Albistea entzun

Koronabirusa. Eneko Andueza. PSEko legebiltzarkidea

«Hasi behar dugu pentsatzen zer sistema publiko nahi dugun»

Anduezak aitortu du koronabirusaren krisiak gain hartu diela gobernuei, eta nabarmendu du indartu egin behar dela alor publikoa. EAEko bozak uda ondoren egitearen alde egin du.

JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2020ko apirilak 8

Astelehena da, apirilaren 6a, eta, elkarrizketa honetan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondorenaz jardun beharko genukeen Eneko Anduezarekin (Eibar, Gipuzkoa, 1979), Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi eta legebiltzarkidearekin. Ordea, koronabirusaren krisiagatik, atzeratu egin zituzten bozak. Andueza ere etxetik ari da lanean azken asteotan.

 

Joan den igandean behar zuten EAEko hauteskundeek. Noizko aurreikusten dituzu zeuk?

Ez da egokia izango uda aurretik egitea. Normaltasun egoera bat izan gabe, ez du zentzurik hauteskundeetara joatea, eta, gainera, denborazko prozedura ere hartu behar da kontuan. Baina hori gogoeta pertsonala da, ez alderdiarena. Krisi hau dela eta, alderdian ez dugu horretaz hitz egin.

Eusko Legebiltzarra gaitzeko eskatu du EH Bilduk, ez delakoan aski Diputazio Iraunkorra.

Nik ez dut uste juridikoki posible izango denik gaitzea. Egia da, gauden egoeran ez da erraza Diputazio Iraunkorrean telematikoki erritmo bat izatea, baina hala moldatu beharko dugu bitartean.

Nola harrapatu du koronabirusaren krisi honek Osakidetza?

Dimentsio handiko krisia da hau, eta dinamikoa, aldatzen doana. Edonori hartu dio gaina: edozein gobernuri, edozein osasun sistemari. Espainiako eta Euskadiko gobernuen aldetik gauzak hobeto egin zitezkeen, baina ahal dena egin da. Hemendik aurrera gogoeta egin behar dugu zerbitzu publikoez; nolakoak nahi ditugu? eta zer garrantzi dute haiek krisi egoerei edo normalagoei aurre egiteko? Inoiz baino inportanteagoa da zerbitzu publiko garrantzitsuak edukitzea.

Eta EAEn ba al daude?

Nahikoa onak ditugu, baina urte askoan pentsatu dugu inon baino hobeak ditugula. Ikusi da ez dela horrela eta gabezia bat dugula. Hobetu egin behar dira. Baina honek ez du izan behar soilik krisi garaiko gogoeta. Adibide garbi bat jarriko dut. Duela urte batzuk alderdi sozialistak esaten zuen Eibarren ezinbestekoa zela erietxe bat, eta alderdi askok zioten, EAJk barne, ez zegoela beharrik, baina orain ikusi dugu zer onura ekarri duen Eibarko ospitale berria egoteak: ez balego, Txagorritxukoa [Gasteiz] kolapsatuta legoke. Egoera normaletan osasun publikoan murrizketak egin dira, eta orain gogoratzen gara halakoez. Ez dugu murrizketa gehiagorik behar; argi ibili behar da.

Zer gizarte eredu eraikitzen joan gara? Krisi honetaz gain, duela bi hilabete Zaldibarko hondamendia gertatu zen. Jasangarria al da daukagun eredua?

Sistema publikoa berritu egin behar dugu, eta sendotu. Horrekin batera, sistema publikoaren onurarako, kontrol politikoa handitzeaz gain kontrol teknikoa ere handitu egin behar da. Arlo guztietan. Datorkigun krisia ez da txikia izango. Batzuek esaten dute aurreko krisi ekonomikoa bezain luzea ez dela izango, motzagoa izango dela, baina krisi berri hau atarian daukagu, eta hasi behar dugu pentsatzen nolako sistema publikoa nahi dugun, eta, ondorioz, nolako gizarte eredua.

Nola lortu finantzabidea zerbitzu publikoak indartzeko?

Sistema publikoa indartzeak, logikoki, kostu ekonomiko bat izango du, eta hori finantzatzeko moduak bilatu beharko dira. Aurrekontuak aldatzea da aukera bat, baina fiskalitateaz egin beharko da hausnarketa bat, gehien dutenek gehiago jartzeko.

Nolakoa izan daiteke krisi gogor, global eta askotariko honen osteko erantzun soziala?

Espero dut erantzun aurrerakoi bat izatea. Lortu behar duguna da elkarlana hitza ez izatea lelo bat soilik, baizik eta benetako kontzeptu bat. Hortik abiatzen bagara izango da gizartea aurrerakoiagoa. Krisi hau eta honen ostekoa [Espainiako] estatuan eskuinak nola kudeatuko lukeen pentsatzeak beldurtu egiten nau.

Zuek EAJrekin ari zarete gobernatzen instituzio nagusietan.

Bai, eta koalizio gobernua sendo eta osasuntsu dago.

Krisi honetan zeuk kritikak egin dizkiezu Nekane Murga eta Arantxa Tapia kontseilariei.

EAJri ez zaio gustatzen guk geure iritziak plazaratzea. Gu ez gara EAJren morroi eta geure pentsaera dugu. Elkarrekin gobernatzen ari gara, bai, baina horrek ez du esan nahi EAJren erabaki guztiekin ados gaudenik. Ez gaudenean ados, esan egiten dugu, esateko askatasuna dugulako.

Non izan duzue desadostasun handiena EAJrekin? Ekonomia gelditzeko neurrian, agian?

Bai, topo egin dugu hor. Espainiako Gobernuak dekretua ezarri, eta Tapiak protagonismo politikoa bilatu zuen eta kritikak egin zituen. EAJkoek ez dute elkarlanik erakutsi, eta horrela ezin da. Tartean sartu zen, gainera, Confebask; Zubiaurre presidentearen jarrera demasa izan da. Baina EAJk Sanchezi konfiantza kentzen baldin badio, nori emango dio: Casadori? Abascali? Espainian bi alternatiba daude gobernurako: sozialistok edo eskuina.

Eta PSE-EEk ez al du beste bazkide posiblerik? Miren Gorrotxategik (Elkarrekin Podemos) indar «progresisten» arteko batasuna proposatu du.

Ikusi behar da datozen hauteskundeetan bakoitzak zer ateratzen duen, eta aztertu beharko programen artean zer sintonia dagoen. Baina Miren Gorrotxategik ez du beste ideiarik hori baino. Galdetuko nioke ea zer proiektu daukan Ahal Dugu-k Euskadirako. Indar progresisten batasunaren kontzeptua oso polita da, baina horren atzetik proiektu bat behar da, eta nik ez diot proposamen bat bera ere entzun hari. Ezker abertzaleak, berriz, oraindik ibilbide bat du egiteko. Berak jakingo du presarik baduen bide hori egiteko. Horrek ere markatuko du Euskadiko etorkizuna.

Zuen presidente ohi Jesus Egigurenek otsailean BERRIAn iragarri zuen 2023ko udal hauteskundeen ondoren hasiko zaretela EH Bildurekin itunak egiten.

Ikusiko dugu. Nik ez dut jartzen eperik. Bakoitzak jakingo du zer egin behar duen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sareren manifestazioa Santurtzin, gaur zortzi. ©Aritz Loiola / Foku

Beste sei preso Euskal Herriratuko dituzte

Jon O. Urain

Gainera, beste euskal preso bat lekualdatuko dute Iruñetik Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako kartzelaren batera.

Lau kideak hil zituzten gunea, Pasai Donibanen. ©Andoni Canellada / Foku

Pasaiako sarraskiko poliziak identifikatzeko saio bat egingo dute

Xabier Martin

Komando Autonomoetako lau kide hil zituzten polizia operazio horretan, eta idenfikazio proba batera deitu du epaileak lekuko bakarra: Joseba Merino. Martxoaren 28an du ordua, Donostiako epaitegietan.

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Gure erronka da nola lotu nazio proiektua oraingo borrokekin»

Joxerra Senar

Hiru urteko etenaldiaren ostean, Plaza Hutsa egingo du Sortuk Burlatan bihar. Militantziaren bilgune horretan, herrigintzari buruz gogoeta egin eta ildo bat ezarri nahi diete aurretik ezarritako sei eremu estrategikoei.
Dozenaka jende agertu zen atzo Baionako auzitegi aitzinean, auzipetuei sostengua erakustera. ©GUILLAUME FAUVEAU

Martxoaren 9an emango dute 11 'bakegileren' inguruko deliberoa

Ekhi Erremundegi Beloki

Hamar auzipeturentzat 950 euroko isuna eskatu du fiskalak, gibelapenarekin. Uztailaren 23ko protestetan autobidea blokeatzea egotzita epaitu dituzte. Ekintza justifikatu dute guziek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...