburu hori. Bi lan horiek irabazi dute, hain zuzen, Espainiako Kritikaren Saria; Elorriagarenak (Algorta, Bizkaia, 1973), narratiba arloan, eta Juaristirenak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1957), poesiarenean. Iaz argitaratutako liburuen artean egin dute aukeraketa AECL Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteko kideek, eta irabazleen izenak atzo eguerdian adostu eta jakinarazi zituzten, Pontevedran (Galizia).

Elorriagaren bosgarren eleberria da liburu garailea, SPrako tranbia (2001), Van't Hoffen ilea (2003), Vredaman (2005) eta Londres kartoizkoa da-ren ondoren (2009) —lehendabiziko lau horiek Elkarrekin argitaratu zituen—. Estreinako lanarekin Espainiako Narratiba Sari Nazionala eman zioten, eta horrek profesionaltasunaren ateak ireki zizkion. Orain pare bat urte, ordea, profesional izateari utzi zion. Nekatuta zegoen. Nekatuta promozio ekitaldiez, enkarguzko lanez, idazle irudia zaindu beharraz. «Jadanik ez dut sinesten halakoetan. Aspertuta nago». Baina ez zioen idazle izateari utzi, eta iazko azaroaren amaieran itzuli zen lan berriarekin.

Irene Arrias 2015ean 44 urte dauzkan emakumezkoaren bizitza kontatzen du, horretarako «hari gisa» indarkeria baliatuz. Baina indarkeriaren espirala zabaldu egiten da, eleberriak aurrera egin ahala —376 orri dauzka—. «Euskal Herrian hasi, eta Frantziara eta Ingalaterrara zabaltzen da, Afrikara, Amerikara, Asiara, Ozeaniara...». Azken berrogei urteetako indarkeriaren kontaketa da, finean. Formari dagokionez, «espresabide asko» erabili ditu: «Nobela hutsa da batzuetan, saiakera besteetan, ipuina, kontakizun historikoa, kronika...».

Poemak dira Juaristirenak; hogei guztira, 70 orrialde pasatxotan bildutakoak. «Hogei margolan dira, eta horietako bakoitzari hainbat ikuspegitatik begiratu diot». Liburuan, haren esanetan, gorputzaren mugak zehazten ahalegintzen da, horren ahalmena zedarritzen eta izaera argitzen. Gorputzari heldu nahi izan dio, beraz. «Askotan, poeta galdu egin da errealitatetik kanpo dagoen lurraldean, eta ahantzi egin du poetak errealitate bat sortzen duela beste errealitate baten gainetik». Iruditzen zaio sentimenduak oso lotuta daudela gorputzarekin, eta triste ala pozik egon, hori gorputzean nabaritzen dela.

Juaristiri, bosgarren aldiz

Bosgarrenez irabazi du Juaristik kritikaren saria. Aurrez Denbora, nostalgia (1985), Hiriaren melankolia (1987), eta Begi-ikarak (2004) hautatu zituzten AECLekoek; narratibarena ere eman zioten 1990ean, Arinago duk haizea, Absalon-engatik. Hain zuzen, Jon Kortazar eta Javier Rojo kritikariak dira sariaren euskarazko atalaren arduradunak.

AECLk hautatutako gainerako irabazleak honako hauek izan dira: gaztelaniazkoan, Andres Ibañezen Brilla, mar del Edén narratiban, eta Lorenzo Olivanen Nocturno casi poesian; katalanezkoan, Toni Salaren Els nois nobela, eta Marius Sampereren Ningú més i l'ombra poesia obra; eta galizierazkoan, Xabier Quirogaren Zapatillas rotas eta Gonzalo Hermoren Celebración lanak hautatu dituzte.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Ez dugu behin ere pentsatu azoka digital soila egitea»

Iñigo Astiz

Durangoko Azokako denda digitala gaur abiatuko da, eta aurrez aurreko bisitak, berriz, bihar. Osasun neurriak aldatuz gero ere horri eustea da Mujikaren asmoa.

 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

Toure detektibea Madrilera joan da zortzigarren kontakizunean

Gorka Arrese

Jon Arretxek 'Dortokaren begirada' argitaratu du. Parisko bitxi denda batean ostutako piezei esker, Toure eroso bizi da Madrilen
Libe Garcia de Kortazar eta Jon Basaguren musikariak. ©GALDER IZAGIRRE

Paisaia ilun baten soinu banda

Ainhoa Sarasola

Pasadena sortu dute Libe Garcia de Kortazarrek eta Jon Basagurenek, eta izen bera duen diskoa atera. Giro iluna iradokitzen duten zortzi kantu bildu dituzte, argi printzek zulatuak
Concha Barqueroren eta Sergio Alvaradoren <em>Descartes</em> filma. ©ZINEBI

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.