Erresuma Batuan migranteak sartzen saiatzeagatik, kartzela zigorra

Sei eta bost urteko kondenak ezarri dizkiete bi britainiarri, Bilboko portutik Portsmouthera zazpi migrante ezkutatuta eramateagatik

Ander Perez Zala -

2018ko urtarrilak 11
Sei eta bost urteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete bi emakume britainiarri, Bilboko portutik Erresuma Batura zazpi migratzaile sartzen saiatzeagatik. Ferry batek astean bitan egiten du Portsmouth (Erresuma Batua) eta Bilbo arteko bidea, eta bidaia hori baliatzen saiatu ziren etorkinak joan den urrian, bi zigortuen laguntzarekin. Euren ibilgailuan ezkutatu zituzten zazpi migrante albaniarrak, eta ondoren sartu ziren ontzian; karabanak, etorkinak barruan zituela, arazorik gabe igaro zituen Bilboko portuko segurtasun neurriak, baina, Portsmouthera iristean, Mugako Poliziak atzeman zituen iheslariak, ibilgailua eskaner baten bidez aztertu ostean.

«Erresuma Batuan egoteko eskubiderik ez duten» pertsonak herrialdean sartzen saiatzea egotzita zigortu ditu Portsmoutheko epaile batek, Daily Mail egunkariak zabaldu duenez. Bi emakumeak ahizpak dira, eta horietako batek 4.500 euro inguruko zorra zuen droga trafikatzaile batekin; hain justu, Poliziaren arabera, zorra kitatzeko aukera eskaini zion zazpi albaniarrak herrialdean sartzearen truke —trafikatzailearen senideak zirela esanda—. Hori lortzeko, ahizparen laguntza behar zuen, epaile batek gidatzeko debekua ezarria baitzion emakumeari; hala, senideari 900 euro eskaini zioten gidari lanak egiteko, eta hark onartu egin zuen.

Etorkinak, «egoera larrian»

Iheslariak osasun txarrez heldu ziren Portsmouthera, urriaren 4an, Erresuma Batuko Immigrazio Ministerioko iturriek jakinarazi dutenez. Immigrazio buru Jo Howorthek azaldu du «egoera larri eta miserablean» aurkitu zituztela zazpi etorkinak ibilgailuaren barruan: iheslarietako bost logelan zeuden ezkutatuta, eta beste bi, karabanaren goiko aldean. «Pertsona ahulak esplotatzen dituzte trafikatzaileek, eta beren bizia arriskuan jartzen dute dirua irabazteko», ohartarazi zuen Howorthek, bi atxilotuei erreferentzia eginez.

Bi ahizpek harridura agertu zuten etorkinak aurkitu zituztenean, eta Bilbora oporretara joan zirela azaldu zioten Poliziari. Alegia, ez zutela zazpi migranteen berririk izan Portsmouthera iritsi ziren arte. Atxilotuek «hainbat aitzakia» asmatu zituzten, Poliziak zabaldu duenez, baina hortik gutxira aitortu zuten etorkinak Erresuma Batuan sartzen saiatu zirela, zorra kitatzea helburu. Iheslariei dagokienez, horietako sei Euskal Herrira itzuli dituzte, Bilbora, eta zazpigarrena, adingabea, Erresuma Batuko gizarte zerbitzuen ardurapean geratu da.

Hain justu, bidaia egin baino hilabete lehenago sartu zen Espainiako Polizia Bilboko portuko migranteen kanpalekuan; une hartan 90 etorkin zeuden han, eta denak identifikatu zituzten.

Zierbena inguruetan bizi diren etorkinetako askok badute baimena Europan ibiltzeko, baina bisa behar dute Erresuma Batuan sartzeko, eta ia ezinezko zaie hori lortzea. Frantziako Gobernuak Calaisen zuten kanpalekua desegin zuenetik, asko dira Bilboko portura joan direnak, nahiz eta zailtasun ugari gainditu behar dituzten portura sartzeko eta ferrya hartu ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna