Eurokopa. Finlandia 0-1 Errusia

Zirrimarrak estali du lerro zuzena

Errusiak harrapatu egin du Finlandia B multzoan, Mirantxuken gol bati esker (0-1). Talentu apurraren askatasuna gailendu zaio talentu gutxiko ordenari

Hradecky Finlandiako atezaina jauzia egiten, baloia sarera doan bitartean, atzoko partidan. ANTON VAGANOV / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Gola. 0-1: Mirantxukek (47. min).

Estiloek eman zioten aberastasuna atzo San Petersburgon Errusia etxeko taldeak eta Finlandiak jokatu zuten partidari, baina ikusgarritasunak ez. Lan taktikoak osagai teknikoa behar baitu uztarri berean: bakarrik ez du asko balio. Atzokoa eredu. Errusiarena ordena nahastu moduko bat da; batez ere, erasoan. Jokoa geratuko balitz argazkia ateratzeko zerutik, irudi orekatua erakutsiko luke jokalarien kokapenak, baina mugimenduan hasitakoan, anabasa ez, baina askatasuna da: Goluvin han eta hemen; Mirantxuk hemen eta han; eta horrela, abilezia tekniko onena duten jokalariak. Zirrimarrak handik eta hemendik egiteko moduan jokalarien mugimenduekin. Horietako batek eman zizkion partidako gol bakarra eta lehen hiru puntuak. Harrapatu egin du, horrenbestez, Finlandia; biak dira orain hiru punturekin.

Finlandia are dotoreago argazkirako. Oreka eta ordena. Baloirik gabe, defentsan, lerroak asko atzeratuta, bost atzelarirekin, hiru erdilarirekin eta bi aurrelarirekin. Jokalari batek bost metro alde batera, haren albokoak beste horrenbeste alde berera. Landutako taldea. Lerro zuzenak. Erasoan, berriz, kontraerasoan zitala, eta aurkariaren hutsak baliatzen ere trebea. Baloia atzetik aurrera eramateko orduan ere mugimendu orekatuak, baina teknika falta.

Errusiari bezala, baloiaren irteeran atzetik. Saiatu bai, nahi bai, baina eraginkortasunik apenas. Gabezia gehitxo, taktikoak eta teknikoak. Sustoak gehiegi. Laugarren minutukoa bezalakoa: bere zelaian baloian galdu, eta Finlandiak gola Pohjanpaloren burukadarekin. Baina jokoz kanpo, VARak adierazita.

Bi estiloak aurrez aurre hasi ziren Finlandiaren zelaian; etxean zena baloiarekin, eta ia etxean zena lerroak atzeratuta. Errusiak lehen aukera hamalaugarren minutuan izan zuen, eta Dziubaren jaurtiketa, area barrukoa, zutoinera joan zen. Baina jokoz kanpo hori ere. Golik ez, eta gabezia teknikoak ugari. Uste indartsua horrelako akatsen batek erabakiko zuela partida.

Hasiera biziaren etena Mario Fernandesen kolpeak eman zion. Bizkarrezurrean zartako latza hartuta, erietxera eraman zuten Errusiako jokalari brasildarra. 28. minutuan jokoa geratu, eta sei minutuz egon zen baloia geldi. Handik atsedenaldira bitarte, are nagusiago Errusia, baina malizirik gabe errematean. Mirantxuken arte lana heldu zen arte. Area barrutik ezkerrez Hradeckyren ateko sarea garbitu zuen. Lehen zatiko luzapena zen.

Irekia behar zuena, itxia

Ondo ekin zion bigarren zatiari Finlandiak, eta Pukkik aukera ona izan zuen kontraeraso batean. Errusia atzean sartzeko tentazioan erori zen une batez, eta atera zituen pare bat eraso bizkor, baina golik ez. Golovinek izan zuen aukera ederra, baina Hradeckyk egin zion urruntze ikusgarria gola behar zuena ez izateko. Tentazioari adio esan zion etxeko taldeak, ikusirik sufritu egin zezakeela atetik gertu, eta baloiaren jabe egin zen; Finlandiak lerroak atzeratzen segitu izanak asko lagundu zion horretan. Bata dela, bestea dela, amaiera itxia izan zen, irekia behar zuenean, emaitzagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.