Reala 0-1 Bartzelona

Goikoekin, nahi baina ezin

Realak ezin izan du Bartzelona mendean hartu, nahiz eta bigarren zatiko azken minutuetara arte hobea izan den. Aubameyangek egin du kataluniarren gola, lehen 10 minutuak igaro berritan

Rafael Realekoa eta Jordi Alba Bartzelonakoa lehian, atzoko norgehiagokan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Aubameyangek (11.min).

Realak hiru puntuak poltsikoratu ezinik segitzen du bera bezala sailkapenaren goialdean dauden taldeen kontra. Atzokoan 0-1 galdu zuen Bartzelonaren aurka. Bizi jokatu zuen Imanol Alguacilen taldeak, partidaren agintea izan zuen, eta merezi izan zuen gutxienez puntu bat. Baina beste behin kamuts aritu zen aurkariaren atean. Shorloth, Isak, Januzaj... abagune argiak izan zituzten, baina alferrik.

Partida hasi aurretik Realaren urrezko intsignia jaso zuen David Zurutuzak. Lehiari dagokionez zalantza zen, nork hartuko zuen zigortuta zegoen Silvaren lekua. Bada, espero bezala Januzajen aldeko apustua egin zuen Imanol ek. Baina ez zuen marrazkia aldatu, eta bi aurrelarirekin jokatu zuen: Isak eta Sorloth.

Reala ondo hasi zen presioa egiten, eta pare bat aldiz gerturatu zen Ter Stegenen atera. Erritmo bizikoak izan ziren lehen minutuak. Baina Aubameyangek lehen abisua eman zuen pase sakon on baten ostean. Remiro, ordea, ondo atera zen. Hurrengoan, ordea, ez zuen barkatu. Lehenbizi Dembelek zutoinera bidali zuen baloia. Realeko jokalariek zalantza egin zuten aldaratzearen bila joaterakoan, eta baloia Gaviri iritsi zitzaion. Hark Ferran Torresi eman zion bigarren zutoinean eta azken horren erdiraketa buruzsareetara bidali zuen Aubameyangek.

Realak ondo erantzun zuen. Baina azken pasea falta izan zitzaion arriskua sortzeko, eta lerro artean eta area ertzean min gehiago egitea. Baloia berreskuratzean oso bizi irten zen Bartzelona erasora, eta txuri-urdinek sufritu egin zuten joan-etorrian. Frankie de Jongek gertu izan zuen bigarrena 28. minutuan urrutiko jaurtiketa batean. Intentsitate handiz jokatzen jarraitu zuen Imanolen taldeak, eta baloi jabetza izanda, Bartzelona deseroso egotea ahalegindu zen. Lortu zuen, baina kataluniarrek beste aukera on bat izan ztuen, Ferran Torresek area ertzetik egindako jaurtiketa batean. Nahikoazuten bizpahiru pase Remiroren atera iristeko.

Baina atsedenaldiaren atarian Reala partida berdintzear egon zen. Sorlothek eta Isakek jokaldi ona lotu zuten, baina suediarrakbehar baino gehiago gurutzatu zuen aukerako baloia. Kamuts dabil aurrelaria, eta beste behin ikusi zen.

Bigarren zatia antzeko hasi zen. Oraingoan Sorlothek egin zuen huts bigarren zutoinean erremate argi bat. Realak bere zelaian sartua izan zuen Bartzelona bigarren zati horretan, eta Sorlothen erremate bat ondo atera zuen Ter Stegenek. Merezi zuen Realak berdinketa, beste baloi on bat geratu baitzion atezain alemaniarrak Januzaji.

Minutuak aurrera joan ahala Realak jaitsi egin zuen apur bat erritmoa eta bizitasuna, eta Xaviren taldeak gehiago izan zuen baloia. Hori baliatu zuen emaitzari eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.