Eibar 3-2 Sevilla

Garaiz itzuli da itzala gorputz ondora

Eibarrek ligako lehen garaipena lortu du, Sevillaren aurka, Ipuruan, lehen zatiko 0-2koa irauliz. Azken 25 minutuetan sartu ditu hiru golak, joko onaren eraginez

Aitor Manterola Garate.
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Ocamposek (11. min.). 0-2: Oliver Torresek (33. min.). 1-2: Orellanak (penaltiz, 65. min.). 2-2: Pedro Leonek (77. min.). 3-2: Jose Angelek (82. min.). Epailea. Gonzalez Fuertes. Txartel horiak: Eibarreko Arbilla, Oliveira eta Expositori; eta Sevillako Escudero, Jordan,Diego Carloseta Gudelji.Bestelakoak. 5.434ikusle Ipuruan.

Zaila da sinestea atzo Ipuruan jokatu zuen Eibar talde bat eta bakarra denik. Lehen zatikoak itzal bat ematen zuen, Sevillakoen itzalen bila, alderrai, leku guztietara berandu iritsiz. Bigarren zatikoak, aldiz, betiko Eibarren itxura izan zuen, eta, azken ordu erdian, jan egin zuen aurkaria, askotan edozein bisitarirekin egin ohi duen moduan Ipuruan.

Eskerrak aspaldiko Eibarrik eskasena gai izan zen ohiko talde zail eta borrokalari bihurtzeko, lehen zatian laino beltzetan beltzenak ageri baitziren Ipurua gainean. Bi puntuko uzta mehea zuen taldeak partida hasi zenean, eta atsedenaldiko 0-2ko emaitzak etsipen aurpegiak utzi zituen harmailetan. Handik 45 minutura, bestelako itxura zeukaten aurpegi horiek, eta eskerrak. Orain, bost punturekin, zulotik atera da Eibar, eta liga honetako lehen garaipen honek sekulako balioa dauka. Puntuengatik eta irabazteko moduagatik, joko txar-txarrari buelta emateko gai izan baitzen taldea. Bizirik da.

Hasierako hamaikakoan, espero ez zen aukeraketa egin zuen Mendilibarrek [atzo bete zituen 200 partida Lehen eta Bigarren Mailan]: Arbilla jarri zuen eskuin hegalean, Oliveira eta Ramis erdiko atzelari zirela. Orain arte titular izan den Tejero harmailan utzi zuen. Zelai erditik aurrera, aldiz, ez zen ezusterik izan, eta Quique bakarrik utzi zuen aurrealdean Zaldibarko entrenatzaileak, Orellana atzetik zuela. Sevillak azkar ikusarazi zuen zerbaitek huts egin zuela Eibarren estrategian. Aurkariak atzetik baloia ateratzen zuenean ibili zen gehienbat berandu eta galduta etxeko taldea. Nahi bezala hausten ari zen presioa Julen Lopetegiren taldea: zelaiaren barrualdeko leku batera erakarri aurkariak, eta handik azkar zabaldu hegaletara, ia beti eskuinera.

Handik egin zion txikizioa Sevillak lehen zatian. Eibartarrak beti berandu ari ziren iristen leku guztietara defentsako lanean, eta, lehen 26 minutuetan, bost aukera on egin zituen kanpoko taldeak. Haietako bat barrura bota zuen Ocamposek, 11. minutuan, minutu bakar bat jokatzeko moduan ez dagoen Ramisen huts larriak hasiera eman zion jokaldian. Kolpe gogorra izan zen etxekoentzat, eta, buruan argiren batzuk itzali balitzaizkie bezala, erabat ezezagun bihurtu zen Eibar: presioan galduta, baloi errazak kanpora botaz edota aurkariari emanez, bigunak lehietan...

Mendilibarrek ere ikusi zuen zelai erdian beste zerbait edo norbait behar zuela, eta, 32. minutuan, Inui kendu zuen, Escalante sartzeko. Euskarri batekin eta bi erdi puntakorekin Sevillaren hirukoa geratu nahi zuen, Fernandok, Banegak eta Eibarreko jokalari ohiak, Jordanek, osatzen zutena. Baina usteak erdia ustel. Izan ere, minutu bat geroago, berriz ere eskuinetik, Jose Angelen defentsako gabeziak oso agerian utziz, Sevillak jokaldia landu zuen, eta Oliver Torresek gainditu egin zuen Dmitrovic. 0-2koarekin, Eibar itzal erabatekoa bihurtu zen. Lehen zati osoan, etxekoek ez zuten aukera erdi bat ere egin, eta galarazi ere ez aurkariari haren jokoa egitea.

Azken ordu erdian, sua

Mendilibarrek Ramis utzi zuen aldagelan atsedenaldian; Arbilla atzealdeko erdira ekarri zuen, eta De Blasis jarri eskuin hegalean. Baina alferrik. Taldeak indarrik eta federik gabe segitzen zuen. Bitartean, Sevillak, nahita edo nahi gabe, akatsa egin zuen: atzean sartu zen, baloia etxekoei emanez. Armaginak hasieran baldar eta argitasunik gabe ibili baziren ere, hartu zioten trukoa jokoari, eta, 55. minututik aurrera, erdiraketak egiten hasi zenetik, Sevilla haren zelaian sartu zuen preso.

Esnatu egin zen taldea, sinesten hasi, eta Orellanaren golak, penaltiz, 65. minutuan, piztu egin zituen itzalita zeuzkaten argi guztiak. Ahal zutela sinetsi, eta gero eta joko hobea eginez hasi zen taldea. Sevillak opari galanta egin zuen 77. minutuan, eta Pedro Leonek dotore berdindu zuen lehia.

Onena etortzeko zegoen, baina. Handik bost minutura, Jose Angelek faltaz 3-2koa egin zuen, eta korapilo guztiak askatu zituzten Ipuruako guztiek: jokalariek, Mendilibarrek eta laguntzaileek, zaleek eta agintariek. Gorputzak garaiz jaso zuen alderrai zebilen itzala albora, eta Eibar ezezaguna ezaguna da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.