KRITIKA. Antzerkia

Ekaitz perfektua

Agus Perez -

2018ko otsailak 6

'Una gata sobre un tejado de zinc caliente'

Egilea: Tennessee Williams. Bertsioa eta zuzendaritza: Amelia Ochandiano. Eszenografia: Ricardo Sanchez Cuerda. Argien diseinua: Felipe Ramos. Antzezleak: Eloy Azorin, Begoña Maestre, Juan Diego, Ana Marzoa, Marta Molina, Jose Luis Patiño. Lekua: Bilboko Campos Eliseos antzokia. Eguna: Otsailak 2.

Aita hil zenean maleta huts bat utzi zion herentzian semeari, eta semeak hamabost mila hektareako inperio bihurtu zuen hasierako miseria hura. Berak bakarrik, antza. Bere eskuekin eta inolako laguntzarik gabe bete zuen garai batean pentsamendu kapitalistaren ikurra zen amets amerikarra delakoa. Ildo beretik, nago garai bateko self made man adierazpidea (bere burua egindako gizona) ezezaguna egingo zaiela mende honetako irakurleei, baina hori berori dugu familiako patriarka tirano, zurrun eta matxista hau.

Cat on a Hot Tin Roof antzezlanak 1955ean eskuratu zuen Pulitzer saria, eta, Tennessee Williamsen lan literario gehienetan igartzen den bezala, aztarna autobiografiko nabarmenak aurkitu ditzakegu antzezlaneko pertsonaia askorengan eta beraien arteko harremanetan. Kasu honetan, argi dago patriarkaren figurak egilearen aitaren ezaugarri batzuk dituela, eta emanaldian zehar agertu diren beste kontu batzuk —homosexualitate ez onartuak dakartzan arazoak eta, beste arlo batean, alkoholismoa—bete-betean sartzen direla Williamsen arlo autobiografikoan.

Lerro hauek betetzen ditudan bitartean argi daukat ezin dudala autore handi haren balioa behar bezala jaso, baina dudarik gabe antzezlan hau eta idazle beraren beste batzuk —The Glass Menagerie, A Streetcar Named Desire, Suddenly, Last Summer...— iruditeria kolektiboaren parte dira eta hilezintzat jo ditzakegu, giza arimaren azterketa sarkorra dela medio eta norbanako askoren sufrimendua sentsibilitate handiz eta melodramatik urrun irudikatzeagatik.

Amelia Ochandiano madrildarrak hango ekoizpen askoren ildo guztiz komertzialetik zuzendu du oraingo bertsioa, eta Bilbora etorri da Campos Eliseos antzokiak lau haizeetara agindu digun programazio berrituaren barruan. Eremu eszenikoa ikusi dugunean bihotzekoa izateko zorian egon gara, hain zen ziztrina hirugarren eskuko altzari miserableekin egindako dekorazioa. Baina, tira!, ez gara lehen inpresioarekin geratuko. Orduan etorri dira Maggie (Begoña Maestre) bere gorputz-keinuketa larregizkoarekin eta Brick (Eloy Azorin), eta azken horri entzutean hasi gara pentsatzen gorreria selektiboa genuela, besteei bai baina berari ez geniolako ez entzun ez ulertu esaten zuenaren erdia. Beranduago etorri dira besteak, eta Juan Diego beteranoari ere ez dizkiogu esaldien erdiak ere ulertu, hamalaugarren lerroan jesarrita egon arren.

Orduan konturatu gara antzerkigile benetan handia zela Tennessee Williams, gerraosteko eszenaratze horrekin eta maila bereko antzezleekin ere interesgarria egiten zaigulako. Ahaztu ditzagun, beraz, behin eta berriro jaitsi den soineko kremailera hura; ahaztu, mesedez, jausteko zorian egon diren ohe ponposo hartako zutabe okerrak, ahaztu burkoa astintzean eskandaloso sakabanatu diren gomazko apar zatiak, ahaztu haize-orratzean ekialdea eta mendebaldea alderantziz jarrita zeudela, ahaztu su artifizialak irudikatzeko argi miserableak eta ahaztu, azkenean, ekaitzeko tximista den-denak goi-ezkerraldeko erpin beretik etorri direla. Ekaitz perfektua, alajaina!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna