Une gozoan segitu nahi du

Athleticek Sevillaren zelaian jokatuko du gaur. Vivian eta Yuri ez daude jokatzeko moduan, baina ez da espero Valverdek aldaketa askorik egitea

Athleticeko jokalariak, iragan jardunaldian, Almeriaren aurka lortutako garaipena ospatzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Oso aldarte desberdinean dauden bi taldek neurtuko dituzte indarrak gaur Sevillako Sanchez Pizjuanen. Etxeko taldea azken denboraldietako garairik zailenean dago. Ligan beheko postuetan dago, eta oin eta erdi dute Txapeldunen Ligatik kanpo. Hala, asteazkenean kendu zuten kargutik Julen Lopetegi, eta herenegunaurkeztu zuten haren ordezkoa: Jorge Sampaoli. Kontrako egoeran dago Athletic:aparretan. Geraezin dabil denboraldi hasiera honetan, ikusgarri jokatuz eta golak sartuz. Hamasei daramatza alde, eta lau kontra. Hirugarren dago sailkapenean Ernesto Valverderen taldea, Txapeldunen Ligako postuetan. Bolada ona luzatu nahi du.

Ligan, 21 puntutik bost baino ez ditu eskuratu Sevillak. Baina Valverde zuhur mintzatu zen atzo, partida aurreko prentsa agerraldian. «Denboraldi hasiera zaila izan dute. Gorago egoteko moduko multzoa izateaz gain, entrenatzaile berria iristen denean jokalariak beti daude motibatuago. Adi egon beharko dugu. Irabazteko asmoarekin aterako gara hasieratik. Partida gogorra izango da. Beti kostatu izan zaigu han irabaztea».

Valverdek ez du espero Sevillak asko aldatuko duenik jokatzeko era. «Agian, gauza txikiren bat aldatuko du. Baina ez du ia denborarik izan horretarako». Aurkarian bainoago, bere taldean jarri du arreta. «Orain arte egindakoari segida eman nahi diogu». Gaur ere ez dira jokatzeko moduan Yuri Berchiche eta Daniel Vivian. Biak min hartuta daude. «Laster» jokatzeko moduan egotea espero du Valverdek. Hala, aldaketa gutxi egingo ditu hasierako hamaikakoan. Bakarrenetako bat izan daiteke Mikel Vesgak Dani Garciaren lekua hartzea.

Sevillaren ostean, eta Qatarko Munduko Kopa dela-eta izango den etenaren aurretik, egutegi gaiztoa du Athleticek. Atletico Madrilen, Bartzelonaren eta Vila-realen aurka jokatu beharko du, besteak beste. Baina baikor dago Valverde. «Aurkari gogorrak izango ditugu aurrean. Baina gogotsu eta animoz gaude».

Sampaolik nabarmendu zuen Athleticentzat «deserosoa» izango den partida bat egiten saiatuko direla. «Athletic sasoi betean dago. Baloia guk edukitzen ahalegindu behar dugu, eta haiei kontraerasoan ateratzea eragozten».

SEVILLA-ATHLETIC
Sevilla. Bono; Montiel, Jose Angel Carmona, Gudelj, Acuña; Delaney, Joan Jordan; Lamela, Isco,'Papu Gomez eta En-Nesyri.
Athletic. Unai Simon; De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez, Lekue; Vesga, Sancet, Muniain; Nico Williams, Berenguer eta Iñaki Williams.
Epailea. Jesus Gil Manzano.
Lekua. Sanchez Pizjuan.
Ordua. 18:30, La Liga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.