Koronabirusa

TERMOMETROA (XI)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuola (Gipuzkoa), Iruñea, Baiona, Donostia eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordertzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
«Furgonetan, partiketatik etxera bueltan, negarrez aritu naiz»
Josebe Blanco  Baserritarra

Baserritar batzuek isuna jaso dute etxez etxe barazkiak banatzen ari zirela. Atzo gauean jakin genuen, eta prestatzeko neukan pakete bakoitzari albarana prestatzen ibili nintzen. Gaur goizean, irratian aditu dugu Jaurlaritzaren Irekian badagoela formulario bat, eta horren bila aritu gara, gure lan jardueran jarrai dezakegula ziurtatzeko. Gipuzkoako hiru bailaratan ibili naiz gero, partiketa egiten, urduri oso. Tentsioa bizi izan dut errepidean, Polizia nonbait agertzeko beldurrez. «Harrapatzen banaute...», pentsatzen nuen etengabean. Harrapatu! Lanean ari nintzen eta! Pena ematen dit hala pentsatzeak. Eta joan naiz bezero baten etxera partiketa egitera, eta abailduta ikusi dut.
Furgonetan, bueltakoan, negarrez aritu naiz. Behin etxean, bazkaldu eta siestara. Ametsetan, gizon horren aurpegia etorri zait behin eta berriz. Orain ere, negargura datorkit haren aurpegia gogoratzean.
Eskerrak beti baden kontrapuntua: herriko denda batean, gaztak uzteko eta erosketak egiteko zain nengoela, emakume bat atera da ondoko ataritik, edalontzi bat eskuan. «Utziko al didazu sartzen? Hoztu egingo zaio bestela», esan dio ilaran lehen zegoen bezeroari. Sartu, dendariari kafesnea utzi eta etxera igo da emakumea. Zoragarria iruditu zait.

«Larrialdietako erizain piloa gora igoko dituzte, egoerari erantzuteko »
Markel Flores Larrialdietako erizaina

Larrialdietara gero eta jende gutxiago dator, baina ospitaleko oheak betetzen ari dira, eta ZIU ohe gehiago behar dituzte. Horregatik, larrialdietako erizain piloa gora igoko dituzte lanera, hamaika hutsune utziz hemen behean, eta ZIU moduko bat sortuko dute gure behaketaeremuan. Larrialdietan sei hilabete egin behar nituzke berez horretan hasteko, baina nagusiak esan dit paziente larriak ikusten hasiko naizela, agian, datorren astean. Horregatik, egun osoa Suspertze Aretoan egin dut. Hamar bat paziente ikusiko nituen guztira, eta denak tratatu ditugu koronabirusa balute bezala. Bihotzekoak jota badatoz ere, TSR proba egiten diegu.
Txanda bukatutakoan, ordubetez egon naiz lantokian, protokoloak, medikazioa eta beste ikasten. Ikastaro trinkoa hauxe. Hemendik aurrera, paziente gutxiagorekin egongo naiz, baina gehiago eskatuko dute nire aldetik. Nire egoera aldatu arren, arazoak hor segitzen du. Dena berrantolatzen ari dira, pandemiaren patroia aldatu ahala. Bueno, ez dakigu larrialdiak berriz beteko zaizkigun ala ez; inor ez da fio. Horregatik utzi dute sotoko zirkuitu berria prest, beste jende uholde bat baletor ere, aurre egiteko.

«Udako bakantzak orain pasatzea eskatu dute enpresen buruek»
Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Hotz egiten hasi du, goizean leihoak ireki ditugu, eta neu ere hoztu naiz. Ez da gehiago aro ederra. Gaur ere filmei so egin diegu,eta karta jokoan aritu gara. Baxera nork eginen duen, horixe izaten dugu jokoan. Nik trixatzen dut pixka bat, eta horrela erraz da irabazten. Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua irakurtzen hasi naiz, unibertsitatearentzat, literatura ikasketen barruan. Irakurtzen diodan lehen liburua da, ikusiko zer emanen duen.
Ea zer emanen duen albisteetan ikusi dudan kontu honek ere: orain lanean ari ez direnen udako bakantzak orain pasatzea galdegin dute enpresetako buruek, udan lanean ari daitezen. Horrela ez omen dute sosik galduko.
Sindikatuak borrokan ari dira. Dassault hegazkin konpainian, esaterako, lana eten dezaten, hegazkinak egitea ez delako beharrezkoa momentu hauetan; baina enpresek ez dute gelditu nahi, nahiz eta lanjerosa izan. Ez dut ulertzen sobera.
Ikasleoi ere eragingo digu atzerapenak, ziur. Irakaskuntza munduan diren langileek laguntza bat jasotzen dute orain, eta, beharbada, udan eskolak izango dira. Ikasle batzuek lan egin behar dugu udan, apartamentua eta ikasketak pagatzeko sosa lortzeko. Hori guztia kentzen bada, ez dakit nola pasatuko den hori.

«Egunero hartzen dut tarte bat apal, kaxoi edo bazter bat garbitzeko»
Urko Rodriguez Autobus gidaria

Konfinamenduari ekin aurretik agindu nion neure buruari: etxean txukunketa sakon samar bat egiteko profitatuko nuela ezohiko egoera hau. Egunero hartzen dut tartea aurretik begiz jotako apal, tiradera edo bazter zenbait soiltzeko eta garbitzeko.
Aitortzen dut, hala ere, betidanik izan naizela gauzak gorde zale. Ikastolan egindako lehen marrazki haiek, duela hogei urte egindako bidaiaren liburuxka turistikoak... Guztia metatzen dut, eta, ondoren etxean kasu zipitzik egin ez arren, zaila egiten zait birziklatzera botatzea. Adoretsu-edo nabilen egunak behar izaten ditut taxuzko garbiketak egiteko.
Sekulako inbidia ematen didate iraganeko gauza horiek inolako zalantzarik gabe baztertzeko gai direnek eta etxean eguneroko gauzak egiteko balio dutenak soilik dituztenek. Hori omen da Diogenes ospetsuaren jatorrizko filosofia, gerora gizakiaren jokaera patologiko batek haren izena jaso duen arren.
Beste liga batean, ahal duten guztia digitalki edukitzea saiatzen direnak daude: hasi egungo musika diskoetatik eta bukatu haurtzaroko irakurgaien liburu haiekin. Bada zpada, txukunketa egin bitartean, eskanerra piztuta edukiko dut...

«Egunotan ez dakit ezer lantokian itxita geratu diren lagunez»
X.X. Etxeko zaintzailea

Ez dakit nork asmatu zuen, baina martxoaren 30a Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna omen da. Lagun bati esker jakin nuen, telefonoz bidali zidan zorion mezu bat medio. Barregura eman zidan mezuak,etxeko langile gisa hasi nintzelako lanean hona heldu berritan, astelehenetik astelehenera —sinarazi zidaten kontratuak eta nire soldatak lana astelehenetik ostiralera egiten nuela zioen arren—, eta lantoki hartan ez nuelako sekula atseden egunik izan, martxoaren 30ean ere ez. Bada, Etxeko Langileen Eguna ospatu dut aurten: jaiki, dutxatu, berriz oheratu, eta goseak zimiko egin arte jaiki ez.
Azken egunotan ez dakit ezer lanean segitzen duten lagunez. Zerbitzen duten etxean itxita geratu dira asko, irten ezinda. Ez dakit etxeko langileentzako Madrilen onartu duten diru laguntzak zenbaterainoko eragina izango ote duen gu denon bizitzetan. Ekonomia ezkutua gara.
Balkoira txalo jotzera ez irtetea erabaki dut. Zergatik ez dute goratu lehenago orain heroiak izaten ari diren pertsona horien balioa? Ez al zuten ekarpenik egiten birusa heldu aurretik? Etxeko langileok ere ez, orain arte? Inguruan ditugunen lanari balioa eman behar genioke, beti, denik eta txikiena irudituta ere. Ez naiz txalo egitera irten. Ez dut nahi.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.