Arrate Arin. Arlo sozioekonomikoko arduraduna Eusko Ikaskuntzan

«Konfiantza esparruak eratzeko gai izan gara»

Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko kongresuaren laugarren saioa egingo dute gaur Bilbon. Garapen sozioekonomikoa dute gogoetarako gai, eta pozik daude, lanketa guztian ideologia aniztasuna ikusi delako.
JON URBE / FOKU

Irune Lasa -

2018ko azaroak 9
Galtzak bete lan dabiltza egunotan Eusko Ikaskuntzan. Erakundea bere mendeurreneko kongresuaren saioetan dabil jo eta su. Kongresua urriaren 5ean abiatu zen Baionako saioarekin, eta gaur, ostiralez, Bizkaira iritsi da. Garapen Sozio-Ekonomikoa: Euskal Gizartea eta Enpresa izenburua duen saioaren zuzendari zientifikoa Angel Toña izan da, eta harekin batera aritu da orain arteko lanketan Arrate Arin. Hizlari talde interesgarri eta zabala ariko da gogoetan gaur Iberdrola dorrean.

Kokatzeko: zer da mendeurreneko kongresu hau?

Hau ez da diziplina akademiko konkretu batzuei buruzko kongresu bat, baizik eta gizartearen erronka jakin batzuei erantzuteko egiten dugun kongresua. Jakina, horrek esan nahi du kongresu hau prozesu batetik datorrela, eta prozesu horretan lau ezaugarri nabarmendu ditugu. Horietako bat da helburu gisa hartu dutela ezagutza kolektiboari balioa ematea. Adibidez, gaur egun, arlo sozial eta ekonomikoan elkarte eta erakunde asko daude, eta bakoitzak ezagutza handia dauka bere esparruan. Hor Eusko Ikaskuntzaren egitekoa da erakunde horien arteko zubi lanak egitea eta sinergiak bilatzea. Gero, beste ezaugarri bat lurraldetasuna da. Eta horri ere balioa eman behar diogu. Ez daude erakunde asko Euskal Herri mailan ari direnak...

Euskaltzaindia eta zuek.

Hori da; Eusko Ikaskuntza da gutxi horietako bat. Horregatik, gure lanen artean jarri dugu lurraldeen arteko harreman horiek sustatzea eta sinergiak bilatzea. Eta gure gizartearen erronka horien analisian, lurraldeen arteko kohesioa nola indartu daitekeen gogoetatzen ere ari gara. Hirugarren ezaugarriari argi luzeak deitzen diogu guk. Etorkizunera begiratu nahi dugulako, baina ez garelako etorkizun hurbil bati buruz ari, baizik eta begirada altxatzeaz, batzuek esan dute amets egiteko edo, serioago jarrita, prospekzio lan bat egiteko. Eta une honetako lanaren azken ezaugarria da analisitik proposamenetara pasatzeko pausoa izatea.

Baionan, Gasteizen eta Iruñean egin dituzue saioak.

Gizartearen erronka horietan, gai bakoitza lurralde bati esleitu zaio, asmoa pixka bat izan da bertako agenteak mobilizatzea. Eta dena leku guztietan ezin genuenez aztertu, formula hori bilatu dugu. Eta uste dugu nahiko ondo atera dela; lurralde guztietan gai bat landu da, lurralde bakoitzean gai bat.

Gaur Bilbokoan, garapen ekonomiko eta sozialaz hitz egingo duzue. Hiru dira hausnarketarako gai nagusiak.

Lehenengo gaia hau da: Ongizate eredu propio baten bila. Hori jorratuko dugu ulertzen dugulako hori dela garapen sozioekonomikoaren helburu nagusia. Gero, horren ostean, Lurralde estrategiak eta jasangarritasuna landuko dugu. Aipatu dut lehen nola Eusko Ikaskuntzak lurraldetasunaren inguruan, lurralde kohesioan eta lurraldeen arteko sinergietan jartzen duen begirada, eta baita lurralde orekaren, trantsizio ekologikoaren eta jasangarritasunaren gaian ere. Eta hirugarren gaia: Enpresa ereduak eta lan harremanak. Hor, lan harremanetan, fokua asko jarri da enplegu eraldaketaren inguruan, digitalizazioaren eraginarekin dualizazioa etorriko den kezka hor dagoelako.

Kongresu hau garai egokian datorrela uste duzue? Azkenaldian aurrera begirako gogoeta behar hori antzematen duzu euskal gizartean?

Egia da, jende asko ari da orain hausnarketak egiten. Eta Eusko Ikaskuntzak zubi lanak egiteko bere ekarpena jarri du gizartearen esku, bakoitza bere aldetik egiten ari den hausnarketetarako bilgune izanez. Adibidez, arlo sozioekonomikoko lanketan, nahiko garbi ikusi da ideologia aniztasuna. Gai izan gara desberdinen arteko gogoetarako konfiantza esparrua eratzeko. Hori aurrera eramateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna