Herritarrak itsas kutsaduratik babestu nahi ditu Jaurlaritzak

EAEko Babes Zibileko Planean txertatuko du Itsasertzari buruzko plana. Helburua ez da ingurumena, herritarren segurtasuna baizik

Ibai Maruri Bilbao.
2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Itsasertzeko kutsadurak eragindako larrialdiei aurre egiteko plana onartu du Eusko Jaurlaritzak. Argi utzi du Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak: ez da ingurumenari lotutako plan bat. «Helburua ez da itsasoko kutsadurari aurre egitea, herritarrak eta haien ondasunak babestea baizik». Horregatik, Babes Zibileko Planaren barruan txertatuko dute. Itsasertza ipini diote izena.

Sailburuak esan du ez duela loturarik Grande America ontziaren istripuak Frantziako kostalde Atlantikoan eragindako hondamendiarekin. «Lehenagotik ibili gara lantzen». Joan den urrian eman zion oniritzia EAEko Babes Zibilerako Batzordeak, herenegun Espainiakoak, eta atzo onartu zuen Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak.

Plan horren bidez itsasoko kutsadurak eragin ditzakeen larrialdiei aurre egiteko prest egongo da gobernua. Baina baita Jaurlaritzak Bizkaian eta Gipuzkoan kudeatzen dituen hamabost portuetan edo Espainiako Estatuak dituen bietan izan daitezkeen istripuetarako ere. Bermeoko gas plataforma ere kontuan hartu dute. Eta ibaietan egoten diren isuriek ere larrialdi egoerak sor ditzaketela ohartarazi dute.

Planak bi jarduera eremutan banatu du kostaldea: Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa. Arriskuen analisia egin dute; besteak beste, baldintza meteorologikoen, ozeanografikoen eta ingurumenekoen araberako kutsadura arriskuak hartu dira kontuan horretarako. Horrez gainera, kostaldeko azpiegituren ezaugarriak eta horien baldintza operatiboak ere aztertu dira, eta eremurik kalteberenak identifikatu dira. Arriskuaren arabera, planaren zein fase ipiniko den martxan ere zehaztu dute.

Sailburuak aitortu du ez direla ohikoak plan hau martxan jarri beharra eragingo luketen egoerak. «Baina komeni da badaezpada prest edukitzea; zein baliabide ditugun jakitea; larrialdi egoera sortzen bada, aurre nola egingo zaion zehaztuta edukitzea; komunikazioa eta koordinazioa nola egingo den definituta izatea; eta sor daitezkeen kalteak nola kudeatuko liratekeen jakitea». Planak diputazioei eta kostaldeko udalei ere eragingo die. Horregatik, datorren ostiralean guztiekin bilduko da Jaurlaritza, zehaztasunak emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.