Koronabirusa

Ipar Euskal Herrian etxeratze agindua ezarriko dute gaur gauetik aitzina

Ezingo da etxetik irten 21:00etatik 06:00etara. Ostatuak itxiko dituzte gutxienez hiru astez

Baionako karrika bat, hutsik, martxoko konfinamenduan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian etxeratze agindua emanen du Frantziako Gobernuak. Jean Castex lehen ministroak atzo arratsaldean jakinarazi zuenez, gaur gauerdian sartuko da neurria indarrean. Etxeratzea 21:00etatik 06:00etara bitartekoa izanen da: tarte horretan, herritar guziek etxean egon beharko dute, eta komertzioak itxiak izanen dira. Sei aste iraunen du etxeratze aginduak, momentuko; osasun egoeraren bilakaeraren arabera erabakiko dute denbora gehiagorako ezarri ala ez.

Pirinio Atlantikoetako prefeturak BERRIAri jakinarazi dionez, hala ere, hiru aste iraunen du hasieran neurriak, eta ministroak iragarritakoak baino neurri gogorragoak hartuko ditu Eric Spitz prefetak: ostatuak egun osoan itxiak egonen dira hiru astez; unibertsitateek eta ikasleak hartzen dituzten beste egiturek erdira apaldu beharko dute haien harrera gaitasuna; kirol gertakarietan, 5.000 pertsonatik milara apalduko du gehienezko kopurua.

Beste egitura andana batek ere itxia egon beharko da hiru astez: joko gelek, kasinoek, erakusketa gelek, kirol gelek... Hala ere, ikastetxeei, kirolari profesionalei eta interes orokorreko ekitaldiei (odol emateak, txerto kanpainak, janari banaketak...) harrera egiten ahalko diete. Ondoko orduetan eginen dituzte ofizial neurriak.

Frantziako Gobernuak martxoan ezarri zuen konfinamendu garaian bezala, etxeratze aginduarekin ere ziurtagiri berezi bat beharko da ordutegi mugatuan karrikara atera ahal izateko. Frantziako Barne Ministerioaren webgunean deskarga daiteke agiria. Salbuespenen artean aipatu dituzte, besteak beste, bizitegiaren eta lantokiaren arteko mugimenduak, osasun artatzeei eta familia zaintzari lotutakoak, distantzia luzeko bidaiak, baita etxe animalien beharrei lotutakoak ere. Araua errespetatzen ez duenak 135 euroko isuna izanen du.

Frantziak atzo iragarritako gobernuekin herrialdeko 101 departamenduetatik 54tan egongo da indarrean etxeratze agindua.

Asteartean murrizketa neurriak iragarri zituen Eric Spitz prefetak, nagusiki ostalaritzari lotuak. Egoera okertuz geroz neurriak zorroztuko zituela erran izan du behin eta berriz, eta, hain justu, neurriak gogortzeko asmoa du orain. Eskualdeko Osasun Agentziak BERRIAri jakinarazi dionez, astelehenean emanen dituzten epidemiaren datuak.

«Denbora gutxi dugu»

Larri mintzatu da Castex lehen ministroa: «Bigarren olatua hor da; egoera larria da». Osasun larrialdia ezarri zuten joan den astean, baina erran du azken egunetan egoera «okertu» dela. Herritarrei eskatu die errespetatzeko babes neurriak, «erantzukizun eta elkartasun kolektiboa» aipatuz. «Uste dugu ukituak ez garen bitartean ukiezinak garela. Alta, denak ukitzen ditu, gazte ala ez hain gazte, hirian eta kanpoan. Maila ezberdinean ukitzen gaitu, baina denak ukitzen gaitu». Abisua ere eman du, epidemia gainditu ezean neurri «zorrotzagoak» hartu beharko direlakoan. «Oraindik denbora dugu, baina denbora gutxi gelditzen zaigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.