Suspertu egin dira

Eibarrek 0-1 irabazi du Gironan, eta urrats handia egin du Lehen Mailara igotzeko bigarren kanporaketarako sailkatzeko

Ager Aketxe Eibarreko erdilaria, berak sartutako gola ospatzen, atzo. SD EIBAR.
Julen Etxeberria.
2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Gaizka Garitanok gauza bakarra egin du joan den igandean Eibarrek Alcorconen (Espainia) galdu eta zuzenean Lehen Mailara igo ezinik geratu zenetik: kolpe latza hartu arren, bizirik zeudela aldarrikatu. Behin eta berriz esan du azkeneko egunetan inor susper badaiteke haiek susper daitezkeela. Kosta ahala kosta sinetsarazi nahi zien hori jokalariei. Ez zuen nahi azkeneko orduan igoerak ihes egin izanak eragindako etsipenak ezerezean uztea sasoi osoan egindako lan ona.

Helburua lortu du Garitanok: suspertu egin dira haren jokalariak. Atzo erakutsi zuten. 0-1 irabazi zuen Eibarrek Gironan (Herrialde Katalanak), Lehen Mailara igotzeko aurreneko kanporaketako joanekoan. Horri esker, aurrerapausoa eman du azkeneko kanporaketarako sailkatzeko. Etzi argituko da dena. Itzuliko neurketa jokatuko dute Eibarrek eta Gironak, Ipuruan (18:30). Ona da atzoko emaitza, baina ez erabakigarria. Ez da komeni gauzak egintzat ematea. Eibartarrek badakite zerondorio ekar ditzaketen halakoek.

Eibarreko jokalariek hasieratik utzi zuten argi aurre egin ziotela aurreko asteburuan jasotako kolpeari. Gogotsu zelairatu ziren, presioa eginez. Berehala eman zuten lehen abisua: Venancio gola sartzear izan zen, baina Arnauk ate azpitik atera zuen baloia. Oso argia izan zen aukera, baita handik gutxira Edu Expositok izandakoa ere: haren jaurtiketak langa jo zuen.

Aketxeren gol ikusgarria

Nagusi zen Eibar, eta 28. minutuan jaso zuen nagusitasun horren saria. Ager Aketxek sekulako zartakoa eman zion baloiari, 30 metro pasatxotik, eta ziztu bizian sartu zen Gironaren atean. Merezitako gola zen, askoz gehiago baitzen euskal taldea.

Bikain zihoan dena, baina, lehen zatia amaitzear zela, aldrebestu egin zen: epaileak txartel gorria atera zion Tejerori. Ondorioa: bigarren zatian jokalari bat gutxiagorekin aritu behar. Sufritu egingo zuen Eibarrek. Sufritu egin zuen, baina gai izan zen aldeari eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.