Koronabirusa

TERMOMETROA (XXVI)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzeko eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
«Berrogeialdian zer litzateke jendeaz, liburu, musika, film eta beste gabe?»

Josebe Blanco Baserritarra

Kulturgileek greba iragarri zutenetik, neure buruari galdezka ari naiz ea zer ematen didan kulturak. Bada, niri, kulturak bizia ematen dit, pertsona hobea egiten nau, neure barruan igeri egiteko aukera ematen dit, kokatzen nau munduan... Edozein diziplinari buruz ari naiz. Eta kulturgileak nola dauzkagun ikusten dut, eta gure gizartea oso esker txarrekoa dela iruditzen zait, hainbeste ematen diguten horiei horrelako tratua emateko. Zer litzateke berrogeialdi honetan etxetik irten ezinean dagoen jendeaz, liburu, musika, film eta beste gabe?

Gauza hauetan pentsatzen hasita, atzera egin, eta Gerardo Markuletarekin egin dut topo. Oso pertsona inportantea izan da niretzat. 16 urte nituela, batxilergoa egitera joan nintzen ikastolako ikasketa buru zegoen, eta, ikasturte hartan, urrian, ama hil zitzaigun. Hark eskainitako babesa eta irekitako mundua, niretzat, funtsezkoak izan ziren. Mundu zoragarri bat ireki zidan, neure ezinak asetzen zituena, neure tristurak alaitzen zituena... Barruan neukana hark asmatu zuen ateratzen, eta uste dut horrek pertsona hobeak egiten gaituela. Hark oparitutako liburuak urre gorria bezala gordetzen ditut. Sekula ez dizkiot nire maitasuna eta esker ona adierazi. Hemen esana gera bedi.

«Hau bukatzean, zenbateraino egongo da gizartea aldatuta txarrerako?»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Esan al dute zehazki zerk aldarazi zien irizpidea Espainiako Gobernukoei, hain ordu gutxian adingabeekiko jarrera aldatzeko? Ez baita ulertzen erraza.

Gauza batzuk onartzen ari gara, ez dakit nik nola esan, betikotu behar ez genituzkeenak. Ohitzen ari gara, eta, hau bukatzen denean, gizartea zer neurritaraino egongo da aldatuta txarrerako? Hori nola irauli gero? Zer pentsatua ematen dit.

Gaueko txanda daukat gaur, eta afaria prestatzera noa orain. Badira janari enpresak ospitalera janaria doan bidaltzen digutenak: fruta bidali zuten behin; gainontzean, fast food-a: pizzak, hanburgesak...

Nik betikoak prestatzen ditut sukaldean, nahiko sobietarra naiz horretan: lekaleak, pureak, zerbait plantxan eta ezer gutxi gehiago. Itxialdiak ez dit eman sukaldaritza ikastaro trinkorik egiteko. Bigorexia kolektibo horrek jo ninduen neu ere, hasieran, kirola, bata eta bestea egin behar nituzkeela pentsatu nuen. Kirolarena uler dezaket, osasuntsua delako mugitzea, baina gainontzekoak...

Gaur etxekoei deitu nahi diet. Badira egun batzuk ez dudala haiekin hitz egin. Egunero deitzen zidaten lehen; hemen horretaz hitz egin nuenetik, batere ez. Irakurri egingo zuten.

«Segur da txertoa ukan aitzin ez delabizi normal bat egiten ahalko»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Atzo dokumental bat so egin genuen, azteka zibilizazioari eta espainiar konkistatzaileei buruz. Normalki maite ditut dokumentalak; koronabirus albisteen garaian, gehiago. Munduan zehar pandemia nola pasatzen den erakusten zuen bat ere bai, hori so egin dut. Interesgarria atzeman dut. Indiako egoera aipatzen zuten larrien, eta Espainiakoa gero.

Goiz honetan ikasten aritu naiz. Euskal Fonologia azterketa dut maiatzaren 12an, eta bada tartea, baina baita zeregina ere.

Albiste bat ahantzi ezinean naiz azken orenetan: Poliziak zangoa moztu dio mutiko gazte bati, Parisen, istripuan. Gaztea eskuterrez zebilen, eta poliziak autoko porta ireki du espres, hura pasatzean; horren ondorioz, zangoa moztu diote. Esplikatu dute ez zuela atestaziorik eskuterrean ibiltzeko, ilegalitate osoan aterea zela, baina, bo... zangoa moztu diote, hala ere. Biziki bortitza da Polizia Frantzian; daukaten autoritatea erabiltzen dute bortizkeria hori justifikatzeko.

Horrez gain, dekonfinamendua ere buruan dut. Ekainean atereak izango gara denok, baina segur da txertoa ukan aitzin ez dela bizi normal bat egiten ahalko, lehen bezala. Ene ustez, beharko dira distantzia fisikoa-eta oraindik errespetatu. Horrek beldur pixka bat ematen dit.

«Honetatik irtetean, ezar dadila bidaiari sistema eraginkor bat»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Itxialdia hasi zen lehen egunetik, gure auzoko kotxe jabeek igande eta jaiegunetako aparkatzeko moduari eutsi diote egunero, inolako etenik gabe. Espaloien gainean —albo bateko bi gurpilak nahiz lau gurpilak—, lurrean margotutako marra horiak dauden esparruetan, zebra bideen gainean... Bitxia da, baina ez kasualitatea: beti oinezkoaren kalterako diren aparkatze moduak hautatzen dira, ez gainontzeko ibilgailuentzako kalterakoak. Ahulena galtzaile: umearen orgatxoarekin datorrenak edota belaun txikituak dituen horrek ekidin dezala oztopoa, ahal bezala.

Egia da, bai, asteotan askoz jende gutxiago dabilela, baina orain arteko jaiegun guztietan gauza bera gertatu da, eta ez geunden konfinatuak. Ez dakit izaeragatik edo beldurragatik den, nik nahiago izaten dut urrun eta ongi aparkatu, etxe parean gaizki aparkatu baino.

Amets egitea litzateke agian, baina honetatik ateratzean ibilgailu pribatuei gauzak hain erraz ez uztea gustatuko litzaidake. Luza daitezela bidegorriak, zabal eta babes ditzatela espaloiak, bidaiari garraio sistema eraginkor bat ezar dadila. Zaila da, baina ez nuke lehengora itzuli nahi. Aukera aparta daukagu eredua aldatzeko.

«Dirurik ez nuenez, janaria erosi ezinda joan zait aste bat hil hasieran»

X.X. Etxeko zaintzailea

Jatekorik gabe nengoenez, atzo irten egin nintzen. Gorputza eta burua askatu nituen, eta bihotza eta arima bizitzarekiko maitasunez blai itzuli nintzen etxera.

Duela gutxi arte, dirua eskuan ibili izan naiz beti; ez dut kontu korronterik izan nire izenean. Azkenean, baina, kontu bat sortu behar izan nuen, lortu ez nuen diru laguntza bat eskatu ahal izateko. Horri eskerrak, nire nagusiek martxoko soldata ordaindu ahal izan didate, eskura ez bada ere. Hil hasieran arazoak izan nituen txartelarekin, hala ere, PINa blokeatu egin zitzaidalako. Ezin nuen logela hau pagatu. Sakelako telefonoa kargatzeko ere sosik ez, eta etxebizitza honetako etxekoandreak 5 euro aurreratu zizkidan; eskerrak horri.

100 eurorekin mirariak egiten ditut, baina, PINa ez izanik, dirurik ere ez, eta astebete joan zitzaidan janaria erosi ezinda. Beste batzuek ere izan dituzte halako arazoak txartelarekin, jakin dudanez. Etxean arroz eta baba-txiki pixka bat banuen, eta hainbestean. Hurrena supermerkatura joan nintzenean, PINik gabe ere 20 euro arteko erosketak egin nintzakeela esan zidaten. Hunkitu egin nintzen. Halaxe, txartelarena konpondu nuen arte.

Horiek gogoan itzuli nintzen atzo etxera, enkarguekin. Hortik bizitzarekiko maitasun uholdea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.