Mataza askatzeko lehen urratsak

Duela hiru hilabete abiatu zen EAJko hainbat kide ohik ustez gidatutako legez kanpoko komisioen trama argitu nahi duen 'De Miguel auziari' buruzko epaiketa. Bihar hasiko dira berriz saioak: Jaurlaritzako Kultura eta Gazteria Sailarekin lotutako kontratuak aztertuko dituzte.
Hogeita sei auzipetuak, Arabako Probintzia Auzitegiko epaiketan.
Hogeita sei auzipetuak, Arabako Probintzia Auzitegiko epaiketan. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE

Edurne Begiristain -

2018ko apirilak 10
Joan den urtarrilaren 8an abiatu zen De Miguel auziari buruzko ahozko epaiketa Arabako Probintzia Auzitegian. Ordutik, akusatuen eserlekuan eserita daude ustezko ustelkeriaren inguruko auziarekin lotutako 26 auzipetuak, gehienak EAJko kargudun ohiak. Akusatu nagusia Alfredo De Miguel da, ABB Araba Buru Batzarreko kide eta Arabako Foru Aldundiko Tokiko Administrazioetarako diputatu izandakoa. Hari leporatzen diote legez kanpoko komisioak kobratzen zituen trama baten arduradun izatea.

Ustezko iruzurragatik EAEn sekula egin den epaiketarik handiena da. Auzi konplexua da, eta luze joko du epaiketak —urriaren 25ean amaitzea aurreikusi dute—. Azken hiru hilabeteotan izandako ahozko saioek agerian utzi dute De Miguelek ustez gidatutako gaizkile sareak ertz ugari dituela, eta nahasia eta korapilatsua dela trama. Hona hemen epaiketak orain arte eman duena ulertzeko zenbait gako.

ZER EPAITZEN DA?

2009ko abenduan Ainhoa Alberdi abokatu eta enpresariak fiskaltzaren aurrean jarritako salaketa batek ezagutarazi zuen Arabako ustezko ustelkeria kasua. Enpresariak salatu zuen Alfredo De Miguelek eta Aitor Telleria ABBko kide ohiak 100.000 euroko komisioa eskatu ziotela Arabako Miñaoko Teknologia Parkearen hedapena kudeatzeko Urbanorma izeneko enpresa bati emandako kontratu batengatik. Hilabete batzuk geroago, Ertzaintzak zortzi lagun atxilotu zituen ustezko irregulartasun horiekin lotuta; tartean, De Miguel eta Telleria bera.

Auzi horretatik tiraka etorri ziren inputazio gehiago, eta, ikerketak aurrera egin ahala, mataza nahaspilatuz joan zen. De Miguel hainbat elkarteren arteko «sare» bateko buru izan zela uste du fiskaltzak, eta, ustez, sare horrek kontratu publikoak modu irregularrean lortzen zituela eta legez kanpoko komisioak kobratzen zituela dio. Fiskaltzak dioenez, De Miguelen enpresa sareak 700.000 euro inguru kobratu zituen komisioetan eta hamasei milioi bestelako operazioetan, «kontratu simulatuen bitartez». Komisioak jaso zituen, besteak beste, Miñaoko Teknologia Parkeko lursail batzuen salerosketagatik, eta Zanbrana herrian (Araba) kale egin zuen lursailen kalifikazio aldaketa urbanistiko baten truke, hainbat enpresa erabilita.

HAMABI ATAL

Ainhoa Alberdik 2009an fiskaltzaren aurrean jarritako salaketatik tiraka, zenbait ikerketa lerro zabaldu ziren, eta egun, auziari lotutako hamabi atal epaitzen ari dira Arabako Probintzia Auzitegian. Atal guztiak elkarri lotuta daude: Miñaoko teknologia parkearen hedapena; Stoa arkitektura estudioaren kontratua; Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Gazteria Sailetik adjudikatutako kontratuak; Arabako kuadrillekin egindako kontratuak; Arabako Foru Aldunditik egindako kontratuak; Gorlizen (Bizkaia) egindako etxe baten inguruko kontratua; %4ko komisioak; Zanbranako (Araba) lursailen kalifikazio aldaketak —bi atal daude Fruizko (Bizkaia) lursailen kalifikazio aldaketa; iruzur fiskalak eta zilegi ez den elkartea osatzearekin lotutako atala.

AKUSATU NAGUSIAK

Orotara, 26 lagun ari dira epaitzen Arabako Probintzia Auzitegian, horien artean EAJko goi kargudun ohiak. Alfredo de Miguel da akusatu nagusia, EAJko Araba Buru Batzarreko kide eta Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioetarako diputatu izandakoa. Harekin batera daude, besteak beste, Aitor Telleria ABBko kide ohia, Koldo Otxandiano ABBko kide ohi eta Arabako Ongizate Institutuko zuzendari izandakoa, Gurutz Larrañaga Zubizarreta Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburuordea 2003tik 2009ra, eta Francisco Javier Sanchez Robles Gazte eta Ekintza Komunitarioko zuzendaria Kultura Sailean, Eusko Jaurlaritzan, 2003tik 2009ra.

Orotara, 439 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak akusatuentzat, eroskeria, dirua zuritzea eta prebarikazioa leporatuta, besteak beste. Defentsak eskatuta, epaiketaren amaieran hartuko diete deklarazioa akusatuei. Behin bakarrik deklaratuko dute.

DEFENTSAREN ESKARIA

Epaiketaren lehen saioak aurretiazko gaiak aztertzeko baliatu zituzten aldeek. Akusatuen defentsa abokatuek epaiketa baliogabetzeko galdegin zuten, argudiatuta akusatuen «oinarrizko eskubideak» urratu direla eta frogak «manipulatu» egin direla. Defentsaren arabera, 2010eko martxoan Ertzaintzak auzipetuen etxeak miatu zituenean, epailearen baimenik gabe eraman zituen haien ordenagailuak eta tresna informatikoak, eta frogak modu «ilegalean» eskuratu zituen. Abokatuen ustez, euren defendatuei urratu egin zaizkie zenbait eskubide, tartean, intimitatea, etxebizitzaren bortxaezintasuna eta komunikazio sekretuak izateko eskubidea, eta horrek «erabat baliogabetzen» duela auzia. Horrez gain, defentsak adierazi zuen «gabeziak» egon zirela Ainhoa Alberdi enpresariak fiskalaren esku utzitako grabazioen zaintza katean. Haien ustez, grabazioak «manipulatuta» egoteko zantzuak daude, eta, hortaz, ez dute «sinesgarritasunik» froga gisa erabiliak izateko. Grabazio horietan ustez frogatutzat jotzen da De Miguelek zuzentzen zuen sareak legez kanpoko komisioak eskatu zizkiola Alberdiri.

FISKALTZAREN TESI NAGUSIA

Epaiketaren bigarren astean, Josu Izagirre Arabako fiskal nagusiak baztertu egin zituen defentsako abokatuek epaiketa baliogabetzeko aurkeztutako argudioak. Izagirreren ustez, badago nahikoa froga ziurtzat jotzeko ustelkeria «sare bat» osatzen zutela akusatuek, «lotsagabe» jokatu zutela eta «establishment-aren» babesa zutela legez kanpoko komisioak jasotzeko, kontratu publikoak adjudikatzearen truke. Epaiketan aurkeztu diren grabazio eta mezu elektronikoek argi islatzen dute hori, Izagirreren arabera. Hark ziurtatu zuen De Miguelek gidatzen zuen ustezko gaizkile sareak Arabako Foru Aldundiko posta elektroniko ofizialak erabiltzen zituela legez kanpoko komisioak eskatzeko.

ERTZAINEN LEKUKOTZA

Lekukoak otsailaren 20an hasi ziren deklaratzen. 2010eko martxoaren 17an auzipetu nagusien etxeetan eta Kataia enpresan egindako miaketetan parte hartu zuten hamabi ertzainak izan ziren deklaratu zuten lehenak, operatiboko burua barne. Haiek azaldu zuten, epailearen aginduz, soilik Kataia enpresaren kontabilitatearekin zerikusia zuten frogak bildu behar zituztela, baina aitortu zuten auzipetuen beste jarduera ekonomiko batzuei buruzko dokumentuak ere ikusi zituztela. Hala ere, hori ere legearen barruan egin zutela azpimarratu zuten.

Atzemandako objektuen zainketari dagokionez —Alberdiren grabagailuarena, batez ere— froga guztiak zigilatu zituztela adierazi zuten, eta zuzenean epaitegira bidali zituztela.

AINHOA ALBERDI, GILTZA

De Miguel auziko lekuko nagusia Ainhoa Alberdi abokatua da. Hark 2009an jarritako salaketari esker argitara atera zen 26 pertsona epailearen aurrera eraman dituen ustelkeria kasua. Alberdik hainbat saiotan deklaratu du, eta haren lekukotzek ez dute inor epel utzi. Epaiketan azaldu du nola eskatu zioten dirua Arabako Diputazioarekin lortutako kontratu baten truke, eta pentsatu zuela hura ohiko jarduera zela, ustez ustelkeria sarea osatzen zutenen «lasaitasuna» eta «arinkeria» ikusita. Zehazki, 2006an, Urbanorma Consulting enpresak Miñaoko Teknologia parkea handitzeko sinatu zuen kontratuan atzeman zituen irregulartasunak Alberdik. Jakinarazi duenez, 2008ko azaroan bilera batera deitu zion De Miguelek bere bulego ofizialera —orduan Arabako Foru Aldundiko Tokiko Administrazio diputatua zen—, eta han esan zion kontratu hura ez zela «doakoa» eta «ordainlekutik» pasatu behar zuela. Zehazki, 100.000 euroko legez kanpoko komisioa eskatu ziola jakinarazi zuen. Halaber, enpresariak azaldu zuen legez kanpoko komisioak ordaintzeari uko egin ziolako «baztertu» zuela De Miguelek haren enpresa beste kontratu publiko batetik.

Estortsioaren frogak aurkeztu zituen Alberdik epaiketan: telefonoz eta aurrez aurre grabatutako 24 elkarrizketak eta posta elektronikoak. Horietan, besteak beste, Urbanorma enpresan bazkide izan zuen Jon Iñaki Etxabururekin, Miñaoko Teknologia Parkeko presidente Julian Sanchez Alegriarekin, De Miguelekin berarekin eta Aitor Telleriarekin izandako elkarrizketak daude.

BESTE LEKUKO BATZUK

Ainhoa Alberdi eta miaketetan parte hartu zuten ertzainak izan dira epaiketan hitz egin duten lekuko nagusiak, baina izan dira beste batzuk. Horietako bat da Eduardo Perez, Eskalmelo enpresako administratzailea —fiskaltzaren tesiaren arabera, enpresa hori pantaila moduan erabiltzen zuten legez kanpoko komisioak jasotzeko—. Hark deklaratu zuen De Miguel arduratzen zela enpresaren kontabilitateaz, eta berak eskatu zituela lursailak erosteko maileguak ere.

Eskalmelok ez zuen langilerik, eta ez zegoen Gizarte Segurantzan izena emanda. Hala ere, fiskaltzaren ustez, 2009ko urtarrilean Stoa enpresak 3.570 euro ordaindu zizkion Kataia Consulting enpresari, Eskalmeloren bitartez. Fiskaltzaren tesia da Stoako administratzaile Sergio Fernandez Oleagak ordaindutako komisioa zirela 3.750 euro horiek, De Miguelek enpresa horri kontratu bat lortzen lagundu zielako. Perezek, baina, diru hori estolderian egindako lan batzuei dagokiela dio.

HURRENGO SAIOAK

Hil honetan, zazpi ahozko saio daude deituta Arabako Probintzia Auzitegian: hilaren 11n, 16an, 17an, 18an, 23an, 24an eta 25ean. Egun horietan, 09:30etik aurrera, deklaratzera deitu dituzte Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Gazteria sailekin lotutako zenbait lekuko. Epaimahaiak jakin nahi du ea bi departamendu horiek Alfredo de Miguelen esku zeuden hainbat enpresari —batez ere, Errexal Zerbitzuak eta Kataia Consulting enpresei— kontratuak adjudikatu ote zizkien inolako lehiaketa publikorik egin gabe. Fiskaltzaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak justifikatu gabeko dirua ordaindu zien De Miguelen esku zeuden enpresa horiei, eta zerbitzuak ez ziren sekula eskaini. Juan Jose Ibarretxeren gobernuko Gazteria Saileko zuzendaria zen orduan Xabier Sanchez Robles, eta akusazioak hura egin du kontratu horien erantzule.

Horrez gain, Arabako kuadrillei gazteria planak garatzeko Jaurlaritzatik bideratutako laguntzetan irregulartasunak egon ote ziren ere argitu nahi dute epaiketan. Diru laguntza horiek sortzearekin bat eratu zen Erraxel enpresa, eta egun gutxian kuadrilla guztiek haren zerbitzuak kontratatu zituzten gazte planak landu zitzan. Kontratu horien truke, Errexal enpresak 90.000 euro eskuratu zituen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna