Nafarroako barometroa. Datuen analisia. ANALISIA

Ohartarazpena alderdi guztiei

Yolanda Barcina eta UPNko parlamentariak.
Yolanda Barcina eta UPNko parlamentariak. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2014ko azaroak 22
Beti gogoan dut Greziako ispilua. Hura izan zen austeritate politikak jasan zituen lehen herrialdea, eta hura izan zen, halaber, mapa politikoa irauli zuen lehena: krisiak Pasok alderdi sozialista irentsi zuen, eta Syriza koalizioa, zeina lehen ezdeus baitzen, eskuinarekin lehiatzera pasatu zen. Grezia urrun da, eta ezin daitezke egoerak parekatu, baina aitzindari izateak badu bertute bat: ezohiko krisietan astinaldi politikoak egon daitezke. Espainia gertuago dago, eta hango hondamendi ekonomikoak lehen lurrikara politikoa izan zuen Europako hauteskundeetan, eta, ustelkeria erauntsia dela eta, baliteke datorren urtean beste astinaldi handiago bat izatea.

Nafarroan ere irauli al daiteke benetan mapa? 30 urtean boterea elkarrekin banatu ostean, UPNk eta PSNk barnerarazi dute ia ezinezkoa dela euren nagusitasuna deuseztatzea. Ukaezina da, datozen bozei begira, aspaldiko baldintza onenak daudela, baina atzo kaleratutako Navarrometro inkesta harago joan da: 2011ko egoeraren oso desberdina den errealitatea islatu du. Nafarroan Podemos-Ahal Duguk ez du osatu alderdirik, baina baliteke lehen indarra izatea. UPN, berriz, hirugarren izango litzateke, eta EH Bildu, bigarren. Emaitza horiek egiaztatuko balira, UPN(PP)-PSNren arteko baturak 14 eserleku soil emango lituzke. Ahokada bakarrean irentsi du 30 urteko erregimena.

Tentuz hartu behar dira emaitzak, ordea. Lehen azterketa azkar batean, soziologo batek azaldu du UPNren ezkutuko botoa egon daitekeela bozkatuko ez dutela diotenen (%11) eta botoa nori eman ez dakitenen (%6,4) artean. Gauza bat da UPNk higadura jasatea, eta beste bat bat-batean Nafarroako eskuinak babes erdia galtzea. Kontrako efektua lortu nahi al du? Izan ere, mamuak astintzea errentagarri izan ohi da Nafarroan.

Horrek ez du esan nahi inkesta zakarrontzira bota behar dela. Haren itzalpean perspektiba berria hartzen du Barcinaren agurrak, eta argi uzten du bigarren atzeraldiak eta gobernuak eragin dioten higadura handia dela. Batetik, herritarren %81ek gaitzesten dute haren kudeaketa. Bigarrenik, haren balorazioak okerrera egin du , eta Iruñeko alkate zela politikari estimatuena bazen ere, orain gaizkien ikusia dena da. Azkenik, lau urteotan gertatu den guztiaren erakusle, ustelkeria herritarren lehentasunezko gaia izatera pasa da. Inkestagileek Espainiako kasuekin lotu nahi izan duten arren, CAN auziak nabarmen higatu ditu Barcina eta UPN.

Benetako inkesta maiatzean emango bada ere, abisua ez da UPNrentzat soilik. Denentzat da. Inkesta 1.500 nafarri egin zaie, eta, haien erantzunetan, nabari da krisia ez dela kontzeptu makroekonomiko abstraktu bat, errealitate lazgarri bat baizik. Agian, politikoki etsigarria behar du izan Ezkerra eta halako alderdientzat ikustea ezezagun batzuek har dezaketela beraiek amestutako eremu politikoa. Geroa Bairi geroa ilundu zaio, eta gainerakoen aldean EH Bildu onik atera bada ere, alternatibaren nagusigoa auzitan jarriko dion beste aurkari bat sortu zaio. Podemosentzat berarentzat ere aho biko ezpata izan daiteke sortutako itxaropen eta ilusioa bozetan berrestea. Argitu beharko du Nafarroa oztopo zaion edo ez Moncloara heltzeko saioan.

Inkestatik egiazko errealitatera tartea egon badaiteke ere, badaude baikortasunerako elementuak: alternatibak ez du PSNren abizenik izango, eta, erregimeneko indarrak mugitzen ari badira ere, besteek jada begien bistan dute aldaketa posible dela. Zaila da, asmatzen jakin behar da, baina ez da ezinezko. Posible da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna