Dimentsio arteko esperimentua

Telesailen mundura itzuli da Cary Fukunaga, 'True Detective' saioaren lehen denboraldiko zuzendaria. 'Maniac'-en puntako aktoreak bildu ditu: Emma Stone eta Jonah Hill, adibidez

Esperimentu farmazeutiko batek elkartutako bi pertsonaren istorioa kontatzen du telesailak. BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
True Detective telesailaren lehen denboraldi goratuari esker lortu zuen Cary Fukunagak nazioarteko sona. Zuzendari estatubatuarraren estilo bisual ezin pertsonalagoak istorioari nortasun propioa eman zion, eta ikusleen zein kritikaren onarpen bateratua lortu zuen; baita Hollywoodena ere, Fukunagak berak eskuratu zuen 2014an zuzendari onenaren Emmy saria. Telesailaren sortzaile Nic Pizzolattorekin izandako desadostasunak direla medio, ordea, proiektua alboratu eta zineman abiaturiko bideari eman zion segida.

Lau urteren ostean, sortzaile kaliforniarra pantaila txikira itzuli da Netflixen Maniac telesailarekin. Streaming bidezko kateak hamar ataleko elkarlana adostu du Fukunagarekin izen bereko telesail norvegiarraren moldaketa estatubatuarra osatzeko, eta aurreikuspenik handiena eragin duten udazkeneko estreinaldien artean kokatu da. Esperimentu farmazeutiko batek elkarturiko bi pertsonaren istorioa kontatzen du telesailak, bi protagonistek esperimentua baliatu nahi dute okerreko bidea hartu duten euren bizitzak konpontzeko, baina emaitza ez da eurek esperotakoa izango.

Istorio berrirako zinema munduko lehen mailako aktoreak batu ditu Fukunagak: Emma Stone, Jonah Hill eta Justin Theroux, besteak beste. Telesailen azken urteetako loraldiaren isla da honako hau, zinemak erreferentziazko eremu izateari utzi dio sortzaile askorentzat eta geroz eta gehiago dira pantaila txikira jauzia egin duten aktore zein zuzendariak. Eraldaketa horretan, ordea, telebista munduko zuzendariaren figura indartuta atera da. Horren erakusgarri da Fukunagak berak, True Detective saioan bezala, Maniac telesailean ere atal guztiak zuzentzeko ardura hartu izana. Telebista saioen munduan tradizionalki zuzendari ezberdin batek filmatu izan du atal bakoitza, eta horren ordez istorioaren gidaritza pertsona bakarrean zentratuz, telesailak aukera izango du denboraldiaren koherentzia formal zein artistikoa bermatzeko.

Arlo narratiboari dagokionez, Fukunagaren lan berriak gogora ekar ditzake Black Mirror eta Westworld telesailak, istorioak gogoeta sustatzen baitu errealitate anitzetan bizitzeak edota garuneko barne egitura eraldatzeak dakartzaten aukeren inguruan.

Eta Westworld, HBO katearen erreferentziazko telesail berrietako bat aipatuta, ezin ahaztu telebista saioen ekoizpenean diharduten bi etxe nagusien arteko tronuaren lehia. Streaming zerbitzuak mundu zabalean hedatu direnetik HBO eta Netflixek edukiak areagotu dituzte eta ahalegindu dira kontsumitzaileak formula berriekin erakartzen. Azken horrek, ordea, ez du aurten oraingoz zinemagile edota aktore esanguratsuak presente dituen telesail berririk plazaratu, eta Maniac izan liteke hutsune hori beteko duen obra. Udazkeneko estreinaldi seinalatuen artean dago Cary Fukunagaren lan berria, ikusteke, ordea, nagusitasunik izango ote duen hilabete gutxiren buruan ugarituko diren urteko telesailik onenen zerrendetan.

'MANIAC'

Sortzailea: Cary Joji Fukunaga.

Aktoreak: Emma Stone, Jonah Hill, Justin Theroux, Sally Field, Billy Magnussen, Sonoya Mizuno, Sejal Shah.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2018.

Non ikusi: Netflix.

Atal bakoitzaren iraupena: 30 minutu.

Generoa: Drama. Fantastikoa. Komedia beltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.