Sinkronizazioaren irakaspena

Euskal Herriko Gazte Orkestra neguko egonaldia egiten ari da egunotan Eibarren, 50 musikarirekin; Chaplinen 'City Lights' filmari musika jartzea dute erronka.

Euskal Herriko Gazte Orkestrako musikariak Eibarren ari dira prestatzen neguko lanaldia. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Eibar
2015eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Biolina kutxatik atera, eta afinazio puntu egokia doitzen ari da Mirari Etxeberria(Donostia, 1998). Eibarko hezkuntza esparruan igaroko ditu datozenegunak, Euskal Herriko Gazte Orkestrako beste 49 musikarirekin batera. Juan Jose Ocon orkestra zuzendariak gidatuko ditu jardunaldiok. Helburua bat eta zehatza dute: Charles Chaplinen City Lights filmeko musika zuzenean interpretatzeko gai izatea.

Film bati inoiz musika jarri gabekoa da Etxeberria. Donostiako musika eskolan da ikasle, eta goi mailako musika ikasketak egin nahi lituzke, ondoren, ahal izanez gero, orkestra bateko kide izateko. «Hori zoragarria litzateke». Bide hori egiteko urrats garrantzitsutzat dauka EGOrekin jardunaldietan parte hartzea. Chaplinen filma osorik ikusi gabe dauka, zatika bai, ordea. «Gaur egingo dugu lehen entsegu orokorra. Partzialki partiturak eta notak landu ditugu, baina orain dator zailena; irudiei musika jartzea eta sinkronizazio erabatekoa lortzea». Erabat ados dago horretan Ocon orkestra zuzendaria: «Kontzentrazio lan handia eskatzen dio musikariari film bati zuzenean musika jartzeak. Film honek 86 minutu ditu, eta intentsitate handia behar da. Musikari gazteek hori lortzen badute, gero erraz joko dute Beethovenen Bederatzigarren sinfonia». EGOren hemezortzi urteko ibilbideko azken hamaseietan zuzendari izan da Ocon. «Gazteekin lan egitea plazera da beti. Murrizketak direla-eta ez dago erraz behar beste lan egiten beraiekin, baina gazteengatik edozer egingo nuke». Egunero sei ordutik gorako lan saioak egingo dituzte obra prestatzeko; urtarrilaren 3an izango dute lehen zuzeneko emanaldia, Donostiako Viktoria Eugenian. Urtarrilaren 4an Gasteizko Principal antzokian ariko dira, eta urtarrilaren 5ean, Bilboko Euskalduna jauregian. Hiru kontzertuak 20:00etan hasiko dira. Leihatilarako propio gorde beharreko sarreren salbuespenarekin, gainerako guztiak salduta dauzkate.

Orkestra zuzendariaz gain, lau irakasle izango dituzte musikari gazteek egunotako jardunaldietan: EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kide Catalin Bucataru izango da biolin irakaslea, Berlingo Irrati Orkestra Sinfonikoko Ander Perrino arduratuko da biola eta baxua irakasteaz, EOSeko Herve Michaud haize instrumentuez arduratuko da, zura nahiz metalezkoez, eta Javier Alonso Biloko Orkestra Sinfonikoko kideak irakatsiko die perkusioa.

Film bati musika zuzenean jartzea dagoenik eta lanik zailenetakoa da, Oconen iritzian, baina EGOn badute horretan esperientzia, urrutira joan gabe iaz Chaplin beraren The Kid filmeko musika landu baitzuten. CityLights-ek bere ezaugarri propioak ditu, eta horiei erreparatu beharko diete musikari gazteek. 1928an hasi zuen filmaketa Chaplinek, The Jazz Singer lehen film soinuduna estreinatu baino hilabete batzuk lehenago. Chaplinek bazekien, ordea, ezin zuela hitz egiten jarri Charlot pertsonaia ezaguna, horrek magia hautsiko baitzuen. Soinuztapenaz baliatu zen irudiei jarri beharreko musika kontrolatzeko eta soinu efektu batzuk sartzeko. Filmean lore saltzaile itsuarekin maitemintzen den alderraiaren istorioa kontatzen da. Maitasuna edo eskuzabaltasun desinteresatua dira, hain zuzen ere, filmean azaltzen diren giza balio positiboak, baina gizarte arazoei ere heltzen die lanak, klaseen arteko diferentziari edo diruaren botereari, esaterako.

«Aberasgarri eta zaila»

Biolinaren bidez «filmaren emozio uneen espresibitatea» landu beharko du Etxeberriak. «Maitasun istorio bat da, eta biolinek garrantzia izango dute, baina, batez ere, musikari bakarlariek nabarmenduko dituzte une intentsu horiek; bestalde, ñabardura txiki asko dago filmean, soinu eta zarata asko azkar egin beharrekoak dira, eta oso adi egotea eskatzen du; zuzendariak markatuko dizkigu aldaketa eta pauta horiek».

Bakarlari moduan arituko dena Asier Urreta (Gasteiz, 1995) tronba jotzailea da. Esperientzia «aberasgarria» eta «zaila» izaten ari dela dio. «Ohituta gaude sinfoniak eta gisakoak jotzen, baina ez film bateko musika. Irudiak eta musika sinkronizatzea benetan da zaila. Guk ez dugu filma ikusten, beraz, zuzendariari jarraitzea da kontua, eta zaila da denak batera joatea».

Musikene goi mailako musika ikastegian hirugarren urtea betetzen ari da; laugarren bat falta zaio. Eta hura bukatzean gustatuko litzaioke «nagusien orkestran» sartu ahal izatea: «Ikasten ari gara orkestra profesionaletan parte hartu ahal izateko. Horretan ari gara lanean. Eta aukera izanez gero, zoragarria litzateke etxekoetan parte hartu ahal izatea, EOSen edota Bilboko Orkestra Sinfonikoan. Bakarlari edo taldeko izatea ez zait hainbeste axola, baina bai orkestrako kide izatea».

Etxeberriak biolina ikasten jarraitu nahi luke, eta hark ere orkestraren batean jarria dauka mira. Biolina benetan du gustuko tresna: «Oso malgua da, eta espresiboa. Badira beste instrumentu batzuk monotonoagoak edo; biolinarekin gauza asko egin ditzakezu, eta uste dut oso egokia dela film bati soinua jartzeko».

Euskal Herriko Gazte Orkestrak 18 urteko ibilia egin du dagoeneko. Urte horietan guztietan 1.500 musikari gaztek parte hartu dute negu nahiz udako ikastaro eta egonaldietan. Guztiek izaten dute musikari profesional izateko ametsa, eta hartarako guztiek ikasi behar izaten dute profesionalizazioaren tempoarekin sinkronizatzen. Horretan ari dira egunotan Mirari Etxeberria eta Asier Urreta, beste 48 musikari gazterekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.