Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Aurkitu dut

2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Uda emankorra izan da, Pascal. (Sentitzen dut, irakurle). Aurkitu dut beste mundua. Baina zu ez zeunden han. Esfera ezberdinetan gabiltza, nonbait. Nik aurkitu dudana zoragarria da. Bizi naiz bizi gabe nigan, eta hain goi bizi naiz (et, et!, haragokorik ez), non ez baita hiltzerik itxaroten. Ez dela sinestekoa? Zeuri ikasia dut bihotzak badituela arrazoiak, adimenak ulertzen ez dituenak.

Bizi naiz munduan bizi gabe bertan, eta hain goi bizi naiz, non ez baita mundurik igartzen. Oroimenetik bakarrik dakit hura badela. Saiatzen naizenean, planeta bat ikusten dut, bitxoz betea. Termitategiak sabanetan, ñu-oldeak arrapaladan, saguzar-aldrak egunsentia haitzulora sartzen, giza plagak dorre islatzaileen lehian. Zergatik sufritu behar dut bitxo batzuengatik gehiago? Edo batzuengatik bai eta besteengatik ez? Zuk sufritzen al duzu, Pascal? Eta gu hilerriak ureztatzen eta entziklopediak handitzen.

Hil bat gai balitz bere psikologia azaltzeko, zer sentitzen duela esango luke munduaz? Nik egoera horixe aurreratu dut bizitzara, eta sentsazioa itzela da. Norbaitek retuiteatu nauela? Ez nau molestatzen jakiteak beste mundu batean ere banaizela. Ireki dut mezu-ontzia eta: Karpeta honetan ez dago ezer. Hau nasaitasuna! Berriz irekiko dut gero, berriz gozatzeko nasaitasuna. Noiztenka aurkitzen dut zerbait arretagarria eta zabaltzen dut mezua. Ez naiz bizi interesatzen zaidana arbuiatzeko bezain at.

Sumatzen dut, Pascal, zure irribarrea ezen planeta hark harrapatuko nauela uste baino maizago. Zinemako pizontzien ilaran, adibidez, non ez baitut argi izaten ondokoaren bukaerako mugimenduek zer adierazten zuten. Mundu-talka gogorragoak ere izango dira, noski, sufrikarioak barne. Baina horientzat (horientzat bakarrik) baditut beste arrazoibide batzuk. Ez didazu hain erraz zapuztuko inbentzioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.