Errusiako Munduko Kopa. D multzoa. Islandia

Utzi zion ezuste izateari

Utzi zion ezuste izateari.
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Aurreneko aldiz jokatu zuen Eurokopa Islandiak duela bi urte, eta lehendabizikoz ariko da orain Munduko Kopan. Hura ezuste handia izan bazen ere, hau ez da hainbesterainokoa izan, kontuan izanik duela bi urte final-laurdenetara heldu zela. Saiatuko da orain ere orduko emaitzaren parekoa lortzen, eta ea nork ziurta dezakeen selekzio hau ez den gai antzeko emaitza handi bat lortzeko orain ere.

Azken urteetan uhartean sekulako lana ari dira egiten futbolaren inguruan, eta emaitza onak jasotzeko garaian daude orain.

Bere-berean moldatzen dira dotore asko, eta beren mugen eta abilezien berri ondo jakiteak ematen die indarra. Ez dute burua galduko, oso garbi baitute zer egin dezaketen zelaian daudenean. Hori bai, egin dezaketena egin egin dute ia beti, eta aurkariei ez diete oparitzen zelaiko metro laurden bat ere.

Indartsuak dira jokalariak. Fisiko apartaren jabe, lehia horretan sartzen zaien aurkariak lanak izaten ditu Islandia menderatzeko. Taldea da guztiaren gainetik; hori bereizgarri ona den bezala, ez da hain ona hori bakarrik izatea bertute. Jokalari trebeak falta zaizkio, edozein jokalditan partida bat erabaki dezaketenetakoak, baina ezin dena eskatu selekzioen txapelketetara heldu berri denari.

Urte askoan elkarrekin jokatzen ari dira, eta entrenatzaileak ere zazpi urte daramatza taldean, duela bi urte arte Heimir Hallgrimsson laguntzaile izan bazen ere Lars Lagersback suediarrarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.