Txinaren aurpegi guztiak

Txinako Yitu enpresak adimen artifizialeko sistemak sortzen ditu, gaizkileak harrapatu, osasun sistema hobetu eta txartelik gabe ordaintzeko.
Txinako hainbat segurtasun indarrek erabiltzen dituzte Yituk sortutako sistemak.
Txinako hainbat segurtasun indarrek erabiltzen dituzte Yituk sortutako sistemak. ZIGOR ALDAMA

Zigor Aldama

2018ko urtarrilak 13
Yituren egoitzaren eraikineko igogailuek ez dute botoirik. Automatikoki eskaneatzen dituzte erabiltzailearen langile nahiz bisitari txartelak, eta baimendua duten solairuan geratzen dira. Hala, baimena duen norbaitek lagunduta soilik sar daiteke beste solairu batean. Edo, ia film batetik ateratako muturreko kasu batean, larrialdi bat sortu eta eskailerak erabilita, Shanghaiko etxe orratz futurista hau ebakuatzen duten bitartean.

Baina horrela ere ezinezkoa litzateke oharkabean sartzea. Izan ere, eraikinera sartzen diren guztien begitarteak erregistratzen ditu aurpegiak ezagutzeko Yituk sortutako sistemak. Gero, adimen artifizialeko algoritmoaren bitartez, eraikin guztian dauden segurtasun kamerak erabiltzen ditu sistemak, pertsona horiek edonora doazela ere ezagutu eta jarraipena egin ahal izateko. Horren guztiaren berri ematen die segurtasun langileei.

Zaintza sistema aurreratu horren eraginkortasunari buruzko zalantzak uxatzeko, 25. solairuko pantaila erraldoi batek kameren aurrean egon diren guztien ibilbideak adierazten ditu solairu bakoitzeko plano batean. Bisitariak leku bakoitzean zer egin duen bistara dezake bideoan.

Yitu enpresa Txinan egiten ari den guztiaren lagin txiki bat baino ez da hori. «Gure sistemak aise ezagut dezake edonor 2.000 milioi pertsonaren artean», dio Zhu Longek, Yituren kofundatzaileak. Eta ez da harropuzkeria. Haren Dragonfly Eye programak Txinako base nazionalean jasotako 1.700 milioi erretraturekin egiten du lan dagoeneko; haien artean daude herrialdeko 1.400 milioi biztanleen erretratuak, eta baita herrialdera sartzean mugan erretratatutako beste 320 milioi atzerritarrenak ere.

Tokian tokiko nahiz probintzietako ia 200 segurtasun indarrek erabiltzen dituzte jadanik Yituren algoritmoak, egoitzatik baino askoz harago ere erabilgarriak direla frogatu baitute. Esate baterako, Qingdaoko Garagardo Festan erabili zituzten, eta haiei esker 22 ihesle antzeman, zeinak egunean bertan atxilotu zituzten. Suhzoun 500 kasu kriminal argitu dituzte Dragonfly Eyek bildutako frogei esker. Kostako Xiamen hirian, garraio publikorako erabiltzen dute, eta autobusetako lapurretak %30 jaitsi dira. Duela bost urte eraildako baten kaskezurra ere identifikatu du sistemak.

«Adimen artifizialaren iraultza Industria Iraultza baino handiagoa da, eta azkarragoa», dio Zhuk, tinko. «Jendea eztabaidan sartuta dago ea egiazkoa den, ala burbuila bat den, baina aurpegia ezagutzeko sistemen aurrerapenek berretsi egin dute eremu horren potentzial eskerga. 2015ean gure sistemak Immigrazioko langileek baino azkarrago erabaki zuen bi irudi pertsona berarenak ziren ala ez, eta orain askoz ere eraginkorragoa da. Orain, gure algoritmoak edonor ezagut dezake, baita duela 30 urteko argazki batekin ere».

Txinak berehala baliatu du aurrerapen teknologiko hori hiriak seguruago bilakatzeko. IHS Markitek kalkulatzen du gutxi gorabehera 170 milioi segurtasun kamera daudela lurralde osoan zehar, eta horiei beste 450 bat milioi gehituko zaizkie 2020ra bitartean. Azpiegitura ezin hobea da aurpegi eta ibilgailuen ezagutzan oinarritutako segurtasun sistemak martxan jartzeko.

«Kamerek bere lana egiten laguntzen diote Poliziari. Baina ezinezkoa da agenteek berek irudi guztiak ikustea. Adimen artifizialak, aldiz, datu esanguratsuak eskura ditzake egunero sortzen den terabyte mordotik», azaldu du ingeniariak. «Gure beste segurtasun sistemetako batek ibilgailuak ezagutzen ditu ia %100eko zehaztasunez. Matrikulak irakurtzen ditu, datu baseak erkatzen ditu identifikaturiko autoaren modelo eta kolorearekin, eta matrikula faltsuak antzemateko nahiz trafikoko arau hausteak erregistratzeko balio du. Gainera, trafikoaren patroiak aztertzeko erabil daiteke, eta baita hirietako auto pilaketak arintzeko neurriak diseinatzeko ere», seinalatu du Zhuk.

Pribatutasunaren auzia

Baina guztiek ez dute uste teknologia berri horrek dakarren boterea soilik ongia egiteko erabiliko denik. Human Rights Watchek ohartarazi du Pekingo erregimenak «herritarren pribatutasuna bortxatu eta disidentziaren aurka ekiteko» erabiltzen duela. Sophie Richardson GKEaren Txinako zuzendariak zera dio: «Agintariek geroz eta gehiago biltzen eta zentralizatzen dute ehunka milioi herritar arrunten informazioa; identifikatu egiten dituzte haiek 'ideologia normaltzat' duten horretatik desbideratzen direnak, eta datuak haiek zelatatzeko erabiltzen». Richardsonek dioenez, jarduera horiek «berehala gelditu beharko lirateke, harik eta Txinak pribatutasuna babesteko legedi sinesgarri bat onartzen duen arte».

Zhuk dio, bere burua defenditzeko, ez dela bere erantzukizuna berak garatzen duen teknologia nola erabiltzen den.

Baina osasun sistema iraultzeko aukerak eragiten dio Zhuri zirrararik handiena. Horretarako, Yituk AICare algoritmoa sortu du, eta probatua dute A hirukoitza sailkapena (herrialdeko onena) duten zenbait ospitaletan. «Proba mediko bisualen analisirako sistema bat da; adibidez, X izpiak, eskanerrak eta erresonantzia magnetikoak aztertzen ditu. Oro har, espezialista batek hamar minutu ematen ditu proba horren txostena egiten, baina gure algoritmoak bizpahiru segundo baino ez ditu behar informazio guztia daukan testu fitxategi bat sortzeko. Adibidez, tumorerik badago, AICarek detektatu egiten du, eta txosten mediko bati dagozkion parametro guztiak bereizten; kokapena, tamaina, etc…», azaldu du Zhuk.

Haren iritziz, adimen artifizialeko sistema horiei esker nabarmen hobetuko da Txinako osasun sistemaren kalitatea, batik bat gutxien garatutako eskualdeetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna