Gazteek soldataren erdia baino gehiago behar dute etxea ordaintzeko

«Gazteek zailtasun handiak dituzte etxebizitzen merkatu librean emantzipatzeko». Hori adierazi zuen atzo Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030erako Agendaren idazkari nagusiak, Gazteen Euskal Behatokiak egindako Etxebizitza emantzipazioaren kostua Euskadin 2021 txostenaren aurkezpenean. «18 eta 34 urte bitarteko soldatapeko gazte batentzat bakarrik emantzipatzea zer den baloratzea da helburua», azaldu zuen. Txostenaren arabera, 2021ean, soldatapeko gazte batek bere soldata garbiaren %52,9 erabili behar zuen etxebizitza libre bat erosteko, eta soldataren %51,1 alokatzeko. «Finantza erakundeek eskatzailearen kaudimena zehazteko ezarritako muga soldata garbiaren %30 da, eta ehuneko horretatik oso urrun gaude». Are gehiago, ehunekoa gainzorpetzearen mugaren gainetik ere badago: %40 da. Txostenak jasotako datuen arabera, gazteak ezin dira bakarrik emantzipatu.
Aurreko urtearekin alderatuta, ehunekoa txikiagoa da. 2020an, etxebizitza libre bat erosteko, gazte batek soldata garbiaren %58,7 erabili behar zuen, eta alokatzeko, %54,7. «Etxebizitza eskuratzeko kostuak behera egin du, soldaten igoera etxebizitza libreen prezioena baino zertxobait handiagoa izan delako», zehaztu zuen Fernandezek.
Etxebizitza librea merkatuaren oraingo prezioan eskuratu ahal izateko, gazteen soldata %70 baino gehiago igo beharko litzateke, bai erosteko, baita alokatzeko ere.
Etxebizitza babestu batek «aukera hobeak» eskaintzen ditu, eta kostu «onargarriagoak» ditu. «2021ean, soldataren %28,8 bideratu behar zuten hipotekara, eta %28,1 alokairura». Hala ere, arazo bat dago: «Etxebizitza babestuan, eskaintza eskaria baino txikiagoa da». Aurreko urtearekin alderatuta, etxebizitza babestu bat erosteko erabili beharreko soldataren ehunekoa ez da asko aldatu; %28,9 zen 2020an. Alokairuari dagokionez, ehunekoa puntu bat handitu da: %27,2tik %28,1era.
Egoera ez da asko aldatu
Nahiz eta ehunekoek aldaketaren bat izan, 2020an kostu handienak zituzten gazteak dira 2021ean kostu handienekin jarraitzen dutenak. Lurralde historikoei erreparatuz, merkatu librean sartuz gero, Gipuzkoako gazteek ordaindu behar dituzte kostu handienak, lurralde horretan garestiagoak baitira etxebizitza libreak. Emakumeek gizonek baino zailtasun handiagoak dituzte euren kabuz emantzipatzeko, emakume eta gizon gazteen arteko soldata desberdintasuna dela eta. Horrez gain, nagusiagoak diren gazteek kostu txikiagoa izaten dute etxebizitza eskuratzeko. Izan ere, adinak gora egin ahala, soldatek ere gora egiten dute. Hala ere, merkatu libreak etxebizitza ordaintzeko zorpetuegi uzten ditu 30 eta 34 urte bitartekoak.
Zailtasun horiei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 euskal estrategia aurkeztu zuen abenduaren 7an. 2030ean gazteen emantzipazio adina 28 urtera jaistea du helburu. «Gaur egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, emantzipatzeko batez besteko adina 30,2 da; Europan baino lau urte beranduago», esan zuen Fernandezek. Horrez gain, 25 eta 29 urtekoen artean emantzipazio tasa handitu nahi dute, egungo %39,5etik %50era. Gazteen enpleguan, etxebizitzan eta errentan esku hartzen duten neurrien bidez lortu nahi dute helburua. 2023ko otsailaren 7ra arte, ekarpenak jasoko dituzte.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.