Udaberrian murgilduta

Eusko Alkartasunetik sortutako Gazte Abertzaleak erakundeak 25 urte bete ditu. Bihar ospatuko du urteurrena Galdakaon, erakunde gisa loraldian dela.
EAko egungo zenbait buruzagi —Maiorga Ramirez argazki nagusian, eta Pello Urizar txikietako lehenengoan—, Gazte Abertzaleetako kide zirenean.
EAko egungo zenbait buruzagi —Maiorga Ramirez argazki nagusian, eta Pello Urizar txikietako lehenengoan—, Gazte Abertzaleetako kide zirenean. BERRIA

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2015eko urtarrilak 2
Loraldian da Gazte Abertzaleak. 25 urte bete ditu, eta erakunde gisa «udaberrian» dela dio. Bizi-bizi dagoela, loratzen, eta eraldatzeko gogoz. Lanerako indartsu dago, eta egindakoa erakusteko irrikan. Gazte Abertzaleetako kideak harro daude direnarekin, eta bere erakundeak bete dituen 25 urteekin. Horixe irudikatu nahi dute bihar egingo duten ospakizunean.

Galdakaon (Bizkaia) ospatuko du mende laurdena Eusko Alkartasunaren erraietan sortu zen gazte erakundeak. Hain justu, idazkari nagusi hautatu berri duten Ibon Garciaren herrian. 18 urte ditu Gazte Abertzaleen koordinatzaile berriak, eta larunbatean bertan aurkeztuko du taldeak jendaurrean.

Sortu zenean bezala gaur egun ere erakundearen helburu nagusiak «askapen nazionala eta soziala» direla azaldu du Garciak. Eta, helburu horiek lortzeari begira, lan ideologikoa egitea dela gazte erakundearen zeregina. Hain zuzen, xede nagusia ez dela lortu agerikoa den arren, ideien gizarteratzean aurrerapausoak egin dituela uste du, eta pozik dago horregatik. Azken urteetan erakundeak egindako aldaketari zor zaio hori, idazkari nagusiaren esanetan. «Beti egon izan gara itzalean-edo, baina azken urteetan kalera atera gara; presentzia dugu kalean, pankartetan eta karteletan agertzen gara...». Garcia bera ere lanpetuta ibili da azkenaldian, eta herria «kartelez josi» ondoren erantzun die BERRIAren galderei.

Kaleratze nahi horri lotuta egingo dute biharko jaia ere. Gazte erakundeak 20. urteurrena bete zuenean, ospakizuna leku itxi batean egin zuen; orain, berriz, kalean egitea erabaki du. Zer den ikusarazteko, bere lana gizarteratzeko, parte hartzaileago bilakatzeko eta guztiei erabat irekia izateko. Garciak azaldu duenez, horregatik eskainiko dituzte dohainik iluntzeko kontzertuak ere. «Bertaratu nahi duen guztia joan dadin».

Apustu berezia izan da kontzertuena. Duela urte batzuk pentsaezina izango zatekeen Gazte Abertzaleen ekitaldi batean halako taldeek jotzea, baina gaur egun baiezkoa eman dute; Su Ta Gar eta Itziarren Semeak arituko dira EAren gazte erakundearen ospakizunean. Halako apustua egiteko «beldur» ere izan zirela aitortu du Garciak. Baina egitarau indartsua osatu nahi zuten; erakargarria. Lortu dute, eta horrek zerbait erakusten du, idazkari nagusiaren ustez: «Iraganeko garai batzuk atzean geratu dira. Aldatu gara eta aurrera egiten ari gara erakunde gisa». Pozarren dago horregatik. Baina dena ez da horren erraza ere. «Izan dira ezetz esan diguten taldeak».

Nolanahi ere, lortutakoak eta ospatzeko gogoak aurrera begira lanean jarraitzeko indarra eman die gazteei. Gainera, festa nagusiaren bezperan, bi urteroko Biltzar Nagusia egin dute, eta aurrera begirako lan ildoak zehaztu dituzte. Jarduna biziagotzea eta bai kalean bai instituzioetan gehiago eragitea jarri dituzte helburu; azken urteetako bidean sakontzea, alegia.

Bide horrekin militanteak gehitu ditu erakundeak azken urteetan. Egun, biltzarretan 50 bat lagun biltzen ditu. «Kopuru handia da beste herrialde batzuetako gazte erakundeekin alderatuta».

Instituzioetako lana ere ez da txikiagoa, Garciaren hitzetan. «EH Bildun badu parlamentari gazte bat EAk, eta hura arduratzen da gazte politikez». Gazte erakundeen ekarpen eta proposamenak oinarri hartzen dituela nabarmendu du.

Etorkizuna, bermatuta

Gazte Abertzaleen lehen urteetan erakundeko kide izan zen eta egun Eusko Alkartasuneko idazkari den Pello Urizarrek «ondo» ikusten du egungo taldea; «oso ondo». Gazte konprometituak direla dio; lan egiteko gogoz daudenak. Eta modu autonomoan jarduten direla nabarmendu du. Garciak ere azpimarratu ditu antolaketa eredu horren bertuteak. «Gure erreferentzia EA da, bertan jarduten dugu, baina era autonomoan, haren menpe egon gabe. Finantzaketa ere gure kasa egiten dugu». Horrek, erabakitzeko askatasuna ematen diela azaldu du, eta ados ez dauden erabakiekiko desadostasuna azaltzeko aukera dutela.

Edozein kasutan, Gazte Abertzaleen idazkari nagusiak EAren Nazio Batzorde Eragilean parte hartzen duela azaldu du Urizarrek, eta gazteek horrela egiten dituztela ekarpenak alderdian.

Gazteen «errebeldia puntu hori» atsegin du EAren idazkari nagusiak; «gauzak egiteko beste modu hori eta oztopoen aurrean ez beldurtze hori». Halakoak gizartearentzat berarentzat onuragarri direlakoan dago.

Bestetik, gazte erakundeetan militatzeak pertsonari berari ematen dion aberastasuna goratu du. Formakuntza aipatu du. Talde lanean jarduten ikastearen balioa. Auzolanarena. Gizartea antolatu eta ekarpenak egitearena.

Eta Gazte Abertzaleen jarduna ikusita etorkizuna bermatua dagoela dio. «Ziurtasuna» ematen duela bertako kideekin lan egiteak. Hartara, hurbiltasunagatik, Galdakaon izango da Urizar, «betigazte moduan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna