LIBURU AURRERAPENA

Mamu eratortzeko moduak

Ibilbide luzeko idazlea da Juanjo Olasagarre (Arbizu, Nafarroa, 1963), eta, kronika eta antzerki liburuak argitaratuak ditu, baina poesian eta eleberrigintzan nabarmendu da gehienbat. 'Mamu eratortzeko moduak' nobela berriaren pasarte bat da hau.

2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Hesteak lurrean barreiaturik zituen esnatu zenean. Odola zerien eta tropoilu nahasi bat osatzen zuten gorputzetik hurbilenek, eta urrundu ahala, sisi-saga hedatzen ziren espaloian barna. Gorriak ageri ziren azalean, baina barrura, urdina nabari zitzaien. Espaloitik burua altxatu zuenean, oinak eta bernak ikusteko baino ez zen gauza izan. Ez zuen minik, baina hutsa nabari zuen gorputzean kale gorrian botata. Altxatzen saiatu zen baina hesteen tropoilua desegin eta espaloian zehar hedatu zen meandroak eginez. Eseri eta hesteak sabelean biltzen hasi zen. Lirdingatsu zeudenez irristatu egiten zitzaizkion behin eta berriz, eta, atzera ere jaso ondoren, zaborrak garbitu eta sartzen saiatu zen. Ez zuten bereak ematen. Halako batean lortu zuen. Bularra ukitu zuen, besoak, burura eraman zituen eskuak. Dena ondo. Dena ondo, ez balitz halako irrealtasun bat nabari zuelako, bere gorputzak materialtasunik ez balu bezala. Zer ari zitzaion gertatzen? Begien aurrean ageri zitzaionak ez zuen sendotasunik, soinuak kolpe sorrak bezala ailegatu zitzaizkion belarrietara, gorputzak ukitzen zuenak ez zuen irmotasunik. Zer ari zitzaion gertatzen?

Hitzak entzun zituen inguratzen zuen irrealtasun lainotsutik jalgita zetozkion berna zurietatik. Lau, galtza motzak zeramatzaten, pixka bat gorriturik ageri ziren belaun inguruan. Burua gorantz altxatu ahala, berna zuri ttoporrak aldaka bihurtu ziren, eta gero hankarte, sabelalde puztu, bular oparo; aurpegia, antiojoak, ile laburra, bata gorrikara, horaila bestea, eta handik gora zerua behar zuena, laino ilunek nahasirik.

«Ondo zaude?» galdetu zioten ingelesez.

«Ondo zaude?»

Non zegoen galdetu zion bere buruari. Ahotsak kobazulo batean bezala egin zion oihartzun barruan, eta irudiek dardara egin zioten begien aurrean. Gogoratzen zuen azken aldian Bilbon zegoen, etxera bidean, eta gero, halako zulo beltz batez aparte, ezer ez.

«Ondo zaude?»

Berriz.

Ingelesa zen.

Bi emakumeengan paratu zituen begiak, ezin zituen haien gorputzaren eta atzeko zeruaren arteko ertzak bereizi, argazki mugitu bat ematen zuten. Eskutik helduta zihoazela ohartu zen.

Baiezkoa egin zien buruaz. Eta hurbildu eta altxatzen lagundu ziotenean, ohartu zen bere hesteek utzitako odol arrastoaren aztarnarik ez zela ageri zoruan. Emakumeei begiratu zien, galdera ikurra aurpegian.

«Ondo zaude?» galdetu zioten berriz ere.

Bi emakumeek altxatu eta jirarazi egin zuten. Eraikin zilarreztatu distiratsua zuen aurrean, zeru ilunarekin nahasten zela. Metalezko olatuak aurreko lakuan islatzen ziren, eta lakuko islek itzalen mugimenduak iradokitzen zituzten burbuila erraldoiz osaturiko eskulturan.

Non zegoen?

Metalezko marearen atzean hiru etxe-orratz ageri ziren. Zorabioa nabaritu zuen bere baitan, berriz ere hesteak gorputzetik jalgi eta emakume atzerritarrak odolez zikintzeko beldurrarekin batera. Haien aginduetara burua ezker-es- kuin mugitzean Deustuko Unibertsitatearen fatxada agertu izana iruditu zitzaion. Ezker egin zuen berriz ere, emaku- mearen mugimenduari kontra eginez: irudi dardartiaren artetik Deustuko Unibertsitatearen fatxada ezagutu izanak, lasaitu egin zuen. Bere burua agertu zitzaion ertzak lausoturik autobus batean, mendian gora, bera bezalako beste gazte batzuekin batera. Tximista bezala iragan zitzaion oroitzape- na, Leioako unibertsitatera zihoan, Leioako unibertsitatera zihoan, Leioako unibertsitatera zihoan urruntzen joan zitzaion bere baitako ahotsa, desgogora Biologia ikastera, ze berak Deustuko Unibertsitatera joan nahi izan zuen. Zer ikastera, ordea? Eta Biologia ikasi zuen orduan?

Bi andreek petrilean eserarazi zuten.

Andreetako batek motxila kendu eta traste txiki bat atera zuen, hatzekin kolpeak eman eta hizketan hasi zen eskuetan eusten zion bitartean. Telefono bat? Baina ez zeukan haririk eta ez zeukan belarrietan.

Ez zituen ulertu andreak ingelesez ahoskatutako hitzak. Beste andreak eskutik heltzen bazion ere, ukimenak ez zion eskuaren seinalerik bidali garunera. Eta berriz ere non egon ote zen ordura arte galdetu zion bere buruari.

Hiri hark Bilbo ematen zuen, hori adierazten zuen Deustuko Unibertsitatearen fatxadak, baina zer egiten zuten han aurreko zubitxo estuak, eta metalezko eraikinak, eta atzean ageri ziren hiru etxe-orratzek? Non zeuden ontziolaren eraisteak utzitako burdin hondarrak? Garabiak? Trenbide herdoildua? Ibaiari so egin zion. Ura bezala nabari zuen gorputza. Laxatu eta andrearen besoetan utzi zuen, halako naretasun bat nabarituz lehenengo aldiz; eta, hala ere, andrearen gorputzak ez zion hotzik erantsi lehendik zuen hotzari.

Bilbon zegoen, beraz. Erabakitzeak hasieran lasaitu bazuen ere, urduritu egin zuen gero: baina, orduan, non egon zen ordura arte? Ilea ukitu zuen zikina zuelakoan, eta halaxe iruditu zitzaion, koipetsua, ama harrotzen zuen lustre hura gabea. Ama. Non ote zegoen ama? Gauzetara heldu ezinik, loka balebil bezala sentitzen zuen gorputza, eta gogoa, berriz, errotik irtena, ezlekuan, mugak lausotu balitzaizkio bezala. Non egon zen ordura arte?

Andreak mintzatzeari utzi zion.

«Badatoz» esan zion zutik zegoen andreak eserita zegoenari.

Zer ari zen gertatzen? Besarkatua zuen andrearen laztanek hotza uxatu zioten eta aspaldi izozturik egondako horma urtzen ari zela iruditu zitzaion. Ez zuen ezer ulertzen. Eta anaia? Baina zergatik zuen zulo beltzaren horrenbesteko sentsazioa?

Bat-batean Sestaora joateko gogoa sortu zitzaion. Bazekien Plaza Eliptikora joan behar zuela autobusa hartzera. Altxatu egin zen braust batean eta ilea lisatzen hasi zen urduritasuna gogorarazi zion sentsazio batez. Eraikin erraldoiaren aurreko urmaeletik lurrina ateratzen hasi zenean beldurtu egin zen. Ametsezkoa nabari zuen bere burua. Erantzunak behar zituen. Berehala.

Sirenak entzun zituen. Horrek urduritasuna behar zuen. Jauzika hasi zitzaizkion gorputz atalak txotxongilo baten moduan, andre horaila berari eusten saiatzen zen bitartean.

Artega so egin zion ibaiari. Artega eraikinari. Artega bi andreei.

«Zer gertatzen da, laztana?»

Erredura bat nabaritu zuen bularrean. Ez zion izenik jartzen jakin gertatzen zitzaionari. Bere baitan arakatu zuen erredura haren izenaren bila, baina gogoa hustu egin zitzaion hitzen erauntsia oihartzuna bezala urrundu bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.