Eta Infernua ireki egin zen

Cannesko Zinemaldian aurkezturiko film gehienek beldur benetakoa, ezinegon kasik existentziala sorrarazi dute haren azkeneko ekitaldian.

Laszlo Nemes zuzendariaren Saul Fia filmaren irudi bat. BERRIA.
begona del teso
Cannes
2015eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Zinema esperientzia gisa gozo-gozoa, oparoa, pizgarria izan den arren, ezin esan Cannes aurtengoan zeluloidearen gutizia gozatu dugunik. Inolaz ere ez. Ia inoiz ez. Ia inon ez. Garratza. Bortitza. Gordina. Beldurgarria. Izugarria. Deabruzkoa. Latza. Gupidarik gabekoa izan da dastatu dugun pozoia.

Baina pozoi horrek bizi gaitu. Edabe infernuzko horrek eman digu bizitza. Aretoetako iluntasunean agortuko dugun bizitza.

Kasik film gozorik ez da izan oraingoan. Bai, egia. Batzuek Takeshi Miikek eman zigun Yakuza Apocalypse gustu onekotzat hartuko dute. Ulertzekoa da: banpiroak (banpiro hala moduzkoak, ez pentsa, sekula ez gure Maisu Bakarra) Txinako Mafiaren eskupeko soldaduak bilakaturik, hortik goian igelez mozorroturiko hiltzaileak hegan dabiltzala… Baina Takeshirena kenduz, eta eskubiderik gabe, ohore gabe, ziorik gabe, urrea irabazi zuen Deephan bazterturik, arren; beste aukera guztiek dardaraz uzten gintuzten emanaldiro. Baita ACIDek, zinemajale amorratu batzuen elkarte-bilkurak, hor Nizarako bidean erdi ezkutua den Alexandre III antzokian ikusgai jarri zituzten Leonard Blierren La Vanité edota Sharunas Bartasen Peace to Us in Our Dreams proposamenek ere.

Lehenengoan, gizon batek hil nahi du, minbiziak akabatu baino lehen. Umorez betea den arren (zin degizuet…), tristura berezia darie 75 minutu fin horiei. Bigarrena harribitxietako bat zen inoiz baino sasoi ederragoan guregana heldu zen Zinemagileen Hamabostaldian. Duen erritmoak hipnotizatzen zaitu, amildegira eraman eta bertan botatzen zaitu, minez dauden hainbat gizaki mingarriren artean.

Ez, ez da gozoa izan Cannes 2015ekoa. Laszlo Nemesen Saul Fia-k Danteren Infernuko ateak ireki zituen berriro, eta gu denok irentsi, Macbethek ozen aldarrikaturiko zarata eta amorru horien artean. Auschwitzeko izu/horrore/ herio oro ukitu genuen. Usaindu. Aditu. Hezurretaraino sartu zitzaizkigun. Eta ez naiz intelektualki ari. Fisikoki baizik. Film horrek zainak ditu. Hezurrak. Tripak. Odola. Herioa dakar bere haragian, larru ustelduan.

Ezinegonean beti Cannesen, baina, aldi berean, itzalek harturiko (babesturiko ote?) poztasun harrigarrian. Zertan jarduten zuen Valeria Donzellik musika guztiak, tresna guztiak, jantzi guztiak, garai oro, mugimendu guztiak nahasten Marguerite et Julien berean? Ia denek harrokeriaz zapuztu zuten lan eder hori. Baina egia zera da (nik uste): Valeriaren ispilu ketuan amodioak, aipatu ezin den maitasun horrek (anaiaren eta arrebaren artekoak, hots), blai egiten gaitu zeluloide oldarrez.

Oso fisikoa izan da Cannes aurtengoa. Chronic-en kamera hertsiak eta gidoi zehatzak ere begi aurrean jartzen dizkigute heriotzak segituan laztanduko dituen gorputz tragikoak. Eta guk begirada apartatu nahi baina ezin, bihotza hautsiko zaigula pentsatzen dugularik.

Izan dira, nola ez, saileko hiltzaileak. Eta eskupekoak ere bai. Baita txinatar emakume gerlariak ere. Izan dira komedia puntu bat zuten filmak. Baina ez, ez da batere gore, batere komikoa izan Cannes 2015ekoa. Min egin digute Sicario-k, La Tierra y la Sombra-k, El abrazo de la serpiente-k, eta, horrexegatik, eskerrak ematen dizkiegu Villeneuveri, Acevedori, Guerrari.

Zauriturik bueltatu gara Kosta Urdinetik. Orbanak utzi dizkigu Errumaniako Porumboiuren Comoara-k ere. Azalari erreparatzen badiogu bakar-bakarrik, altxor bat aurkitzeko komeriak kontatzen dizkigula pentsatuko dugu, baina pixka bat sakonago begiratzen badugu… a ze potreta gurea eta herrialde batena!

Esandakoa: bortitza izan da Cannes. Krudela. Jasangaitza. Horrelakoxeak baitira beti mugarik ezagutzen ez duten Jainkoak. Deabruak. Libre, aise, arau teknikoei eta egitura lege aspaldikoei jaramonik egiten ez dien Zeluloide harro eta hilgarria.

Azken gomendioa: ez galdu arren, faborez, otoi, abuztuaren 26an Iparraldean estreinatuko den Miguel Gomesen As mil e uma noites. Mingarria hori ere? Ba…ez ahaztu Xerezadek ipuinak kontatzen zizkiola erregeari… bizirik irauteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.