VILA-REAL 1 REALA 2

Desertuko ura baino ederragoa

Realak garaipen garrantzitsua eskuratu du Vila-realen. Estrategia jokaldi banatan sartu ditu bi golak; Willian Josek eta Llorentek sartu dituzte, buruz

Martin Zubimendi eta Willian Jose, brasildarrak buruz sartutako gola ospatzen. DOMENECH CASTELLO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Golak: 0-1: Willian Josek (60. min). 0-2: Llorentek (75. min). 1-2: Cazorlak (83. min)Epailea. Cuadra Fermandez. Txartel horia Realeko prestatzaile fisikoari. Txartel horiak Vila-Realeko Triguerosi eta Ontiverosi,eta Realeko Merinori, eta Le Normandi. Bestelakoak. Koronabirusarengatik ikuslerik ez Zeramika futbol zelaian.

Ahitzen ari zitzaizkionean berreskuratu ditu indarrak. Realari luze egiten ari zitzaion liga amaiera arteko bidea, eta Europako helmugara ezin iristearen pentsamenduetan murgiltzen hasia zen, ezkor. Atzo Vila-realetik igaro behar zuen, gainera, azken neurketetan bisitarientzat urik gabeko iturria izan den lekutik. Nola diren gauzak, ordea: hantxe asetu zuen garaipen egarria. Desertuko ura baino ederragoa iruditu zitzaion lehorteari akabera eman zion puntu sorta, 1-2 irabaziz.

Realak ofizioa erakutsi, eta garaipenaren bila atera zen hasieratik. Zelaian ondo kokatu zen, eta azkar aurkitu zuen bere lekua. Ordu laurdena bete zenerako eroso ari ziren txuri-urdinak, eta baloia eduki zuten jokoaren gidaritza hartzeko asmoz. Etxeko taldeak, berriz, lanak izan zituen nahieran aritzeko, eta igarri egin zuen aurreko jokalarien falta. Gerard Moreno golegile nagusia falta zen, eta horrek itsasargi gabe utzi zuen Vila-real.

Hala, gutxika-gutxika, aurrera egin zuen Realak, eta aurkaria baino erasokorrago aritu zen. Ander Barrenetxearen jokaldi bikain bat adibide; erdilari donostiarrak aise eraman zuen baloia aurkariaren area barruraino, eta zenbait kontrariori izkin egin ostean, ez zuen asmatu ate aurrean.

Lehen zatian horixe falta izan zitzaion Imanol Alguacilen taldeari: eraginkortasuna. Gerturatu zen horien atera, arriskua sortu zuen, baina baloia sareratzeko gaitasunik ez zuen izan, batzuetan hiru zutoinen artera bota ez zutelako, besteetan Asenjo atezainak asmatu zuelako.

Reala gehiago zen jokoan, eta lehen ordu erdian Vila-real tantaka iritsi zen Miguel Angel Moyaren ate ingurura. Arrisku gutxi sortu zuen, falta batean izan ezik; txuri-urdinen atezainak ondo urrundu zuen baloia.

Gero neurketak orekatzera egin zuen arren, bisitariek saiakera gehiago egin zituzten erasoan. Mikel Oiartzabalek ezker zangoarekin egindako jaurtiketa bat eta Alexander Isaken burukada bat izan ziren Realaren azken gol aukerak atsedenaldiarenaurreko minutuetan.

Hutsean berdinduta amaitu zen lehendabiziko zatia. Talde bakoitzak bazekien zertan zuen hobetua, eta horretan sakontzeko asmoz itzuli ziren zelaira.Vila-real, baloiarekin patxada handiagoaren bila; txuri-urdinek, berriz, gola behar zuten, eta Imanolek Willian Joseri eman zion bere aletxoa jartzeko abagunea.

Brasildarrak ederki baliatu zuen aukera. Partida 61. minutuan zela, Martin Odegaardek ondo jaurti zuen korner bat, eta aurrelariak, buruz, sareetara bota zuen baloia. Handik aurrera ofizioa erakutsi zuen Donostiako taldeak. Vila-real saiatu zen gerturatzen, baina alferrik, Reala izan baitzen aldea handitu zuena. Estrategia jokaldi batean izan zen, beste behin, korner batean; Diego Llorentek bakar-bakarrik errematatu zuen, baloia sareratuz. 74. minutua zen.

Eroso ari zen Reala, eta haizea alde zuela, minutuak igarotzea beste asmorik ez zuen. Handik gutxira gauzak okertu zitzaizkion, ordea; Santi Cazorlak aldeak murriztu zuen 84. minutuan, eta sufritu egin behar izan zuen Realak. Neurketaren hondarrean ondo eutsi zioten markagailuari, eta irabazi egin zuten azkenerako. Europara bidean hiru puntu oso garrantzitsu txuri-urdinentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.