Larrialdi deiei, entzungor

112 larrialdi zerbitzuetara deitzea erronka handia izan ohi da gorrentzat. Elkarteek salatu dute metodoak ez direla aski eraginkorrak, eta arazo handiak dituztela.

Aplikazio berriak eskatu dituzte gorren elkarteek, larrialdi zerbitzuekin harremanetan jartzeko. Irudian, 112 zerbitzuaren Donostiako egoitza. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Donostia
2017ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Laguntza, beldurra, arriskua». Burura etortzen diren lehen hitzak dira, larrialdi bat suertatzen denean. Nola azaldu, ordea, gertatutako hori, hitzez ez bada? SMS bitartez. Hala egiten dute gorrek gaur egun, larrialdi deietara jotzen dutenean. Baina Cermi elbarritasunen bat duten pertsonen Espainiako elkarteak salatu duenaren arabera, 112 larrialdi deiak ez dira aski eraginkorrak entzumen urritasuna dutenentzat. Jakinarazi du larrialdi zerbitzuek ez dituztela teknologia berriak erabiltzen zerbitzua hobetzeko, eta egun erabiltzen dituzten SMS, fax eta diagramen zerbitzuak ez direla nahikoak.

112 larrialdi deien zenbakia autonomia erkidegoek kudeatzen dute, hau da, lurralde bakoitzak bertako pertsona gorren erregistro propioa du. Horregatik, entzumen urritasuna dutenek aurretiaz eman behar dituzte beren datu pertsonalak — izen-abizenak, helbidea, eta abar— erregistratu ahal izateko. Hala, larrialdi zerbitzuek erregistratuta dagoen pertsona baten deia jasotzean, badakite laguntza eske deitzen duen hori gorra dela, eta, beraz, zerbitzu berezia eskaintzen diote automatikoki. Hortxe dago gakoa: gorra den pertsona hori bere autonomia erkidegotik kanpo baldin badago, larrialdietara deituz gero, ez da dagoen lurraldeko erregistroan azaltzen, eta, ondorioz, ez du zuzenean jaso beharreko zerbitzu hori izaten.

2007. urtean jarri zuen martxan sistema hori Espainiako Gobernuak. SMS mezu laburren bidez gauzatzen da: lehenengo mezuan, operadoreak jakinarazten dio deitu duenari larrialdi zerbitzuekin harremanetan dagoela; ondoren, azaldu behar du sute, arazo polizial edo gaixotasun batengatik deitu duen, eta, jarraian, non gertatu den adierazi. Gainera, operadoreak jakin ahal izango du deia egin duena zehazki non dagoen, sakelakoak dituen hedagailu bitartez. Bukatzeko, laguntza eske deitu duenak mezu bat jasoko du esanez beharrezko laguntza —Polizia, anbulantzia, suhiltzaileak edo dena delakoa— bidean dela.

Euskal Herriko gorren elkarteak bat datoz Cermik egindako baieztapenekin, eta nabarmendu dute gaur egun lurraldeetan erabiltzen diren metodoak ez direla behar bezain eraginkorrak: «Larrialdi zerbitzuetara deitzean, mezu bat bidaltzen diete, eta mezu bidez erantzuten dute haiek ere; baina arazo asko izaten dituzte, ez baitu ongi funtzionatzen», adierazi du Sheila Garcia Arabako Gorrak elkarteko interpreteak. «Aplikazio berriak dituzte eskuragarri. Errazagoa litzateke laguntza mezu baten bitartez bidali beharrean, interprete baten bidez eskatzea. Baina ez diote lehentasunik ematen». Horretaz gain, azaldu du pertsona gorrek arazoak izaten dituztela testuak idazteko eta irakurtzeko: «Idazteko arazo handiak dituzte askok. Nabarmendu behar da keinu hizkuntza dela euren berezko hizkuntza, eta traba bat dela haientzat estutasun egoera batean idazten eta irakurtzen hastea. Mezu bat bidali behar dute larrialdi zerbitzuetara gertatzen zaiena azaltzeko, eta, gainera, sarritan erantzuna ere ez dute ulertzen».

Mendekotasunen tasunak

Bat dator baieztapen horiekin Sofia de Esteban Asorna Nafarroako gorren elkarteko koordinatzaile eta interpretea: «Gorrek ez dute autonomiarik halako egoeretan; ez dute denbora nahikorik laguntza eskatzeko, oso urduri jartzen dira, eta, askotan, beste pertsona baten beharra dute larrialdietara deitzeko. SMS zerbitzua moldaketa bat da, baina ez dut uste behar bezain eraginkorra denik». Estebanek ere aplikazio berri baten beharra ikusten du, eta gehitu du «praktikoena bideo dei» baten bitartez komunikatzea litzatekeela; horrela, keinu hizkuntzaren bidez helaraziko lukeelako gorrak esan nahi duen hori.

Bestalde, pertsona heldu asko ez daude aipatutako larrialdietako zerbitzuetan erregistratuta. Izan ere, zailtasun handiak dituzte idazteko, baita sakelakoa erabiltzeko garaian ere. «Askok ez dute sakelakorik. Idatzizko maila baxua dute, eta ez dute mezu bat bidaltzeko gaitasunik», erantsi du Estebanek. Garciak ere azaldu du jende heldu dezente joaten direla euren elkartera laguntza eske, sarritan ez baitituzte jasotako gutunak eta halakoak ulertzen.

Ez da lan samurra, beraz, jakitea zenbatek behar duten larrialdietara deitzeko zerbitzu berezi hori. SOS Nafarroaren datuen arabera, 2.216 gor daude egun Nafarroako larrialdietan erregistratuta. Horietako 1.121 gizonezkoak dira, eta 1.095, emakumezkoak. Gehienek 45 eta 64 urte artean dituzte —734k, alegia—; 77 adingabeak dira.

112 zenbakiaren kudeaketa

Hego Euskal Herri osoan, ordea, larrialdi deien kudeaketa ez da bera izaten. Nafarroan larrialdi guztiak zentro berean kudeatzen dituzte, baina Arabari, Gipuzkoari eta Bizkaiari dagokienez, Bilbon dago egoitza nagusia: bertan erantzuten diete dei guztiei, eta, ondoren, gainontzeko lurraldeetan dituzten koordinazio zentroetara bideratzen dituzte. Horrenbestez, koordinazio zentro horietatik jartzen dira harremanetan deia egin duen pertsonarekin, eta handik bideratzen dute beharrezko laguntza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.