Justiziaren ukenduaren esperoan

Guatemalako genozidioaren biktimek deklaratu dute, Rios Montt presente egon gabe, buruz ez dagoela-eta ondo. 1.771 indigena hiltzea leporatzen diote.

Genozidioaren biktimek martxoan justiziari buruz egin zuten nazioarteko biltzarra, Guatemala Hirian. ESTEBAN BIBA / EFE.
Jone Amonarriz.
2016ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Zauriak errespetuaren ukenduarekin sendatzen dira. Eta ukendu hori, neurri batean, justizia ere bada», idatzi zuen Carlos Martin Beristain Guatemalako Bakearen Batzordeko kideak BERRIAn, 2013an, Efrain Rios Montt diktadoreaz ari zela: 80 urteko zigorra jarri zioten genozidioagatik eta gizateriaren aurkako krimenengatik, 1.771 indigena hiltzea leporatuta. Baina Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zuen segituan, ustez prozesuan okerrak egon zirelako, eta epaiketa errepikatzeko agindu zuen. Herenegun berrekin zioten diktadorearen kontrako epaiketari, ateak itxita; ixil etniako biktimek deklaratu zuten atzo arte. Baina auzitegian ez zegoen Rios Montt; iaz mediku txosten batek ebatzi zuen buruz ez dagoela ongi eta ez dela gai epaiketara joateko.

Horrek are gehiago zaildu du justiziarako bidea, eta, Rios Monttek bezala, haren agindupean aritutako militar gehienek ere zahartzaroa eta denboraren joana dute beren alde, oso mantso baitoaz prozesuak. Baina biktimek eta senideek ez dute etsi. Han daude, epaiketaren atearen beste aldean, justiziaren ukenduaren zain. Juan Francisco Sotok hitz egin du auzi jartzaileen izenean, Caldh Giza Eskubideen Ekintza Zentroko zuzendariak: «Prest gaude berriz ere eztabaidan sartzeko. Lekukoek esan dute berriz deklaratu nahi dutela».

Efrain Rios Monttek ez du sentituko leporatzen zaizkion sarraskien oihartzunik ere. «Biktimak minez dira, diktadoreak ez dituelako entzungo haiek jasandakoak, ezta zigorra jasoko ere, beranduegi izan baitaiteke», salatu du Sotok, baina aitortu du «urrats garrantzitsuak» gertatzen ari direla indigenentzat. Urrats horietako bat da gerra zibileko sexu erasoez hartutako erabakia, Guatemalaren historian lehen aldia baita gizateriaren kontrako gerra krimentzat hartzen direla. Otsailaren amaieran, Stelmeer Reyes Giron komandante ohia eta Heriberto Veldez mandatari militar ohia 120 eta 240 urtetara zigortu zituzten, hainbat emakumeri sexu erasoak egin, hil eta desagerrarazteagatik. Epaitegiak ondorioztatu du hainbat emakume indigenari egindakoak «1980ko hamarkadan armadak herritarrak kontrolatzeko eta menperatzeko eginiko planaren barruan» daudela. Zehazki, bi gizon horiek, kitxe etniako 11 emakume bahitu, eta militar talde baten esklabo sexual bilakatu zituzten.

Nazio Batuen Erakundeko aditu talde batek «historikotzat jo» berri du epaileen erabakia. «Aurrekari garrantzitsua da emakume indigenen kontrako sexu indarkeria espresuki gizateriaren kontrako krimentzat jotzea. Dudarik gabe, bidea zabalduko du indarkeriaren biktima guztiei gertatutakoa aitortzeko».

Txostenaren arabera, 1982 eta 1983 artean, emakumeok bahitu egin zituzten, haien senitartekoak hil ondoren. Sepur Zarco eremu militarreko soldaduentzat kozinatzen zuten, arropa garbitu, eta, bien bitartean, sexu abusuak jasaten zituzten. Bortxaketak ohiko praktika bilakatu ziren armadan: gerrillarientzat ustez egokiak zirela erabakitzen zuten eremuetan, denetarik egiten zuten hango biztanleen kontra. Auziaren erabakiak dioenez, emakumeak taldean bortxatzen zituzten, biluzik haien aurrean dantza egin ondoren. Prozesuak iraun duen lau hilabeteetan, gertatutakoaren xehetasunak eman dituzte biktimek, kitxeeraz.

Urte hasierak beste epaiketa bat ere ekarri zuen, mugarria genozidioaren biktimentzat. Hemezortzi pertsona atxilotu zituzten, eta, horietako hamalauren kasuak aztertu ostean, 11 auzipetzea erabaki zuten.

250.000 hildako eta ia 50.000 desagertu utzi zituen 1960. eta 1996. urteen bitarteko gerrak, eta Sotok ohartarazi du Guatemalak «zor handia» duela justizia eta memoria historikoaren alorrean. «Gertatutakoa errepikatzeko arriskua dago gerrari buruzko eztabaida sanoa egiten ez bada eta gainditzeko mekanismoak martxan jartzen ez badira». Izan ere, abenduan beteko dira hogei urte bake prozesua abiatu zutela, baina zauriek itxi gabe eta errudunek gertatutakoa aitortu gabe jarraitzen dute, gehienak kalean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.