LIBURU AURRERAPENA

Jamaikako neska

Nobela askoren egilea da Joxemari Iturralde (Tolosa, Gipuzkoa, 1951): 'Nafarroako artizarra (1984), 'Hyde Park-eko hizlaria' (2006), 'Perlak, kolpeak, musuak, traizioak' (2015). Datorren astean aurkeztuko duen eleberriaren pasarte bat da honako hau.

2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Luzea euskal hitza da, nire jaioterrikoek jakin ez arren. Aitak esaten zuen luzea euskaldunei ongi datorkien hitza dela, hauetarik asko, ia gehienak, luzeak direlako garaieran eta... sudurraren tamainan. Bera sudurluzea zen eta neu ere halakoxea naiz, nahiz eta sudur txikiagoa dudan, bistakoa baita Kirstin amak zertxobait lagundu zuela nire sudurraren tailua txikiagotzen, eskerrik asko, mam! Luzea, baita ere, hiri baten izena da. Baina ez dago Euskal Herrian, ez espainiar aldean, ezta frantziarrekoan ere. Luzea Jamaikan dago. Hantxe jaio nintzen ni. Ez naiz luzaro bizi izan uharte hartan, baina denen aurrean beti izan naiz ni Jamaikako neska.

Dafne Zorregieta Rondaall, horixe da ene izena, aita euskaldun erbesteratu baten alaba naiz eta Mexikon finkaturiko familia daukan holandar ama batena. Hortxe ezagutu zuten elkar nire gurasoek, Cuernavacan, amak garai abenturazale, hippy eta ero samarra izan zuenean eta aitak leku guztietatik ihes egiteko joera hartu zuen hartan, horixe izan baitzen eta baita munduan barrena ibiltzeko daukan joera, bere ezaugarri nagusietakoa, batetik bestera mugituz alde egitekoa, alegia. Mexikotik alde egin beharrean aurkitu zen, berak aitortzen zuenez, une zehatz batean eta arrazoi jakin batengatik, eta Jamaikan pausatu zituen oinak. Amak atzetik jarraitu zion Luzea hiriraino, eta bertan jaio nintzen ni. Gero, zenbait urte pasatuta, banandu egin ziren. Amaren gurasoak, nire aitona-amona holandarrak, Amsterdamera itzuliak ziren ordurako, Mexikoko negozio guztiak saldu ondoren.

Nire aitak, txoriburu samarra betiere eta bere umore ukitu bitxi horrekin, kontatzen zidan Kristobal Kolonen seme bat Jamaikara iritsi zela bere gizon onenekin mila bostehun eta pikoan, eta hauen artean bazeudela euskal soldadu porrokatuak, tartean Garaiko Frantzisko delako bat, Jamaika uharteko gobernari postua erdietsi zuena, irla horrek izen hori ez zuen garaian, Santiago baizik, horrelaxe izendatu baitzuten espainiarrek, eta Garai delako horrek, euskalduna jatorriz, Luzea hiria fundatu zuela, beste zenbait posizio gehiagoren artean, denak uhartearen kostaldea defendatzeko sortuak. Behin eztabaida sutsua izan nuen mutil ingeles batekin tinko ziurtatzen baitzidan Luzea ez dela izen euskalduna Lucia hitzaren deformazioa baizik; ez dakit nik hori, aitak kontatzen zidana baino uharte hartan bizi ginenean.

Nire aitaren aita, aitona, ez nuen ezagutu. Argentinara alde egin zuen euskalduna izan zen. Urtetan izandako gorabeheren ostean etxera itzuli zen, jaioterriko neskatxa bat ezagutu, harekintxe ezkondu eta Ameriketara itzuli ziren, Mexikora oraingo honetan. Antza denez, nire aitonaren garai ero eta abenturazalea aurrekoa izan ohi zen, Argentinan bizi izandakoa, eta itxuraren arabera urte luzez iraun zuena. Gero, ematen duenez, nahiko ongi finkatu zen behin ezkonduta, eta Mexikon negozio bikainak burutu eta dirutza egin zuen. Bitxiki, nire aita ez zen Mexikon jaio, emaztea haurdun geratu bezain laster aitonak itsasontziz Euskal Herrira bidali baitzuen. Haurra jaio zen eta urtebete egin baino lehen, biak itzuli ziren Mexiko Distritu Federalera. Aitonaz mintzatzerakoan beti Anixeto esaten zuten, izen aski bitxia ene irudiz, ez bainaiz inoiz ohitu ahoskatzera; neskatila nintzenean izen bitxi hori gogoratzeko anis kopatxo bat irudikatzen nuen, bai, beti gorrotatu dudan likore azukretsu hori, eta anis hitza gogora ekarri ondoren berehala irteten zitzaidan Anisete hitza, eta ingurukoak barrez lehertzen omen ziren nire ateraldia entzun orduko. Egia esateko, nire aitonaren benetako izena Anizeto Jose zen, eta inoiz ikusi dudan bere argazki bakarrean sagardo botila bat zeukan aldean, ez anis botila bat, eskerrak, askoz nahiago baitut edateko sagardoa anisa baino.

Gustukoa dut sagardoa, baina eskerrak badiren gehiago maite ditudan edariak. Izan ere, nahiko adeitsua naiz ni. Areago, oso gustukoa dut adeitsu izatea. Azalpena emango dut: jakina da aspalditik euskaldunek samurtasunerako aparteko joerarik ez dutena. Nire lehengusu txiki den Kepak, bera oso adeitsua delarik, behin esplikatu zidan horren arrazoia, izan ere, euskaldunek sagardo mordoa edaten dute erruz, sagardoa bai, edari hotz eta mikatz hori, eta horrek edozein urdail utz dezake erabat minduta. Eta bihotzerreak bazaude ez da harritzekoa adeitasunerako joera handiegirik ez izatea. Ni, esate baterako amaitzen zuen bere azalpena, ez naiteke seguruenik euskaldun peto-petoa.

—Antzeko zerbait gertatzen zaie ingelesei argitu nion.

—Zer? Ez direla euskaldun peto-petoak? adarra jotzen zidan Kepak.

—Ez. Ez direla oso adeitsuak, eta sexu kontuetan ez direla oso beroak, baina ez sagardoarengatik garagardoaren erruz baino.

—A, bai?

—Bai. Eta hori Erdi Aroko garaietatik omen datorkie. Londresen, Big Ben-eko kanpai hotsek hondatzen omen zuten upel erraldoietan gordetako garagardoa, pubetan. Ingelesek edaten zuten mikaztutako garagardo horrek urdaila hondatzen zien. Eta gero izaera eta sexurako zaletasuna.

Gustatzen zitzaion Kepari niri adarra jotzen aritzea eta neuk ere ederki asko maiseatzen nuen.

Ezin dezaket esan nire aitaldeko aitona oso adeitsua zen edo ez, oso zurruteroa zen ala ez, lehen aipatu baitut ez nuela ezagutu. Eta orain, euskaldunek, ingelesek edota mexikarrek zenbat edaten duten mintzagai dugula, gogoan dut Letretako Fakultateko tabernan aurkitzen nuen ikaskide bat, oso mutiko alai eta zurruteroa bera, behin eta berriz XVI. mendeko Scaligero filosofo italiarraren aipu hau errepikatzen zuena:

«Zorionekoak herri haiek, zeinentzat bizitzea edatea den! horrelaxe esaten zidan Dariok, fakultateko mutil horrek. Bere eta vivere hitzekin egiten zuen jolas. Eta kontuan izan Scaligero sendagilea zela; beraz, jakingo zuen zertxobait. Gelditu gabe edan behar da».

Anizeto Jose aitonak pipa erretzen zuen, eta, diotenez, baikorren ohitura dugu hori. Lehen aipaturiko argazkian, irribarretsu azaltzen da pipa ezpainetan duela. Baikorra zela oso esaten dute, eta abenturazalea, biziki ausarta. Irudipena dut neuk ere dohain horietatik batzuk ongi gorde ditudala, gustukoak zaizkidala. Familiako kontuak: nire aita eta ama oso geldigaitzak izan bide dira, guztiz ipurterreak; beraz, ezinbesteko zitekeen neu ere nolabait antzekoa izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.