Alaves 1-0 Elx

Arnasaldisakona

Alavesek bigarren garaipena kateatu du, Elxen aurka, Loumen gol bati esker. Jaitsieratik irten da behin-behinean

Alaveseko jokalariak, partidako gol bakarra ospatzen, Mamadou Loumek sartutakoa. DAVID AGUILAR / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Loumek (47. min). Epailea. Estrada Fernandez. Txartel horiak: Alaveseko Ximo Navarrori; eta Elxeko Rocori. Bestelakoak. 10.206 ikusle Mendizorrotzan.

Lau egun, sei puntu. Bat-batekoa izan da Alavesen erreakzioa. Galbidean zegoen, baina halako batean, zulotik ateratzea lortu du. Larunbatean Cadizen zelaian nagusitu zen, eta atzo, Elx hartu zuen mendean, Mendizorrotzan. Mugarri izan daitekeen garaipen horietako bat izan zen, bolada on bat abiatzeko balio duelako, baita behin-behinean jaisteko postuak atzean uzteko ere. Sakon hartu du arnasa Javi Callejaren taldeak.

Jokoaren alde estetikoa alde batera utzi zuen berriro, eta norgehiagoka fisikoa proposatu, hamaikakotik hasita: Moya eta Manu Garcia aulkian utzi zituen Callejak, Pina eta Pons zelairatzeko. Kataluniarra euskarrien aurretik ipini zuen, presioan kosk egiteko. Lejeunek ere hasieratik aritzeko aukera jaso zuen, Miazgaren kaltetan.

Arabarrek ez zuten baloia kontrolpean edukitzeko interesik, eta lehen ordu erdian, jabetza Elxena izan zen nabarmen: ia %70ekoa izan zen batzuetan. Alabaina, kanpokoek ez zuten zirrikiturik topatu Alavesen egitura trinkoan. Aukerak tantaka iritsi ziren, eta Alavesek izan zuen aurrenekoa, 10. minutuan: Ponsek lerro arteko pase zorrotza eman zion Joseluri, baina oker jaurti zuen aurrelariak.

Elxek bi jokalari zituen aurrean, Boye eta Lucas Perez. Galiziarra Mendizorrotzara itzuli zen, Alavesetik atzeko atetik atera ondoren. Han eta hemen agertu zen, arabarren amarauna apurtu nahian, eta haren oinetatik igaro zen Elxek lehen zatian izan zuen jokaldirik arriskutsuena: baloia area ertzean kontrolatu, eta Boyeri pasatu zion, hark atera jaurti zezan. Ona izan zen errematea, atzelariz inguratuta egonagatik, baina ez zuen Pacheco gainditu.

Berehalakoa izan zen etxekoen erreakzioa, Ximok eta Ponsek izan zuten aukera bikoitzarekin. Dena Riojaren jokaldi on batekin hasi zen. Sigi-saga egin, eta erdiraketa bikaina bidali zuen bigarren zutoinera. Han bakar-bakarrik agertu zen Ximo, baina burukada gelditu egin zion Casillak. Aldaratzea Ponsek jaso zuen, area barruan, eta zartakoa zutoinetik gertu irten zitzaion.

Lehen zatia erasokorrago bukatu zuen Alavesek, eta bigarrenari abaila batean ekin zion. Hasi eta berehala, sukalderaino sartu zen Pellistri, eta gola eskura eman zion Joseluri. Hark, ordea, ez zuen baloia behar beste gurutzatu; bi gol sartu zizkion Cadizi, baina atzo ez zen horren fin ibili ate aurrean. Loumek ordeztu zuen golegile lanetan, 47. minutuan, korner bat baliatuta. Laguardia izan zen baloia ukitzen aurrenekoa, lehen zutoinean, eta Loumek indarrez sareratu zuen baloia. Arbelean marraztutakoa gauzatu zuten Callejaren mutilek.

Lehia hautsi ostean, markagailuari eusteko garaia zen. Lerroak asko atzeratu zituzten, arean zokoratuta gelditzeraino. Askorik ere ez zuten sufritu, eta erasora jotzeko aukera batzuk ere izan zituzten. Alta, arnasa eten zitzaien falta batean Carrillok baloia sareratu zuenean. Jokoz kanpokoa eskatu zuten gola jaso orduko, eta VARak arrazoia eman zien. Ondoren, Pachecok min hartuta utzi behar izan zuen zelaia. Berriz ere, korapiloa eztarrian. Zazpi minutukoa izan zen luzapena, baina Alavesek izan zuen aukera bakarra. Edgarrek kale egin zuen, baina arabarrek ez zuten gol gehiago behar izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.