LIBURU AURRERAPENA

Wikipedia eguneratzen

Bere genero kuttunari leial, Iban Zalduak ipuin liburu berri bat dakar: 'Sekula kontatu behar ez nituen gauzak'. 32 ipuin dira guztira, gehi kontrazalean doana, eta hurrengo astean aurkeztuko du. Hau da bilduman irakurri ahal izango den narrazioetako bat.

2018ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Telekinesiaz hots, pentsamenduaren indar hutsez, eta inor ohartu gabe jendea hiltzeko ahalmena bagenu guztiok, zenbat denbora iraungo luke gizateriak?

Ur Apalategi

Betidanik harritu nau Wikipediaren lastertasunak eguneraketak egiteko, batez ere pertsonaia ezagunen heriotza-datak berehala gehitzeko orduan. Sare sozialetan norbaiten heriotzaren berria zabaldu eta albistea benetakoa edo fakea den zalantzak izanez gero, entziklopedia digitaletik itzuli bat egitea bezalakorik ez dago, konfirmazio bila; batzuetan ez da beharrezkoa ezta bilatzailetik bertatik ateratzea ere, erakusten dizun Wikipediako sarreraren laburpenarekin nahikoa delako: izen-abizenen ondoko parentesian heriotzaren urtea, hilabetea eta eguna agertzen badira, zinez hil den seinale. Eta alderantziz, noski: behin-behinean, bederen. Nik neuk horrelaxe konfirmatu nituen, esatera- ko, Gu?nter Grassen, Rafael Chirbesen, David Bowieren eta Princeren heriotzen berriak, arrazoi batengatik edo bestearengatik zirrara berezia eragin zidatenak. Espero ez nituelako, ziurrenik; goizegi hil zirela iruditu zitzaidalako, nolabait.

Kasualitate batek eraman ninduen susmatzera. Artikulu bat idazten ari nintzen ipuingintza hispanoamerikarraren inguruan eta, halako batean, Ignacio Padillaren Wikipediako orrialdeari egin nion bisita. Harritu ninduen hilda zegoela ikusteak, ez nuelako uste horren zaharra zenik —eta ez, ez zen horren zaharra: ni baino gazteagoa zela egiaztatu nuen—; baina, tira, ez nion pista hain hurbiletik jarraitzen Padillari —horregatik ari nintzen Wikipedian miatzen, zer esanik ez. Baina, hobeto erreparatu nionean sarrerari, are gehiago zafratu ninduen beste xehetasun batek: heriotzaren data, 2016ko abuztuaren 20a, egun hura zen, orrialdea bisitatzen ari nintzeneko bera... Twitterrera jo nuen berehala informazio gehiagoren bila, nire time linean literaturazale ugari dagoela jakinda. Sarea bor-bor topatzea espero nuen, baina horren inguruko isiltasunak are gehiago harritu ninduen. Bilaketa bizkor bat egin nuen Twitterren zehar eta... Padillari buruzko kontu ohikoez gain, ez zegoen haren heriotza gertatu berriaz deus ere. Wikipediaren akats bat zela pentsatzen hasia nintzenean alor horretan harrapatzen nion lehenengoa!, ttak, Padillaren heriotzaren aipuak hasi ziren agertzen gutxika-gutxika, uholde bihur- tu arte.

Tarteak arduratzen ninduen, ordea: Wikipedian heriotzarena ikusi nuenetik haren gaineko lehenengo albisteak zabaltzen hasi ziren unera arteko gap labur baina esanguratsu hark. Wikipediako Padillaren sarrerako «Ikusi historia» atala zabaldu, eta hortxe zegoen gertakariaren lehenengo aipua sartu zeneko arrastoa, Deathlibrarian delako erabil tzaile batek idatzia... Padillaren heriotza ofizialaren berri eman baino ordu erdi lehenago gutxienez, gero frogatu ahal izan nuen bezala, iturri ezberdinetatik ateratako informazioa gurutzatuz.

Jakina, ezin nuen egon guztiz ziur. Heriotzaren ordu zehatzaren informazioa lortzea ez da erraza izaten eta, edonola ere, ordu horrek zerikusi gutxi izan dezake albistearen zabalkuntzaren hasiera unearekin. Baina orduz geroztik adiago ibili nintzen, eta hurrengo zendu famatuetako batzuen inguruko ikerketatxo txiki bat eraman nuen aurrera. Emaitzak ez ziren beti gezurtaezinak, baina gutxienez bi kasutan, Tzvetan Todorov pentsalari frantziar-bulgariarraren kasuan eta John Wetton musikari britainiarrare- nean, argi geratu zitzaidan haien heriotza-dataren agerpe na, Wikipediako orrialdeetan, heriotzaren albistea zabaldu baino pixka bat lehenago gauzatu zela. Hogei minutuko, ordu erdiko tartea egon zitekeen. Baina egon, bazegoen. Haietako batean, Wettonenean, Deathlibrarian hura bera zen aldaketaren arduradun, baita konfirmatu ezin izan ni- tuen beste kasu batzuetan ere. Baina Todorovenenean —bai eta susmagarri iruditu zitzaizkidan beste zenbaitetan ere— ezizen eta IP ezberdinak agertzen ziren. Ez zirudien hura pertsona bakar batek antolatutako konplota zenik, beraz.

Orduz geroztik, ideia asaldagarri batek bete zituen nire pentsamenduak: Wikipediako data heriotzaren beraren aurretik bazihoan, ez al zen posible hura bertan idaztea izatea, hain zuzen, heriotzaren eragilea bera? Ideia absurdoa zen, noski. Baina nola azaldu, bestela, egokitze falta horiek? Datuen eta orrialdeen metaketa gero eta handiagoarekin, sarean zehar gero eta erritmo hazkorragoan zabalduz, ahalmen bereziak garatzen ari al zen Wikipedia? Entziklopedia soila baino zerbait gehiago bihurtzen ari al zen?

Edonola ere, nork izan zezakeen halako jendea hiltzeko desioa? Jakina, nik miresten nituelako pentsatzen nuen hori. Baina ondoren, hausnartzen jarraitu, eta, nik miretsi egiten nituen bezala, gorroto zituztenak egongo zirela bururatu zitzaidan. Eta horrek nire alde gaiztoena piztu eta areago pentsatzera eraman ninduen.

Modu bakarra baitzegoen Wikipedia tresna hilgarri eta hiltzaile izan zitekeela frogatzeko. Nire zalantzak izan nituen, egia esan behar badut. Baina, obsesioaren eta zalantzaren arteko puntu horretan, beste erremediorik ez zitzaidan geratu. Zuzen aukeratzen saiatu nintzen. Ondo merezi zuen norbait, ororen gainetik. Nire ustez, behintzat.

Ez nuen plazer berezirik sentitu egin nuenean: «Aldatu» atala zabaldu eta haren jaiotza dataren ondoan heriotzarena gehitzeak ez du zirrara berezirik eragiten; niri, bederen, ez zidan eragin.

Eta zaputzaldirako prest egonda ere, ez zen halakorik gertatu, uste baino luzeago itxaron behar izan nuen arren: aldaketa egin eta ordu eta erdira-edo, aukeratutakoaren heriotzaren inguruko albisteak hasi ziren agertzen sarean, baita dolumin erakustaldiak ere, horietako batzuk esango nuke nahiko itxuragabeak; The Stranglers taldeak kantatzen zuen bezala, «Everybody Loves You When You're Dead». Edonola ere, euskal munduan berri hauek mantsoago zabaltzen dira, antza denez, nazioarteko mailan baino. Euskal kulturaren azpigarapen —izan gaitezen optimistak— arinaren enegarren froga? Auskalo.

Ez dut, badaezpada, haren izenik emango; interesa duenak Wikipediako 2017ko hildakoen zerrendan kuxkuxeatu dezake, eta aieruka aritu. Ez legearen beldur naizelako, inor horrelako ezer sinestera iritsiz gero ere delitua frogatzea oso zaila izango bailitzateke: ez nuen nire izenez sinatu Wikipediako sarreraren aldaketa, hori esan gabe doa, eta IPak ez nau salatuko, lokutorio batetik egiteko bezain zuhurra izan nintzelako. Ez, nire kezka beste bat da: froga egin eta egun gutxitara, nire Wikipediako sarreran alda- ketak hasi ziren agertzen. Ez bereziki inportanteak: koma batzuk ipintzea eta kentzea, atal baten izenburua birformulatzea, lotura batzuk gehitzea... Baina guztiak sinatzen ditu Deathlibrarian delako erabiltzaileak, nire historian lehenengo aldiz agertu dena, dakusadanez.

Ez dakit gaztigu moduko bat den edo —halakorik existitzen bada— Wikipediako asasinoen kofradiara ongietorria emateko bide bitxi bat. Deathlibrarianen beste seinaleren baten zain geratu naiz luzaro; alferrik, oraingoz.

Agian oker egiten ari naiz zuei hau guztia kontatuta.

Nire heriotza hemendik gutxira gertatzeak lehenengo hipotesia baieztatuko luke. Wikipediako hildakoen zerrenda loditzen hasteak, bigarrena. Izan ere, zuek ez zenukete baten bat mundu honetatik ezabatuko, horren erraza balitz?

Soilik ondo merezi duen jendea, zer esanik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.