OSASUNA 1 -  0 ESPANYOL

Puntuak nola, hauspoa ere emango dio

Osasuna garaipenaren bidera itzuli da, lau partidaren ostean. Iruindarrek partidako gol bakarra baliatu dute. Arrasatek zazpi aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan

Osasunako jokalariak atzo Espanyoli sartutako gola ospatzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Gola: 1-0: Budimirrek (55. min).

Osasuna garaipenaren bidera itzuli da lau partidaren ostean. Jagoba Arrasateren taldeak Espanyol gainditu zuen atzo, eta, horri esker, irabazi gabeko bolada eten eta onbidera bueltatu da. Bazuen horretarako premia, orain hurrena irailaren 12an nagusitu baitzen Espainiako Ligan azkeneko aldiz. Beharra, ez sailkapeneko estutasunengatik, aurrez gaitasuna frogatua zuelako baizik.

Gorritxoak zazpigarrenak dira sailkapenean, hamar jardunaldi jokatu ostean. Ez da kasualitatea; Osasunak sasoi hasiera ona egin du, baina hasiera bikain baten ostean estu aritu da azkenaldian, irabazi ezinda. Joera hori eten zuen Espanyolen aurka.

Izan ere, aldez edo moldez puntuak biltzea da txapelketan gora begiratzeko gakoa, eta hori falta zuen Osasunak. Kataluniarren aurka lortu zuen egoera iraultzea; oro har, jokoan nagusi izan ziren iruindarrak, eta hobera egin zuten norgehiagokak aurrera egin ahala. Horrek modua eman zien nagusitzeko. Tarte txikia lortu arren, emaitza balekoa izan zen azkenerako.

Arrasate teknikariak partidaren bezperan iragarri zuen aldaketak egingo zituela, eta bete egin zuen esandakoa. Berriatukoak zazpi aldaketa egin zituen joan zen asteleheneko neurketarekin alderatuta. Aitor Fernandez parte hartzea izan zen azpimarragarriena. Arrasateko (Gipuzkoa) atezainak estreinako aldiz jokatu zuen partida ofizial batean, eta haren aldeko apustuak fruitua eman zuen. Osasunak hutsean utzi zuen atea, lau partidaren ostean. Bestela esanda, golik ez jasotzea irabaztearen sinonimo da nafarrentzat.

Fernandez lana ezinbestekoa izan zen horretarako. Hura eta Ez Abde izan ziren jokalaririk onentsuenak, nor bere egitekoetan. Atezainak erantzun ona eman zien Espanyolen joaldiei; izan geldikako jokaldietan, nola atzetik aurrera antolatutako erasoetan. Abdek, aldiz, supiztaile lanak egin zituen ezker hegaletik. Bizi aritu zen, eta horrek bizitu zuen Osasuna.

Iruñeko taldea nagusi izan zen zelaian. Ez alferrik, etxekoen izan zen baloi jabetzaren %64, eta hamazazpi jaurtiketa egin zituen partida osoan. Kontrara, hiru baino ez zituen egin Espanyolek. Dena den, Arrasateren taldeari kosta egin zitzaion lehen zatian. Kontrarioak baino prestasun handiagoa izan zuen, baina sakontasuna falta izan zitzaion. Hein batean, Espanyol zer gerta egon zelako. Ez Abdek izan zuen taldea aurreratzeko abagunea, baina bisitarien atezainak ondo geratu zion baloia.

Errenta, Budimirren bidez

Osasunak argi zuen bigarren zatiko egitekoa: zelaiko nagusitasuna markagailuan islatzea. 55. minutuan lortu zuen hori, Ante Budimirrek egindako gol bati esker. Korner jaurtiketa bat baliatuta ailegatu zen neurketako gol bakarra. Motzean jokatuta, Ez Abdek erdiratu egin zuen baloia, eta aurrelari kroaziarrak buruz errematatu zuen baloia.

Hortik aurrera, partidak bide beretik segi zuen. Osasunak aukerak izan zituen aldea handitzeko, baina ez zuen asmatu. Alabaina, Espanyolen saialdiek estutu zuten etxeko taldea, alde murritza tarteko, baina ezerezean geratu ziren azkenerako: «Etxean bi partida eskas kateatu ostean, jendeak maila hau espero zuen, eta lortu dugu ematea», esan zuen Nacho Vidalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.