Zohar Chamberlain. Rumbo a Gazako aktibista

«Gazara itsasontziz iristea ez da delitua»

Martxoan ontziratu ziren Rumbo a Gazako aktibistak Al Awda, Freedom eta Falestine ontzietan. Lehen biak joan den astean iritsi ziren Gazako kostaldera, eta Israelgo poliziak bahitu zituen. Batzuk kartzelan daude.

RUMBO A GAZA.
2018ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun

Zohar Chamberlain 1970ean jaio zen Nazareteko Kibutz batean, Israelen. Hamalau urte daramatza Espainian bizitzen, eta palestinarren eskubideen alde borrokan dihardu Rumbo a Gaza (Gazara Bidean) taldearekin batera. Martxoan hiru itsasontzitan banatu eta Gazarako bidea egin zuten blokeoarekin amaitzeko, eta Palestina «askatzeko betebeharra» aldarrikatzeko. Duela astebete Gazako kostara iristen ari zirela Israelgo indarrek atxilotu zituzten, eta uztailaren 30ean askatu zuten Chamberlain. Gaur iritsiko da Espainiara.

Rumbo a Gaza sortzeko ideia nondik sortu zen?

Flotillen Nazioarteko Batzordeak indarkeriarik gabeko ekintza zuzenak egiten ditu Israelek eragindako Palestinaren okupazioa eta Gazako blokeoa salatzeko. Giza eskubideen aurkako krimen horiek salatzen dituzte zenbait herrialdek, baina ezer gutxi egiten dute Israel behartzeko hori guztia deseraikitzera. Guk, itsasontziak hartu, eta Gazarako bidea egitea erabaki genuen, Gazako biztanleen mugimendurako eskubidea aldarrikatzeko, bai eta nazioarteak Gazarekin harremanak izateko duen eskubidea aldarrikatzeko ere. Horrela nazioarteko agintariei eta edozein herritako biztanleei mezua bidali nahi diegu: Gazako eta Palestinako biztanleen giza eskubideak babestea denon betebeharra da.

Gazan indarkeriak gora egin du martxoaz geroztik, baina zuek aurrera jarraitu duzue proiektuarekin.

Israelgo Segurtasun indarrek bortizkeriaz hartu gintuzten. 2010ean Gazara blokeoa amaitzera joandako flotillan hamar pertsona hil ziren, baina Gazako biztanleek egunero duten egoerarekin alderatzen badugu, aktibistok jasandako tratu txarrak ez dira ezer. Nazioartean aspertuta daude Palestinaren gaiarekin; hedabideek jada ez dute informazio askorik ematen, baina guri ez zaigu axola hiltzea Palestinan gertatzen dena grabatuta geratzen bada. Munduak jakin behar du zer gertatzen ari den.

Zu Israelgoa zara, ordea. Gainontzeko kideak bezala tratatu zaituzte Israelgo indarrek?

Ni denbora gutxiz eduki ninduten preso. Ez zaie interesatzen israeldarrak epailearen aurrera eramatea. Gazara ontziz iristea ez da delitua, nahiz eta Israelek hori saldu nahi digun. Uretan bahitu gintuzten, eta gero Israelera eraman. Ondoren, Israelen leporatu ziguten modu ilegalean herrialdera sartu izana. Jakina, horrek ez du inolako zentzurik, eta epailearen aurrean ere argudio horrek ez du balio. Beraz, orri bat sinatu eta aske utzi ninduten.

Israelen badute zuen ekimenaren berri?

Orain, Israelen nago senitartekoekin. Pena da, baina esaten didate gure mezua ez dela iristen Israelera. Gustatuko litzaidake hemengoak ere konturatzea Gazan pertsonak bizi direla: haurrak, emakumeak, adinekoak... Palestina historikoa itzuli beharko liekete, edo gutxienez onartu beharko lukete giza eskubideak zapaltzen ari direla palestinarrei. Juduek asko sufritu dute, eta horregatik jakin beharko lukete ezin dela giza talde bat hil edo leku batetik bota. Niretzat, israeldar gisa, oso garrantzitsua da Palestinari etorkizun duin bat ematea, Israelgo biztanleen duintasuna horren baitan baitago. Beraiek ez dute horrela ikusten, ordea. Bai palestinarrek bai Nazio Batuen Erakundeak errefuxiatuen itzultzeko eskubidea aldarrikatzen dutenean uste dute Israelen existentzia dudan jartzen ari direla, eta hori da arazorik handiena. Guk lanean jarraituko dugu palestinarrei mezu hau bidaltzen: ez zaudete bakarrik, eta denon artean justizia egingo dugu.

Nola konpon daiteke Israelen eta Palestinaren arteko gatazka?

Palestinarren eskubideak errespetatzean dago giltza: itzultzeko eskubidea, mugitzekoa, lurrak itzultzea... Kolonizazioa amaitu behar da finean. Eskubideak errespetatuta, bi herriek hitz egin beharko lukete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.