Miren Tere Aranguren. 'Goenkale'-ren jarraitzailea

«Azkenaldian asko jaitsi da. Nahiago nuen garai bateko 'Goenkale' »

urtzi urkizu
2015eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
1994an estreinatu zutenetik hasi zen telesaila ikusten Miren Tere Aranguren (Ondarroa, Bizkaia, 1975), «telesail normal baten moduan». Kuriositatea piztu zion berehala. Lehen denboraldietako pertsonaien artean Jose Mari (Mikel Garmendia) zuen gogokoen. «Garmendia oso aktore ona zen, eta, elkarrizketetan entzundakoaren arabera, tipo majoa». Telesailari «bizitasuna» ematen zioten beste pertsonaia batzuk ere ondo oroitzen ditu, adibidez, Txapas (Jose Maria Berasategi) eta Karlos (Jose Kruz Gurrutxaga).

Euskal Herriko kostaldeko herrietan sekulako arrakasta zuen Goenkale-k. Ondarroan ere bai. «Ordura arte, ez zen halako euskarazko telesailik izan; euskarazko telenobelarik ez, behintzat. Arrakasta horregatik izango zuela pentsatzen dut».

Askotariko gizarte gaiak eraman zituen telesailak pantailara. Arangurenen ustez, dena den, ez ziren erabat errealitatekoak bezalakoak. «Eta politikoak, bat ere ez».

Aurreneko urteetan fenomenoa izan ostean, herritar askok telesaila ikusteari utzi zioten. Arangurenek, berriz, fidel jarraitu zuen Arraldeko gorabeherei so. «Kateatuta nintzen. Eta zer gertatu behar zen jakin-min horrekin jarraitu nuen, urtez urte. Zenbait pertsonaia gogoko nituen, eta haiei gertatuko zitzaiena jakin nahi nuen. Horregatik jarraitu nuen ikusten». Haren etxean, amak ere ikusten zuen telesaila. «Lagunek lehen urteetan ere ikusten zuten, booma izan zenean. Baina gero, ez. Azkeneko urteetan esaten zidaten ea nolatan jarraitzen nuen ikusten».

Azkeneko urteetan ere ikusi du Arangurenek fikzioko saioa, baina ez lehen urteetan bezain gustura. «Azkenaldian asko jaitsi da.Nahiago nuen garai bateko Goenkale; askoz gehiago gustatzen zitzaidan». Edonola ere, «pena handia» hartu zuen kendu behar zutela jakin zuenean. «Amaierak noizbait behar zuen, ordea».

Ondarroako ikusleak ez du uste euskarazko beste telesailik izango denik Goenkale-k adina urte iraungo duenik. «Ikusten dut Aitaren etxea, baina gazteentzat gaiak aparte gelditzen dira, eta ez du halako arrakastarik». Urtarrilean amaituko da.

ETBk bere lau kateetan emititzen ditu makina bat errepikapen, eta Goenkale hasieratik ematea ideia ona izango litzatekeela uste du Arangurenek. «Hasieratik ematen hasiko balira, agian ikusiko nuke berriz, ordutegia egokia izanez gero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.