Koronabirusa

TERMOMETROA (VIII)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuola (Gipuzkoa), Iruñea, Baiona, Donostia eta, halabeharrez —ahotsetako batek anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehazgabetu batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
«Geure buruarengandik ihes egiteko aukerarik
ez daukagu»


Josebe Blanco Baserritarra

Lagun batek atzo esan zidan astuna egiten ari zaiola itxialdia; tristura, malenkonia eta halakoak datozkiola. Zer pentsatua eman zidan. Geure buruari halakoetan erortzeko baimenik ez ote diogun ukatzen... Iruditzen zait indar handia jartzen dugula ez sentitzen eta ez bizitzen gustagarriak ez direnak, eta saiatzen garela geure burua ezkutatzen.
Kapitalak oso ongi erakutsi digu ihesbideak zeintzuk diren; kontsumoa da bat. Kontsumoaz ari naizenean, oporrez ari naiz, autoez, etxeez, pintxo-poteaz... Ahaztu barruan bizi duzun hori eta zoaz kanpora, merezi duzu leloa denok barneratu dugu, neurri batean. Ez dugu ispiluaren aurrean jarri nahi, ez dugu sentitu nahi sentitzen dugun bakardadea, beldurra, gorrotoa, haserrea, atsekabea edo dena delakoa. Eta hara non, orain, bitxo txiki-txiki-txiki batek itxi egin gaituen, eta ihesbide guztiak mugatu dizkigun. Bi kaiolatan gaude. Barruan daukaguna da bat; kaiola horretatik ihes egiteko sistemarena bigarrena, kontsumoarena. Bigarren kaiola horren atea itxi denean, lasaigarri funtzioa galdu du, eta gure barrukoa azaldu zaigu.
Aukera hau baliatu egin behar dugu, geure buruarengandik ihes egiteko aukerarik ez daukagunez, ispiluak erakusten digun benetako ni horrekin bakean bizitzeko.

«Etxean jipoitutako bi emakume artatzea suertatu zitzaigun atzo»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Betiko dikotomian ari gara: arnasketa sistemako larrialdiak alde batean; gainontzeko guztiak bestean. Azken horretan aritzekoa nintzen atzo, eta halaxe hasi nuen lanaldia. Etxean jipoitutako emakumeak artatzea suertatu zitzaigun, lanean ari naizenetik lehen aldiz. Bi kasu izan ziren, gazteak biak. Mediku egoiliarra etorri zitzaigun protokoloaz galdezka, eta ez genekien zer egin. Ez dakit zertan geratu zen emakume haiena, arnasketakoen zirkuitura pasatu behar izan bainuen, hainbestekoa zen zeukaten lan karga.
Koronabirus probak egiten aritu nintzen han, ia arratsalde osoa, odola ateratzen eta beste. Gero eta gazte gehiago dator. Euretako batzuk, etxean zortzi bat egun sukarrarekin eman ostean hobetzen ez zutela ikusita; eta birikak nahiko hartuta. Oro har, adineko jendea da datorrena, baina gaixoen profila aldatzen ari da pixkanaka. Ezin dugu inor behartu ospitaleratzera. Ospitaleratzeko moduan daudela esan eta hala ere etxera joan nahi baldin badute, joaten uzten diegu.
Dena ez da txarra: mediku egoiliar gazte bat, lankidea, bi astez etxean egon ondoren, lanera itzuli zen atzo. Sendatuta eta energiaz ikusi nuen, eta alaitasuna kutsatu zidan.

«Enoatzen garelarik, normalean baino gehiago jaten dugu»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Gaur atzo baino hobekiago nago, goiz honetan atera egin bainaiz, itzuli baten egitera. Hats hartzeak badu eragina ene aldartean, bistan denez. Erabat ixten bagaituzte egunen batean, hilen naiz.
Itzulia egitetik etxera sartu, bazkaria prestatu eta jatea plazera izan da. Gaur, pasta, carbonara saltsarekin. Denbora badugunez, etxean entseatzen gara errezeta berriak prestatzen. Lagunak maite du anitz sukaldean aritzea, gainera, eta gehienetan haren esku izaten dira halako lanak. Nik plazer hartzen dut. Hori ere bada gaia: anitz gehiago jaten dugu konfinamenduan gaudenetik. Ahal den janari gutxien egiten saiatzen gara, enoatzen garelarik jateko usaia badugulako, baina normalean baino gehiago jaten dugu, hala ere. Eta gutxiago mugitzen gara, etxe barruan beti.
Gaur ez gara joan supermerkatura. Badakit, hala ere, pastaren, arrozaren eta irinaren apaletan ez dela ia deus izanen; eta komuneko paperarenean berdin. Ogia ere, aski fite badoa.
Etxean garelarik, albistegietan beti aurpegi berak ageri dira: Frantziako presidentea eta ministroak. Paris, Paris, Paris, ez da besterik. Auzapezak ez dira inon ageri: dena zentralizatu da. Hauteskunde garaian heldu zitzaigun konfinamendua, ezin jakin noiz egingo dugun bigarren itzulia.

«Gidari bat ona den jakiteko, begira ezazu nola frenatzen duen»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Espainiako Ligako partida izan zitekeen, baina birusak parez pare utzi digun eztabaida bati dagokio Osasuna vs Kapitala. Zer lehenetsi behar ote dugu: jendartearen bizia ala mozkin ekonomikoa? Teorian nahikoa erantzun erraza eduki dezakeen arren, argi dago, praktikan, askoz ere orekatuago amaitzen duela dikotomiak (klase sozial guztietan).
Egoera honetan, bitxia bada ere, aberatsenek autobus (eta kamioi) gidarion leloetako bat haizatzen dute behin eta berriz: «Ba al dakizu zenbat kostatzen den gelditzea?». Bus gidari batek ongi ala gaizki gidatzen duen jakin nahi baduzu, begira ezazu nola frenatzen duen, eta ez nola azeleratzen duen. Aurrerako inertzian aritzea erraza da, izan ere, eta eteteko unean dator benetako proba.
Ongi gidatu nahi duenak progresiboki sakatu beharko du galga, eta, ahal den beste, erabateko gelditzea saihestu. Erregaia aurrezteko eta bidaiarien osotasuna bermatzeko, beti egongo da, baina, guztiz eten beharreko uneren bat.
Hutsetik abiatzeak esfortzu handia eskatuko digu beti, ados, baina birusaren hedatzea oztopatzeko dagoen modurik onenetakoa da, eta konfinamenduarekin guztiz osagarria.

«Tokitan dago orain Mendebalde osoaren handitasuna

X.X. Etxeko zaintzailea

Haurrak autobus geltoki berean jasotzen ditugun umezainek Whatsapp talde bat daukagu. Taldekideetako batek argazkia bidali digu: maskararekin ageri da; Amazon bidez erosi omen dio etxekoandreak, 17 euroan. «Zorionekoa zu», esan diot, gutako gehienoi horrelako ezer ez baitigute eman nagusiek. Zer emango digute guri, materiala herio batean eskatzen ari diren osasun zerbitzuetako langileei ere ematen ez badiete... Tokitan dago Europaren, AEBen, Mendebalde osoaren handitasuna. Atzo esan nion alabari: «Erreparatu COVID-19 izenari. Birusa 2019an detektatu zutelako darama 19 hori; 2020ko laugarren hilabetearen bila goaz, eta txukunak gaude». Izurriaren hastapenetan Txinak munduari igorri zizkion mezuei trufa eginez erantzun zitzaien. Tokitan daude txantxa haiek!
Munduko bazter guztietan pilatzen ari den larritasunaz pentsatzen hasten naizenean, nazioarteko laguntzarekin akordatzen naiz; Erdialdeko Amerikan ederki asko dakigu zeinen garrantzitsua den. Ni neu onik atera nintzen lurrikara batetik, 1976an. Milaka pertsona hil ziren orduan, eta gogoan dut Kubak asko lagundu zigula, medikuak eta botikak bidalita. Oraintxe bertan ere, sekula ezagutuko ez dugun jendea lanean ari da gure alde.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.