Irabazi eta Podemos, espazio berean lehian

Esanak esan, mesfidantzaz begiratzen diote elkarri. Europako hauteskundeetako emaitzek eta azken hilabeteetako inkestek lehia gogorra aurreikusten dute «bosgarren espazioko» alderdien artean.

Jokin Sagarzazu -

2014ko azaroak 18
Urriaren 20an aurkeztu zuten Irabazi plataforma Ezker Anitzak, Equok eta Alternativa Republicanak, eta orduan azaldu zuten «pertsona eta talde guztiekin» hitz egiteko prest zeudela, «baita Podemosekoekin ere». Halakorik ez da gertatu, eta badirudi ez dela gertatuko. «Ez dugu ikusten guretzako aukera bat denik», azaldu dio BERRIAri Lander Martinez Podemoseko bozeramaileak.

Sortu diren herri batzordeen kopuru «zehatzik» ez duela dio Isabel Salud Ezker Anitzako koordinatzaileak, baina, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan ez ezik, Zumarragan, Pasaian, Irunen, Eibarren, Durangon, Santurtzin eta Barakaldon —«hiri handietan»— plataformak sortu dituztela azaldu du. Hautagaien zerrendak osatzeko prozesuari buruz ez dutela urratsik egin dio, eta azpimarratu du hori nola egin herrietako batzarrek erabakiko dutela. Ziurtatu du, halere, Irabazi sustatu duten alderdiek ez dutela esku hartuko ez batzarren antolaketan ez hautagaien aukeraketan. «Behetik gora erabakiko da dena». Zerrendak osatzeko «fasea» urtarrilean hasi nahi dute.

Ordurako zehaztua izango dute euren jarrera Podemosekoek. Baina beren markarekin ez direla aurkeztuko, hori jada erabaki dute. Eta ia ziurra da Irabazin ere ez dutela parte hartuko. «Hasieratik esan dugu ez garela joango alderdi edo sigla sorta batean. Guretzat garrantzitsua da hautagaitza batean joateko egiten diren bilera guztiak irekiak izatea».

Udalei begira, herri hautagaitzak babestuko dituzte —parte hartzen ari dira Bilbo Irabaziz plataforman, adibidez—, baina ez dute bat egingo Ezker Anitzak-eta sortutako Irabazi plataformekin. Foru hauteskundeei buruz, Martinezek azaldu du eztabaidak egiten ari direla eta «jarrera nagusia» dela alderdi gisa aurkeztea, Podemosen markarekin. Kasu horretan ere, oinarriak argi dituzte: «Zerrendak osatzeko primario irekiak egitea eta programa kolaboratiboa izatea».

Podemosekoa oso kritiko azaldu da Irabazi plataformarekin. «Kontraesan asko» ikusten ditu, eta ez du «sinesgarritzat» jotzen hiru alderdik sortzea eta gero esatea eurek ez dutela esku hartuko: «Guk ez dugu parte hartuko goitik behera sortutako plataformetan».

«Guk ez dugu dena aurretik diseinatu nahi izan; ez dugulako jendea engainatu nahi», erantzun die kritikei Saludek. Hark dio Irabazi plataformaren sorreran hiru alderdi egoteak ez duela proiektuaren izaera desitxuratzen. «Herri plataformak dira gure oinarria, baina alderdi politikoen beharra aldarrikatzen dugu. Bateragarriak dira, eta beharrezkoak sistema demokratiko batean», azaldu du. «Podemosek ere alderdi egitura izango du, ezta? Ez ditut ulertzen kritika horiek».

Saluden hitzetatik ondoriozta daiteke Irabaziren egituratzeak luze joko duela, eta denboran bat egingo duela Podemosen prozesuarekin. Martinezek azaldu duenez, behin «estatu mailako» eratze prozesua amaituta, herri bakoitzean hasiko dira alderdia egituratzen, eta hori amaitutakoan, urtarrilean, gauza bera egingo dute «autonomia mailan». Argi dago jada EAEn talde bat izango dutela eta Nafarroan beste bat.

Irabaziren kasuan, herrietako plataformak sortuko dituzte aurrena, eta gero batzar horiek koordinatzeko «formula egokiena» «adostuko» dute. Saludek aurreikusten duenez, herria, eskualdea, probintzia eta erkidegoa izango dira erabaki esparruak. «Hala ere, hori zehaztea ez dagokigu alderdiei, herri plataformei baizik». Gehiago zehaztu du ideia hori: «Behetik gora eraikitzen joan beharko dugu ikuspuntu komun bat: herritik eskualdera eta eskualdetik herrialdera. Eta hiru herrialdeetarako ikuspuntu komun bat behar badugu, sortu beharko dugu egitura bat horretarako ere. Baina oinarri politiko komun batzuek batzen gaituela kontuan hartzen badugu, horrek ez du zailtasun handirik izango», ondorioztatu du Saludek.

Oinarriak vs interesak

Oinarri politiko horiek ere eman dute zeresana. Podemosek eta Ikunek salatu dute Ezker Anitzak eta Equoren ideologiek gehiegizko pisua dutela Irabazi plataforman. Hori hala dela ukatu du Saludek: «Plataformako kideak eroso dauden puntu komunak izango dira gure oinarri politikoak. Eta, erabateko akordioa ez dagoenean, demokraziak, gehiengoak erabakiko du».

Martinez ez da horretaz fio. Uste du, gainera, Irabaziren sorreran eragin handia izan dutela boto asmoek. «Beharra ikusi dute bat egiteko azkenaldian sortu diren mugimenduekin; hauteskundeei begira kalkuluak egin dituzte, eta guk ez dugu joko horretan parte hartuko», ziurtatu du Podemosekoak. «Espazio hori gurekin borrokatuko duten edo ez, hor zalantza gehiago ditut».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna