Liverpool 0-1 Real Madril

Elkarrentzako eginak

Real Madrilek Liverpooli irabazi dio Txapeldunen Ligako finalean, eta 14. aldiz nagusitu da Europako kluben arteko lehiaketa nagusian

Vinicius Real Madrileko aurrelaria, gola ospatzen, atzo. FRIEDEMANN VOGEL / EFE.
Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Golak. 0-1. Viniciusek (59. min.).

Deitu zortea, deitu kalitatea, baina agerikoa da Real Madrilek harreman oso berezia duela Txapeldunen Ligarekin. Oso berezia izan behar du derrigorrez harremanak, talde batek lehiaketa berbera hamalau aldiz irabaz dezan; inork baino gehiagotan; hurrengoak halako bi. Bata bestearentzako eginak daude Txapeldunen Liga eta Real Madril.

Harreman berezi horrek goia jo du denboraldi honetan. Direnak eta ez direnak sufrituta iritsi zen Carlo Ancelottik zuzendutako taldea finalera. Kinka larrian egon zen kanporaketa guztietan, batez ere, azken bietan. Mirariz sailkatu zen, azken hatsean luzapena behartuta, eta horretan nagusituta.

Baina azkenerako utzi du onena, atzorako, Parisko finalerako, Liverpoolen aurkako finalerako. Oraingoan ez zuen azken orduko mirari baten beharrik izan, baina gogotik sufritu zuen berriro, eta sufrimenduak saria izan zuen berriro. 0-1 irabazi zuen, eta hamalaugarrenez nagusitu zen Txapeldunen Ligan, bosgarrenez azken bederatzi ekitaldietan.

Finala irabazita, beste muturreko bat eman dio Real Madrilek Ingalaterrako futbolari. Sasoi honetan, Premier Leagueren borrero izan da. Herrialde horretako hiru talde hartu ditu mendean: Chelsea, azken txapelduna, final-zortzirenetan; Manchester City, finalerdietan; eta Liverpool, finalean. Diruz askoz gehiago da Ingalaterrako Liga, baina oraingoan inbertsioa ez zaio errentagarri atera.

Baten loria, bestearen porrota. Liverpoolek ezin izan du mendekua hartu. Real Madrilek finala irabazi zion duela lau urte, Kieven. Urtebete geroago seigarrenez Txapeldunen Liga irabazi izanak ez zuen Ingalaterrako taldearen mendeku gosea asetu. Atzo asetu nahi zuen. Baina alferrik. Esku hutsik geratu zen berriro.

36 minutuko atzerapena

Berandu hasi zen finala, 36 minutu beranduago, estadioaren sarreretan Liverpooleko ehunka zale pilatu baitziren, sartu ezinda. Baina ustekabeko itxaronaldiak ez zuen eraginik izan, eta adi zelairatu ziren bi taldeak. Berehala geratu ziren agerian bakoitzaren asmoak: Liverpoolek bizi jokatu nahi zuen, eta Real Madrilek, patxadaz.

Presioa eginez, ingelesak gailendu ziren hasieratik, eta lehen hogei minutuetan lau gol aukera izan zituzten. Manek izan zuen argiena: urrutitik jaurti zuen, Courtoisek kostata urrundu zuen baloia, eta jarraian, baloiak zutoina jo zuen.

Baina sufritzen jakinda, eta baloia oinetan izanda lortu zuten espainiarrek ingelesen sua apaltzea. Horri esker, lehen aldiz hasi ziren iristen arriskuarekin Allisonen ingurura. 43. minutuan, Benzemak gola sartu zuen jokaldi nahasi batean, baina epaileak baliogabetu egin zuen, aurrelaria jokoz kanpo zegoela iritzita. VAR-ak aztertu egin zuen, eta arrazoia eman zion epaileari. Hutsean amaitu zen lehen zatia. Nagusi izan zen Liverpool hasieran, baina minutuek aurrera egin ahala, indarrak parekatu zituen Real Madrilek.

Nor baino nor gehiago ekin zioten bi taldeek bigarren zatiari, baina lehen zatian egin bezala, presioari esker, pixkanaka, Liverpool nagusitzen hasi zen. Baina kolpea emateko prestatzen ari zela zirudienean, kolpea eman zion Real Madrilek. Valverdek erdiratu egin zuen eskuinetik, eta Viniciusek bikain errematatu zuen area txikian. 0-1. 59. minutua zen. Espainiarrei aldeko jarri zitzaien finala, eta ingelesei zail.

Saiatu beharra zuten, eta saiatu ziren. Baina alferrik. Ezin izan zuten Courtoisen atea zulatu. Ikusgarri aritu zen atezain flandiarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.