Estatu Islamikoa. Kalifa-herriaren lehenbiziko urteurrena

Estatu Islamikoaren infernua

Bi aste egin zituen Estatu Islamikoaren kartzela batean Yosef Abobaker siriarrak. Steven Sotloff kazetariarekin bahitu zuten, eta bizirik atera zen «infernutik».

Yosef Abobaker, Steven Sotloff kazetariaren fixer izana Sirian, Istanbulgo Meskita Urdinaren aurrean. J.M. LOPEZ.
Istanbul
2015eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Alepon Estatu Islamikoko ekintzaileen esku bizi izan zuen «infernua» ez dauka ahazteko Yosef Abobaker iheslariak. Meskita Urdinari begira gogoratu du Siriako gatazkako pasarte ilun hori, Istanbulgo kafetegi batean tea hartzen ari den bitartean: «Psikologikoki infernua da. Bakarrik zaude, eta burua etengabe biraka dabilkizu; zure txanda noiz iritsiko den galdezka beti. Noiz sartuko diren ate horretatik, zuri buruan tiro egitera. Egun bat pasatu, eta askatuko zaituztela pentsatzen duzu; baina hurrengo egunean berriro entzuten duzu nola ari diren torturatzen zugandik bi ziegatara dauzkaten presoak. Haien garrasiak entzuten dituzu. Eta une horretan berriro pentsatzen duzu ez zarela zulo horretatik bizirik irtengo».

Urte erdi baino gehiago darama Abobakerrek Turkian, iheslari gisa. 28 urteak bete berriak izanagatik, begi inguruan arrasto sakonak utzi dizkiote zimurrek, eta aspaldi hasi zitzaion ilea urdintzen. Haren begiradak dagoeneko ez du garai bateko alaitasuna islatzen: «Gerrak presaka bezala bihurtu ninduen heldu. Gizakiaren txarrena ikusi dut... baina baita onena ere».

Siriar gazte hau Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasle soil bat zen Alepon, gerra bere hirira iritsi zenean, 2012ko uztailaren 19 urrun hartan. Lehen unean matxinoekin bat egitea erabaki zuen, «hiria erregimenaren atzaparretatik askatzeko». Urte erdi baino gehiago egin zuen frontean, Baxar al-Assaden indarren kontra borrokan. «Hura ez zen niretzat. Jendea hiltzeko balio egin behar da, eta nik ez nuen balio», gogoratu du.

Abdallah lagunak bilatu zion aterabidea: Siriako gatazkaren berri ematera joandako atzerriko kazetarientzat fixer lanak egitea. «Ingelesa arin eta erraz hitz egiten zuen bakarretakoa nintzen, eta talde militarrekin kontaktuak banituen. Kazetariek nirekin etorri nahi izaten zuten», gogoratzen ditu Siriako gerra hasierako bizipenak Abobakerrek.

«Steven Sotloff izan zen nirekin lan egin nahi izan zuen kazetari horietako bat», azaldu du: «Facebook bidez jarri zen nirekin harremanetan, eta Turkiako mugara bila joateko eskatu zidan».

Ordurako, Estatu Islamikoa borrokan hasia zen Sirian, eta hilabete batzuk lehenago lau kazetari frantziar bahituak zituzten. Hala, bada, 2013ko abuztuaren 4an, Abobaker Turkiako mugaraino joan zen, eskolta armatu gutxi batzuekin, kazetari estatubatuarra jaso eta Alepora eramateko. «Azaz hiria atzean utzi bezain pronto —mugatik bertan— hiru ibilgailu hurbildu zitzaizkigun, ziztu bizian. Bik aurreratu gintuzten, eta bidean gurutzatu zitzaizkigun; hirugarrenak iheserako bidea itxi zigun». Ekintzaile armatuak jaitsi ziren hiru autoetatik: «Steven nahi zuten. Norbaitek saldu egin zuen».

Yosef Abobaker, Steven Sotloff kazetariarekin eta haien eskolta armatuekin batera, Alepo probintziako iparraldera eraman zuten Estatu Islamikoko ekintzaileek, islamistek kartzela bihurtu zuten lantegi baten barrura. «Ziega batean sartu ninduten. Eta handik entzun nezakeen nola galdekatzen zuten Steven. Ordenagailuaren pasahitzak eskatu zizkioten, posta elektronikoarenak... CIAko agentea izatea leporatzen zioten. Ez nuen berriro bizirik ikusi».

Kartzela eta torturak

Abuztuaren 19an, James Foley kazetari estatubatuarraren exekuzioa erakusten zuen bideoa zabaldu zuen Estatu Islamikoak, Mezu bat Estatu Batuentzat izenburuarekin. Eta Sotloff ageri da bideoaren amaieran, gatibu. Haren bizia Barack Obama AEBetako presidentearen esku zegoela zioen Estatu Islamikoak bideoan. Irailaren 2an agertu zen sarean Bigarren mezua Amerikarentzat: Sotloffen exekuzioa.

«Okerrena torturak entzutea zen. Goizez torturatzen zuten, arratsaldez, gauez. Eta nola oihu egiten zuten entzuten zenuen ziegatik. Garrasi hautsiak. Mina. Eta gero, azkenean, tiroa. Bazenekien dena amaitu zela, eta bi orduko tartea zeneukan lasai lo egiteko, hurrengo presoa torturatzen hasi bitartean», gogoratu du Abobakarrek, atzo gertatu balitz bezala, Istanbulgo urruntasunetik.

Bera egon zen kartzelan, kurduak torturatzen zituzten gogorren: «Txikitu egiten zituzten. Txandak ere antolatzen zituzten preso kurduak jotzeko. Batek, eta besteak, eta beste batek, kolpeka akabatzen zituzten arte». Isilune luze bat egin, eta arnasa sakon hartu du Abobakerrek, kontakizunarekin jarraitu aurretik. «Presozainak libiarrak, marokoarrak, tunisiarrak... eta siriarrak ziren. Eta, alde handiz, sadikoenak siriarrak berak ziren. Gatibuei sufriaraziz gozatua hartzen zutela ere bazirudien. Ostikoka ibiltzen gintuzten, eta janarian tu egiten ziguten».

Hainbat aldiz galdekatu zuten Abobaker gatibu egin zituen bi asteetan, ekintzaile ezberdinek. «Stevenen CIArentzat lan egiten zuen jakin nahi zuten. Nik 500 dolarren truke informazioa pasatzen niela zioten. Emakumeekin lan egiten nuen galdetzen zidaten, musulman ona ote nintzen. Eta nire erantzuna gustukoa ez zutenean, jo egiten ninduten».

Hamalau egunen buruan, bahitzaileek kanpora atera zuten. «Lurrean belauniko jarri ninduten. Akabo, pentsatu nuen, hantxe bertan hilko nindutela». Baina zoria alde izan zuen: «Presozainetako batek ezagutu egin ninduen. Elkarrekin borrokan arituak ginen. Bazekien Liwad Tawhid taldean [Estatu Islamikoaren parte gaur egun] harremanak nituela, eta ez zuten arazorik nahi».

Alde egiten utzi zieten, horrenbestez. Eta ezerezaren erdian utzi zituzten Abobaker eta eskoltak. Oinetakorik gabe. Janaririk gabe. Urik gabe. Eta zinez bete beharreko promesa batekin: «Ez nuela gehiago kazetari atzerritarrekin lan egingo zin eginarazi zidaten, hurrengoan ez nuelako halako zoririk izango».

Bizirik atera zen, baina arantza bat barreneraino sartuta dauka: «Grabatuta daukat jihadistek Steven galdekatzen zuteneko irudia. CIA edo AEBetako Gobernua nirekin harremanetan jarri izan balira, baliteke Stevenek bizirik jarraitzea. Nik banekien non zegoen, noren esku... baina inork, inoiz, ez zidan jaramonik egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.