Prezioak. BERRIAren saskia

Iparraldean, freskoa garestiago; Hegoan, higienea

2019ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Bidasoaren alde banatan, konpainia bereko bi saltoki handitan, oinarrizko 35 produktu saskiratu ditu BERRIAk, prezioak konparatzeko. Ez da ariketa zientifikoa, baina balio du ondorioztatzeko otzara bera betetzeko diru gehiago behar dela Ipar Euskal Herrian Hego Euskal Herrian baino; hain zuzen, saskia 15,05 euro garestiagoa izan da Donibane Lohizuneko (Lapurdi) saltokian Oiartzungoan (Gipuzkoa) baino.

Markako eta marka zuriko produktuak hartu dira aintzat, eta horien artean gehienak ohiko oinarrizko elikagaiak izan dira, nahiz eta saskian badiren higienerako produktu batzuk ere. Azken bi urteetan hamabost euro garestitu da Iparraldeko saskia, baina gorakada horrek badu azalpen bat: soilik gezatutako bakailao kiloaren prezioa ia hamar euro garestitu baita —Hegoaldean, aldiz, 2,5 euro—; bizarra mozteko aitzurra 4,6 euro; eta kondoiak ia bi euro. Horrelako gorabehera handietan eragin nabarmena izaten dute produktu jakin batzuen eskaintza bereziek.

Oiartzungo saltokian, aldiz, otarrearen prezioak ia-ia berdin eutsi dio azken bi urteetan: 0,58 euro merkatu da. 2018ko joera batzuk nabari dira jaitsiera horretan: besteak beste, olioa eta esnea merkatu egin dira. Edonola ere, prezio jaitsierarik handienak haragiarenak dira: 2017tik 3,35 euro merkatu da oilaskoa, 3,14 txerri solomoaren kiloa, eta 2,91 euro behi xerra. Hain zuzen, 2018an behikiak %1,9 garestitu dira Nafarroan, eta txerrikiak, %2 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; halere, azken urteko igoera horiek ez dute saihestu haragiaren prezioa jaistea 2017tik. Bestalde, bakailaoaren garestitzea bat dator Nafarroan iaz arrainek izandako garestitzearekin (+%8,1): 2,5 euro garestitu da Hegoaldean, eta 9,6 Iparraldean.

Donibane Lohizuneko eta Oiartzungo produktuen arteko aldeari dagokionez, oro har, haragiak dezente garestiagoak dira Iparraldean, edarik alkoholdunak ez askoz garestiagoak, eta janari freskoak pixka bat garestiagoak. Hegoaldean, ostera, osasun higieneari lotutako produktuak garestiagoak dira Iparraldean baino.

Soldaten eta pentsioen igoeratik behera geratu da abenduko KPIa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.