Koronabirusa

TERMOMETROA (45)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuola (Gipuzkoa), Iruñea, Baiona, Donostia eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzeko eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
«Lau zakukada artile dauzkagu etxean, eta eraman ditzaten pagatuko dugu»

Josebe Blanco Baserritarra

Astelehenean ile-moztailea etorri zitzaigun etxera. Lekeitiotik etortzen zaigu Ipar, urtero, guk urtean behin mozten diegulako ilea ardiei, maiatzean. Niretzat, ardiei ilea mozteko egunak gazi-gozotik dauka. Gozoa da, Ipar ikusten dudalako, eta harekin beti ikasten delako zerbait; gazia ere bada, ardiek estres handia pasatzen dutelako mozketan, eta gero ez dutelako elkar ezagutzen, eta usnaka aritzen dira, elkarren bila. Hala, astelehen iluntzeko jetzialdia nahiko ostikotik joan zen. Lau zakukada artile dauzkagu ordutik etxean, eta horiek eramateko ordaindu egin beharko dugu, material gisa ez baita apreziatzen.

Zenbaitek udazkenean ere moztu egiten die ilea ardiei. Guk ez, negua pasatzeko babesa dutelako, hotzaldian kanpoan ibili ahal izateko. Udazkenean ilea moztu zaion ardia askoz gutxiago aterako da kanpora, normalki, hemengo neguak kontuan izanda. Artaldea maneiatzeko hartzen duzun erabaki bakoitzaren atzean eredu bat dago, ardiaren bizimoduan eragina izango duena. Bada denbora entzun nuela Ternua etxea artilea erabiltzen hasi dela txamarra bat egiteko. Bigarren mozketakoa eskatzen du, baina, artilea garbiagoa delako. Txamarra naturala dela diote. Eta dirutza kobratzen dute txamarra bakoitzagatik.

«Beste gaixo olatu bat etorriko da, baina ez dadila orain etorri»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

15:00-22:00 txandan egin nuen lana atzo, koronabirus zirkuituan. Oso lasai joan zen dena. Koronabirusagatik aita hil zaion lankide bat lanera itzuli zitzaigun. Bera ere gaixo egon da. Txanda osoa eman zuen errepikatzen, erdi txantxetan: «Oso paranoiko nago, bai, baina gorde bi metroko tartea, mesedez; ez hurbildu niri». Eskuak garbitu eta garbitu aritu zen, oso urduri. Larrialdietara etorri gabe egon den tartean, izugarri aldatu dira protokoloak, eta haren begiradak ispiluaren aurrean jarri gintuen denok. Geure artean ere aritu ginen esaten, ez ote garen ari benetan erlaxatuegi lanean. Jakin badakigu etorriko dela beste gaixo olatu bat, baina ez dadila orain izan, leher eginda baikaude denok.

Gaur jai dut, eta musika pixka bat egingo dut, agian; edo gitarra jo, aspaldiko partez. Nire tronpetak lokalean jarraitzen du, eta ez daukat bila joateko gogo handirik. Musikarekin gogaitzen banaiz, ikasteko baliatuko dut, akaso, eta albisteak irakurtzeko. Azkenaldian ez dut batere irakurri, izan ere. Badakit igandean txaloen zikloa amaitutzat eman zutela, hori bai. Zuetako batzuek uztailaren 12an hauteskundeak izango dituzuela ere jakin dut. Ez didazue batere inbidiarik ematen.

«Jendea beldur da oraindik, badakielako gaitza itzul daitekeela»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Azkenean, tronpatu naiz dataz: atzo ez, gaur goizean dut azken partziala: lexikologiakoa. Gaizki idatzi nuen agendan, baina ikasita daukat dagoeneko, eta bukatuko da azterketa sasoi hau. Atzo goizekoa bikain pasatu da.

Beste data aldaketa bat: erabakia nuen hondartzarat gaur joatea, baina astelehen arratsean joan ginen. Ez zen batere jenderik han. Hondarretan, oso bakan, eta uretan, gu bakarrik, pisukidea eta ni. Igerika aritu ginen. Ura hotza zegoen; ez ginen neoprenoarekin sartu, maillotarekin baizik. Atera berritan itxi zuten hondartza, arratseko zazpietan. Hala agintzen du arauak.

Nik uste nuen deskofinamendu garaian denak kanpora aterako zirela eta jende bilketa handiak izanen zirela, eta azkenean ez. Biziki errespetatua da segurtasuna, jendea beldur baita oraindik, gaitzaren itzulera bat gerta daitekeela badakielako. Jendeak ez du ahanzten oraindik lanjer bat badela. Badakit Hegoaldean baietz, baina hemen ez dituzte ostatuak irekiko berriz ekain hastapena arte. Berez duten tokiaren erdia bakarrik bete ahalko dute, uste dut, eta mahaien artean tartea utzita. Ikusiko.

Amets Arzallusen Miñan liburua irakurtzen hasi naiz. Biziki maite dut gai aldetik, idazketa aldetik ere bai. Irensten ari naiz.

«Garraio publikoaren aldeko arrakala handitu behar genuke»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Ez dut gogoan zein egunetan izan zen zehazki, baina, kirol jarduerarako denbora epeaz gozatzeko lehen aukera izan genuen hartan, lankide batek bizi berri zuen esperientzia ezatsegin bat kontatu zigun Whatsappez: Antiguarako bidean, Kontxako pasealekuan zihoalarik, espaloietan sartzen ez zen jendetza errepidera jaitsi omen zen, derrigorrean oso motel zihoan bere autobus artikulatuaren eta obretako hormigoizko blokeen arteko tarte estutik ere pasatuz.

Egun batzuk geroago, arriskua handia zela ikusirik, erdigunetik Antiguarako zerbitzu guztiak Sanserrekatik desbideratu zituzten agintariek kirol eta paseorako ordu horietan; eta kontrako noranzkoan, Aldapetatik behera. Ez dute Donostia 2016an egin zuten hanka-sartze hura errepikatu, behintzat: autobus artikulatuak parez pare toparazi bista ederrak baina bihurgune itxi xamarrak dituen kale estu horretan.

Trafikorik gabeko esparruak ezartzeari ongi deritzot, jakina; baina ez edonola. Garraio publikoaren aldeko arrakala handitu beharko genuke beti, baita oinezko garenean ere: gutako zenbatek begiratzen ote dugu, adibidez, botoidun semaforo bat erabili aurretik, datorren ibilgailua pribatua den edo ez?

«Ahaztu egiten zaigu, bainaez diogu uzten garen tokikoak izateari»

X.X. Etxeko zaintzailea

Erdialdeko Amerika osoa koronabirus kasuen kopuru gorenean dago. Nire familia ondo dago, Jainkoari eskerrak. Arto-buru bat bezala ikusi izan dut beti nire familia, ale bakoitza bizigarri, elkarren ondoan hazita. Oso gogoan ditut denak, etengabean. Amerika Erdialdeko guztiok gara arto-jendea. Antzinatik dator. Horrexegatik harritu nintzen hainbeste hemengo taloak ezagutzean: azoka batean izan zen. Malkoak atera zitzaizkidan ia ikusi nituenean; geureak bezalakoak ziren eta! Ordutik, ahal izan dudan guztietan jan ditut. Atzo bertan, etxean egin nuen bat. Nire herrialdean gaztarekin eta babekin jan ohi da, baina zeinen goxoa dagoen txorizoarekin!

Inork ez diogu uzten garen tokikoak izateari. Zenbaitetan ahaztu egiten zaigu, hori bai, gure eta zuen jende artean ikusten dut hori. Ni harro nago naizen tokikoa izateaz. Nire herrialdean hamaika jatorri hizkuntza daude. Nire kide batzuk beren ama hizkuntzarekin etorri dira, ez dira ongi moldatzen gaztelaniaz, eta sufritzen ari dira horregatik. Badakit hemen berdin gertatzen zaiela euskaldun batzuei. Behin, bilera batean, urriaren 12a hemen ospatzea arbuiagarritzat jotzen zuen jendea ezagutu nuen. Asko harritu nintzen orduan. Gero ulertu dut zergatia.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.