Bertso matazaren hariak

Martin Ugalde Foroak eta 'Jakin'-ek antolatutako solasean, bertsolaritzaren erpin eta alderdi askotarikoak aztertu dituzte Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallusek.

Jende andana bildu zen atzo Martin Ugalde kultur parkera, solasaldia entzutera. Bukaeran, galderetarako tartea izan zuten entzuleek. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Andoain
2016ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Artifizio eta apaingarri handirik gabe, hitza tresna ia bakarra dela garatzen den arte soila da bertsolaritza. Eta halere, gogoetarako askotariko gaiak eta eztabaida luzeetarako material mardulak gordetzen ditu bere barrenetan. Mataza hura hariz hari desegin zuen atzo Josu Goikoetxea gai-jartzaileak, eta irekitako bide bakoitzari erantzun, bat-batean baino kanturik gabe, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariek. Martin Ugalde Foroak eta Jakin aldizkariak antolatutako Bertsolaritza, atzotik biharrera izeneko saioak jaso zituen gogoetak, Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkean, atzo iluntzean. Eta deskuiduz despistaturik balego, oharra bota zuen saio hasi aurretik Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak, Lujanbio eta Arzallus buruz buru jarri bai, baina ez zela hura izango bertso saioa, solasaldia baizik.

Ezin bestela izan, eta erretiroa iragarri berri duen Xabier Amuriza aipatuz hasi zuen saioa Goikoetxeak, «aktualitateak bertsogintzan agintzen duenez». Amurizak orain hamazazpi urte idatzi zituen arren atzokoak ziruditen hitzak irakurri zituen saioko gidariak: «Nire geltokian tren asko gelditu da, eta ez daukat kexatzeko motiborik, baina badirudi iristen ari dela trenbide albora mentalizatzeko sasoia». Aipuaren ostean, agurraren albistea baloratzeko eskaera Lujanbio eta Arzallusi, aurrez ohartarazita, hori bai, zaila dela orain arte esan gabekorik esatea. Berritze aldera, eginikoak goratzeaz gain, «gauzak garaiz uzteko artea» ere nabarmendu zuen Lujanbiok. Arzallusek, bestalde, Amurizak apustu bakoitzari eusteko izandako «sinesmen indarra» azpimarratu zuen.

Urte eta erdiz plazetatik urrun ibilitako Goikoetxearen eskaerei segika, egungo egoera azaltzeari ekin zioten bi bertsolariek. Bertsoak osasuntsu eusten duela nabarmendu zuten biek ala biek, eta katea ez dela eten, inondik inora. Adibidetzat, Arzallusena: «Lau, bost edo sei aldiz gertatu naiz Oihana Iguaranekin kantari». Edo Lujanbiorena: «Guk, bizi guztia pasa dugunak gazteenak izaten bertso saioetan, gaur egun zaharrenak gara askotan».

Bada alderik, edonola, egun bertsoetarako jauzia egiten duten gazteen eta behinola jauzi bera egin zuten Lujanbio edo Arzallusen moduko gazteen artean. Batetik, bertsolaritza bera ez delako modu berean ulertzen orain eta orain ez hainbeste, Lujanbioren iritziz: «Gu hasi ginenean bertsolaritza ez zen oso gauza prestigiosoa, bertsolariak ez ziren famatuak, eta gu, nolabait, xelebreak ginen. Gaur abiatzen den jendek panorama ezberdina du». Bestetik, ez dagoelako orain orduan izan zitekeen berrikuntzarako premia bera, eta beraz, exijentzia bera. Orduko belaunaldien arteko talka eta kontrastea ez da ere egun lehen zena, eta hala, «ez da hain errazapertsonalitate bat bilatzea», Arzallusen hitzetan.

Bertsolaritza, dena dela, ez da oholtza gainean bertsolariak egiten duena bakarrik, hori funtsezko elementua izanagatik. Badu atzean sare bat, giro bat, elkarte bat. Horrek bertsolariaren jarduna mugatu dezakeen galdetu zien Goikoetxeak atzo Lujanbio eta Arzallusi. Ezetz erantzun zuen lehenak, mugatu ez, are, giro horren parte izateak laguntzen duela bera: «Niri, egile bezala, on egiten dit neure burua kokatzeak ekosistema horretan, eta ez bizitzea karrera pertsonal bezala». Besteak beste, Arzallusek dioenez, Bertsozale Elkarteak «asmatu duelako bertsogintzarekiko distantzia neurtzen, eta gehiegi ez interferitzen». Giro eta sare horrek, bertsolariei plazak eta proiekzioa emateaz gain, ogibidea ere eman die, azken batean, bertsolari bati baino gehiagorik: bai, bizi daiteke bertsoetatik, atzo Arzallusek esan zuenez. Neurrian, hori bai: «Bertsotan ibiltzeko bezala bertsoetatik bizitzeko ongi jakin behar da neurtzen bai metrikak eta bai patrikak».

Etorkizuna, bertsotan

Bertsoaren ekosistema horrek—«ekosistema demokratiko eta ekologikoa», Lujanbiorentzat—urteak daramatza genero ikuspegia bertsolaritzan txertatzen. Aurrerapausoak ukaezinak dira, eta horregatik, oro har, bertsogintzak «emakumeen etorrera ondo hartu» duela uste du Lujanbiok. Kezka badu, halere, ez ote datorren orain teorizazioa praktikaren aurretik. Ez ote dagoen ideologizazio handirik, eta haren isla gutxi. Baita deserosotasun bat ere, gizon plazakideen ondoan: «Ez zait erosoa lagunak deseroso ikustea halako gaietan. Noski, ardura haiena da: ez ditut salbuesten pentsatu beharretik eta kuestionatu beharretik. Baina ez nuke nahi haiek deseroso kantatzea eta gainera sentitzea atzean polizia dagoela». Gaiaren inguruko kezka du Arzallusek ere, kezkatzen baitu gaitzesten dituen rolak erreproduzitzeak, diskurtsoak diskurtso. Arriskutsuak dira, finean, «barne inertzia ezkutuak». «Enplazatua» sentitzen da, alde horretatik, baina «pertsona» gisa, bertsolari gisara bainoago: «Ez nau kezkatzen bereziki diskurtsoak, hori makilatzea nahiko erraza da. Ez zait aski nire esaldiak femeninoan deklinatzen hastea, gero beste bizitza bat dago atzetik».

Bizi den heinean aldatzen da bertsolaritza. Aldatu da, Arzallusen ustez, txapelketa ulertzeko modua, «zentraltasuna pixka bat galdua» duelako, bere iritziz. Aldatu dira entzulegoak ere, Lujanbioren ustez, plaza berriak eta espezifikoak sortu eta ugaritu diren heinean. Balio handia ematen dio horri, baina geroari begira eskatuta, ez luke nahiko horrek ohiko plaza, hots, jende adin eta mota asko saio bakarrean biltzen dituen hori, desagertzea. Azken batean, bertsolaritzaren «balio handienetako» da publikoaren hetereogenitate hori Lujanbiorentzat. Ariketa zaila zaio Arzallusi geroari begiratzea, baina aukeran, nahiko luke Amurizak bezala 75 urterekin erretiratzea, ordura arte segituko duela esan nahiko lukeelako horrek. Edo beste erreferente bat, Joxe Agirre: nahiko luke Arzallusek, miresten duenez, Agirrek hil bezpera arte zuen plazarako «irrika eta jolaserako gogoa» izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.