Alcoyano 1-2 Athletic

Zertarako aldatu, balio duena bada

Athleticek aurrera egin du Espainiako Kopan, Alcoyano menderatuta. Aurreko kanporaketako gidoia izan du neurketak, eta markagailua iraulita lortu du sailkatzea

Asier Villalibre, Alcoyanoko jokalari batekin lehian. Gernikarrak egin zuen Athleticen lehen gola. MANUEL LORENZO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Carbonellek (39. min.).1-1: Villalibrek (52. min). 1-2: Williamsek (78. min).

Athleticek Espainiako Kopako final-laurdenak jokatuko ditu.Zuri-gorriek aurreko kanporaketako lezioa ikasita jokatu zuten Alcoyanoren aurkako partida, eta ordukoan aurrera egiteko baliatu zuten eskema errepikatuta lortu dute lehiaketan segitzea.

Marcelino Garcia Toral entrenatzaileak lehengoari eutsiz egituratu zuen bai neurketa, baita taldea ere. Sarrien aritzen ez diren zenbait jokalari ezarri zituen hamaikakoan, eta hori baliatu nahi izan zuen bi maila beherago ari den talde bat mendean hartzeko. Eivissaren aurka eskas hasi zen taldea, eta atzokoan ere okerretik ekin zion neurketari. Makal aritu ziren zuri-gorriak lehendabiziko zatian, apal. Arriskurik ez zuten sortu bisitariaren atean, eta horrek patxadaz aritzea ahalbidetu zion etxeko taldeari.

Alcoyanok Athleticen bizkar utzi zuen jokoa antolatzearen zama, baina aldi berean ondo kokatu zen defentsako lanerako. Gisa horretara orekatu zuten dema Herrialde Katalanetakoek, kamustu egin baitzuen Athleticen erasorako gaitasuna. Baloiaren jabetza izateak ez du beti nagusitasuna bermatzen, eta horixe gertatu zitzaien Marcelinoren jokalariei.

Lehen ordu erdian, bi taldeak aldi bakanetan izan ziren arerioa estutasunetan jartzeko gai. Zuri-urdinek bere lekua aurkitu zuten minutuek aurrera egin ahala, ordea, eta geroz eta min arrisku gehiago sortu zuten Jokin Ezkietak zaindutako atearen inguruan. Harik eta 39. minutua ailegatu zen arte; area ertzean aldeko falta bat izan zuen Alcoyanok, eta errealitate bihurtu zuen ordura arte desio zena: atera jaurti zuen, ezkerrez, eta nahiz Ezkietak baloia ukitu zuen, ezin izan zuen geratu. Irabazten hasi zen Bigarren B mailako taldea.

Atsedenaldira heldu artean bi areatara joan eta etorri ibili zen baloia, baina markagailuak bere horretan segi zuen. Aurreko kanporaketan nola, gisa bereko talde baten aurka neurketa irauli beharrean zen Athletic.

Marcelinok ageriko utzi zuen orduko lezioa bereganatu zuela. Eivissan egindako aldaketa berberak egin zituen bigarren zatia hasterako; Iker Munian eta Raul Garcia zelairatu zituen, aurreko aldiaren une berean; 46.ean sartu ziren orduan ere.

Asmatu zuen teknikari espainiarrak. Pixkanaka, Athleticek aurrerako urrats bat egin zuen berdegunean, eta berandu baino lehen heldu zitzaion indarrak orekatzeko tenorea. Asier Villalibrek 52. minutuan banako berdinketa egin zuen.

Hortik aurrera, joko ideia argiago batekin aritu zen Bizkaiko taldea. Final-laurdenak xede, ordura arteko presa guztia joan egin zitzaion Athletici. Gaitasun tekniko nahiz fisiko handiagoa duenaren jakitun, denbora igaroa ahala talde bakoitzaren maila ageriko geratu zen.

Zer esanik ez Marcelinok ostera kaiera zaharrari heldu eta IƱaki Williamsi ordu erdi pasaz aritzeko modua egin zion. Hain justu, final-zortzirenetako hurrenkera berean egin zituen aldaketak, etabaita minutu berean ere, gutxi-gehiago.

Funtzionatzen duen hori bere horretan uztea komenigarria ei da. Horixe pentsatuko zuen Athleticen prestatzaileak Alcoyanoren zelaian. Bada, bete-betean jo zuen. Williams bera izan zen zuri-gorrien bigarren gola egin zuena.

Zuri-gorriak nagusi izan ziren bigarren zatian, eta horixe islatu zuen markagailuak. Memoriaren garaipena izan zen; hartu aurreko aldian balio izan ziona, eta huraxe errepikatu. Sarri, aurkariari erreparatu gabe norberaren indarguneak lantzea nahikoa baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.