Errusiako Munduko Kopa. E multzoa. Costa Rica

Duela lau urtekoa, zaila

Duela lau urtekoa, zaila.
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Futbol mundua harri eta zur utzi zuen Costa Ricak duela lau urteko Munduko Kopan. Final-laurdenetaraino heldu zen, multzoen fasean Italiaren, Uruguairen eta Ingalaterraren aurretik sailkatuz; final-zortzirenetan, Grezia azpiratu zuen penaltietan, eta final-laurdenetan, bera izan zen galtzaile penalti jaurtiketetan, Herbehereen aurka.

Lau urte geroago, ia-ia talde bera azaltzen da Errusian, lau urte zaharrago denak, lau urteko esperientziarekin. Entrenatzailea aldatu da, Oscar Ramirez jokalari ohia ari baita Jorge Luis Pinto kolonbiarraren lekuan.

Atean dauka izarra, Keylor Navas baitu atezain, eta, Ramirezen aroan ikusi denaren arabera, atzetik aurrera antolatutako taldea izango da. Hortik gora, Joel Campbell, Bryan Ruiz eta Marco Ureñaren izenak nabarmentzen dira, eta azalduko da besteren bat ere taldearen barruan, duela lau urte bezala.

Beste ezaugarri nabarmena taldearen batez besteko adina da: ia jokalari guztiak 30 urtetik gertu dabiltza, edo hortik gora. Eskarmenturik ez dutenik ezin esan, behintzat. Sasoiaren neurria non daukaten, aldiz, txapelketan bertan erakutsi ahal izango dute.

Aldez aurretik begiratuta, multzo honetako ahulena izan daiteke, baina hala zen duela lau urte ere garai honetan, eta ezuste handia eman zuen. Aurreneko fase hau gainditzen badu, ezingo da ezustetzat hartu, eta ezta kanpoan geratzen bada ere. Galdera ikurraren azpian dago Costa Rica, ez baitago garbi zer eman dezakeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.