LIBURU AURRERAPENA

Gari eta goroldiozko

Bi paisaiak bat egiten dute Anari Alberdi Santestebanen lehen liburuan: garizkoak eta goroldiozkoak. 50 urteak beteak dituen emakume bat ageri da hartan, zinematik etxerako bidean, denboraren eta espazioaren tolesturetan. Pasarte hautatuak dira hauek.

MIKEL URIBETXEBERRIA.
Anari Alberdi Santesteban
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Zuhaizpea utzi eta ibai ertzetik jarraitu nuen. Ur gazi eta gezaren etenik gabeko gatazka bizi du bertan emari zabalak.

Batez besteko errentaren arabera, droga desberdinen arrastoak atzeman daitezke hiriko estoldetako isurietan.

Aldamenean neraman ibaiaren tarte hartako biztanleek, esaterako, frantziar estiloko eraikin dotoreetako leihate zabalen atzean beraien hezurdura higatuetan goratuak, malenkonia letalari kontra egiteko Bordeleko kopa eskuetan, ibaian barruragoko jende apalagoak isuritako antidepresibo hondarrez pozoitutako arrain sarden koreografia hipnotiko geldoari begiratzen zioten arrats hartan ere. Eta beraien biharamunetako buruko minak arintzeko hartutako kafea eta kondarrak erantsiko zizkioten ibaiaren ibilguari.

Ura bareago jaisten zen egunetan, aldirietatik inguratutako langabetuak, jubilatuak eta beste terapizatu batzuk, bizpahiruna kanabera aldean, arrantzan aritu ohi ziren ur gezak eta gaziak nahasten ziren itsaso aurreko azken zubian. Zenbaiten kasuan, psikiatrak —arrantzaren onura terapeutikoaz gain— errezetaturiko fluoxetina eta lorazepamez kutsatutako arrain berbitaminatu eta kafeinatuak harrapatu eta jaten zituzten etxera bueltan.

Hala multiplikatzen zen esponentzialki medikazioaren eragina.

***

Iluntzearen deskribapen existentzialista areagotzeko, aldirietako trena txistuka eta zezelka pasatu zen, bere onomatopeian bildua. Argi horidun leiho blindatu harramazkatu eta lurrunduen atzean poesia sozialaren topiko guztiak karraio, disforia arin bat sortzen zuen literaturaren teorian.

***

Baina egun horretan ez nintzen egun haietan bizi.

Artean, askatasuna ere bazen munduari eraikitako murru hori, aurrerago zer bilakatuko zen ezjakin.

Sarreran, kaxetan pilatuta zeuden azkenengo etxe-aldatzetik —elipsiaren mesedetan utz dezagun hitz elkartu horretan zortzi nobelatarako emango lukeen materia literarioa— erreskatatutako liburu eta diskoak. Eta hauen ondoan, tente, beste kartoizko kaxa batean, liburu eta diskook txukun paratzeko propio erositako apalategia. Nire prokrastinazio bitalaren azalpen ezin grafikoagoa.

***

Berriro erreparatu nion esku gainean idatzia nuen DENT. zirriborroari. Inpresioa egin zidan berriro ere neure azalaren zimurrak.

Azken urtebetetzean, agindu bat eman nion neure buruari: urtebete bakarrik zahartuko nintzen urtean.

DENT. Dentistari ere deitu behar nion, inplantea probatzeko ordua lotzeko.

Egun eguzkitsu hartan ere, berrehun eta hirurogeita hamar mila bizitza berri munduratuko ziren. Bezperako zerbezak gehitxo luzatzeagatik buruko minez eta nagituta jaiki den neska gazte zurbil eta meharra goiz horretako gorpua erre zain dago. Hiru ordu luze emango ditu labeak gaur hil den emakume beltzaran eta txikiaren hezurrak 800 gradutan desegiten.

Laneko txanda aldaketa tokatu zaionez, ez daki inor dagoen publikoarentzat errauskailuaren ate metalikoaren aurrean paratu ohi dituzten eserleku bakanetan. Hutsik daude guztiak eta, denbora erretzeko, aurreko mendeko poesia liburu bat irakurtzen jarraitu du alarmak jo duen arte.

Argi gorri intermitentea itzali denerako, labearen behealdeko ontzi zapalera erori dira errautsak. Bertan utziko dituzte hozten.

Ondoren, dena hauts xeheago bihurtuko duen kremuladorean sartu aurretik, burdinazko koilara luze eta mehe batez bereiziko ditu tanatorioko langileak, ganoragabe, txiklea ahoan bueltaka duela, gorpuak leuzkakeen bizitzaren errektifikazio edo gehikuntzetarako erabilitako bestelako materialak. Esaterako, gaur erraustu duten andrearen hortzetako inplanteen titanio pusketak.

Ez dira bakarrak. Errautsen artetik, hamar bat milimetroko lau torloju eta plakatxo bat ere atera ditu pintzez. Azken asteetako gainerako piezak dituen kutxatxoan gorde ditu hauek ere. Titaniozkoak dira guztiak. Industria aeronautikoan berrerabiltzen omen dituzte, hala esan diote.

***

Goiz jaikia nintzen eta bidea ere luzetxo egiten hasia zitzaidan. Erreta nituen begiak, eta izan daitekeen auto-erretratuaren definizio zehatzenean, erretrobisorean, betaurreko beltzen atzean, denborak begi ertzetan egindako zartadurak zizelkatzeari jarraitzen nion.

Esan nezake zehazteko gai ez naizen egun seinalatu batean aurpegi txarrarekin eta nekatua jaiki nintzela, eta hazpegi horixe geratu zaidala betirako. Nekatua nengoen. Nekatzen hasia beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.