Javi Buces. Historialaria

«Diktaduraren aurkako indarkeria kondenatu beharra ez dut ulertzen»

Frankismoak 1960tik 1975era Gipuzkoan eragindako biktimak identifikatzeko ikertzen aritu da. Uste du erakunde batzuk«deseroso» daudela ETA sortu zeneko aro historiko horri erreparatzean.

JON URBE / FOKU.
xabier martin
Donostia
2023ko otsailaren 1a
00:00
Entzun

«Azken hamarkadetako indarkeriaren jatorria zein den erakusteko» idatzi du Javi Buces Aranzadiko historialariak (Sevilla, 1982) Oposizioa, errepresioa eta giza eskubideen urraketa larriak Gipuzkoan (1960-1975). Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia irakasleak uste du «euskal gatazka armatuaren jatorri hori ukatzeko» saioak badirela, eta argia eman nahi izan dio frankismoak 1960. eta 1975. urteen artean Gipuzkoan eragin zuen errepresioari.

«Gerrari eta gerraosteari buruzko ikerketa lan asko egin dituzte, baina hutsune bat zegoen ziklo horretan. Frankismoa gehiegitan erakutsi dute 1945ean bukatu izan balitz bezala, gerraosteko errepresioarekin lotua, baina denok dakigu diktadurak aurrera egin zuela». Bucesek dio «terrorismoaren» biktimen elkarte batzuk aro hori «zuritzeko saioan» daudela aspaldi honetan. «Ziklo horrek inplikazio politiko zehatzak dauzka, eta aro horretatik kanpo eroso aritu dira historiagileak eta erakundeak; aitzitik, frankismoaren azken zatian gutxi sartu dira ikerketa lana egitera».

Aranzadiko kideak esplikatu du frankismoaren aro hori dela «euskal gatazkaren azken hamarkadetako indarkeria politikoaren jatorria», eta hor dagoela arazoa zenbait erakunderentzat. «Eusko Jaurlaritzaren terminologiari erreparatuta, erraz sumatzen da deserosotasun hori: gertuko oroimena esaten du euskal gatazka ez esateko, adibidez».

Bucesek egin duen kontakizunaren arabera, 1962tik aurrera belaunaldi berri bat azaldu zen Euskal Herrian, «prest zegoena» Frankismoari aurre egiteko; batetik, «aldarrikapen sozialekin», eta, bestetik, «aldarrikapen nazionalekin». Euskal Herrian garatu zen antifrankismorik handiena, eta, zehazki, Gipuzkoan, historialariaren ustez. «Eta oposizio horretako zati batek armak hartu zituen. Hor dago, esaterako, Jaurlaritzaren deserotasuna, indarkeria horren zilegitasunarekin lotua. Noiz bukatzen da diktadurari armaz aurre egiteko zilegitasuna?».

Deserosotasunak eragin ala ez, Bucesek ahoan bilorik gabe azaldu du ETA izan zela ziklo historiko horretan «aldarrikapen sozialaren eta aldarrikapen nazionalaren arteko batasuna modu hoberenean» islatu zuen erakundea, eta batasun horretatik hartu zuela antifrankismoak indarra, hemen «beste inon baino gehiago».

Indarkerien arteko desoreka

Bucesek ez du zuzenean hitz egin nahi izan Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek joan den astean kaikuak janztearen «errebeldiari» buruz egindako adierazpenen inguruan, baina Artolazabal bera orain gutxi Tolosan (Gipuzkoa) egon zela gogoratu du, Mikel Alberdiren omenaldian. «Alberdi mendigoizalea izan zen, eta, garai batean, muturrekoenak izan ziren abertzaleen artean: armak hasieratik hartu zituzten. Kontraesan asko daude, argi dago».

Aranzadiko historiagilearen ikerketak erakusten du beste ondorio bat, indarkeria desberdinen arteko desorekari erreparatzen diona: «Frankismoak giza eskubideen urraketa gehiago egin zituen Gipuzkoan 1960tik 1975era, diktadurari aurre egiteko borrokak eragin zituenak baino. Oposizioa desagerturik egon zen urte askoan, eta, bat-batean, oposizio sendo bat sortu zitzaion frankismoari; horren aurka, gerraosteko errepresioaren ardatza berreskuratu zuen diktadurak. Atxilotuei, torturatuei eta hildakoei buruzko epaietan argi irakur daitezke besteak beste separatista eta gorria hitzak izen-abizenei loturik».

Horregatik, «harrigarria» iruditzen zaio indarkeriaren zilegitasunaren inguruko eztabaida hori. «Diktadura baten aurka indarkeria erabiltzea kondenatu beharra ezin dut ulertu. Ez dut inon ere ikusi hori; beste kontu bat da giza eskubideen urraketaren aurkako diskurtsoari eusteko egokitasuna aldarrikatzea».

Hirugarren mailakoak

Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan, Oñatin, inurri lanean aritu da Buces bere tesia egiteko, gero historia liburu bihurtu duena. 500 pertsona inguru identifikatu ditu frankismoaren errepresioaren biktima gisa, izen-abizenekin. «Milaka pertsona gehiago daude, ordea, manifestazioetan ehunka lagun atxilotu zituztela islatzen baitute agiriek, baina haien izenak jaso gabe. Kontuan hartu behar da atxilotu gehienak torturatu egin zituztela».

Jose Pardines guardia zibila izan zen ETAren lehen biktima, eta Meliton Manzanas poliziaburua bigarrena, biak 1968an; bada, 1974an Gregorio Posada Zurron guardia zibila hil arte, ez zuen beste hildakorik eragin Gipuzkoan, ikerketa historikoak dioenez. «Bitartean, Burgosko Prozesuari loturik, hiru pertsona hil zituen Guardia Zibilak. Desoreka handia dago ziklo horretan, eta, torturatuak eta erbesteratuak zenbatuz gero, are handiagoa da desoreka hori. Manzanasen atentatuaren harira, adibidez, ehunka atxilotu eta torturatu egon ziren, eta bat bakarrik zegoen hilketarekin loturik».

Indarkeriaren biktimak humanizatzeko lehen urratsa izaten da haien izen-abizenak jakitea, haien bizitzaren berri edukitzea, eta frankismoaren azken aroko biktima asko anonimoak dira; frankismoaren biktima gisa dira ezagunak, orokorrean. Horrek baditu ondorioak, Bucesen arabera. «Lehen mailako biktimak ETArenak dira; beste indarkeria batzuenak, bigarren mailakoak; eta frankismoarenak, berriz, hirugarren mailakoak. Horregatik ere, izen-abizenez jaso nahi izan ditut aro horretako biktimak. Biktima horiek gure aitona-amonak dira», eta uste du «orain» dela garaia eginbehar hori egiteko. «Guk ez badugu egiten, seguruenera egin gabe geratuko da, edo okerrago: beste batzuek egingo dute. Badago zeregina, Euskal Herria Gipuzkoa baino handiagoa baita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.