Koronabirusa

TERMOMETROA (42)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolako (Gipuzkoa), Iruñeko, Baionako, Donostiako eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
«Basozainek beste indar eta babes bat behar lituzkete mendia kontrolatzeko»

Josebe Blanco Baserritarra

Plantazioak dira gehienak mendi punta honetan, eta, orain, adinagatik eta pinu gaitzagatik, zuhaitz asko botatzen ari dira. Irizpide erabat ekonomikoarekin: egurra zenbat eta gehiago bota ahalik eta denbora laburrenean, orduan eta gehiago kobratu. Eta basoari, hartzeko, eman egin behar diozu, zainduz eta jarraipena ziurtatuz.

Airetik botatako bonba batek suntsitutako eremua, horixe dirudite basoa bota osteko soilguneek. Euri asko egiten duenetan, hor doa milaka urtean egindako mendietako lurra, maldan behera. Diru publikoarekin eta hemen bizi garenon auzolanarekin txukundutako mendi pista, herrira jaisteko gure bidea, egurra ateratzeko darabilte, denona dena beren etekin pribaturako erabiliz, eta suntsituz. Gero, bidean beraiekin topo egiten duzu, eta beti zuk itxoin behar duzu, beraiek lanean daudela esanda. Eurentzat, gu ez gaude sekula lanean.

Eta eurek utzitako kaka guztiarekin geratzen gara: lur higadura, bidoiak, olio hondarrak, arrastradoraren kableak... Basozainek beste indar eta babes bat eduki behar lituzkete halakoak kontrolatzeko. Eta ez dauzkate. Eta hemen inor ez denez ibiltzen, inor ez da jabetzen. Gu bai, hemen bizi garelako; industrialde bat balitz bezala ustiatzen duten naturgune honetan.

«Ez dakit zer nagoen, goibel ala nagi; honek denoi utzi digu arrastoa»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Abesti bat egin nuen atzo. Oso klasikoa naiz prozesuan: playlist-ak hartzen ditut, 1970eko soul bat, adibidez, eta hor bilatzen dut inspirazioa; abestiren bat hartu, zatitu, sanpleatu... horrela egiten dut.

Ez dakit zer gertatu zen aurrekoan iragarri ziguten Txibiteren bisitarekin; ez dut ikusi horri buruzko albisterik inon. Bertan behera utzi ote dute Urkulluri Gurutzetan egin zioten harrera ikusi ostean? Larunbatera arte ez naiz bueltatuko larrialdietara, eta laneko Whatsapp taldean ez dute ezer aipatu. Jendeak beste kontu batzuez hitz egiten du hor. Batzuetan, ez dakit nongo ikerketak eta beste albisteak ere bidaltzen dituzte; nik ez ditut irakurtzen. Orain, gauzak ez dira hain intentsoak, baina, duela aste batzuk, ez nengoen halakoak irakurtzeko.

Ez dakit zer nagoen, goibel ala nagi. Psikologikoki denoi erasan digu honek, baina zehaztu zaila egiten zait nola. Ametsak ere, beti izan naiz asko egitekoa, eta asteotan egindako ametsik ez dut gogoan. Lo pisua egingo banu bezala. Sofan esnatzen naiz batzuetan; ohean lo hartu ezin egoten besteetan. Lan txandek ere ez dute asko laguntzen lo gozorako.

Ea gaur ere abestiren bat egiten dudan.

«Biziki kontent heldu naiz amaren etxera, denak berriz ikusteagatik»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Amaren etxean naiz. Ene ttantta lanean hasi da berriz, eta kusiak hemen dira gurekin. Zazpi pertsona egiten du horrek. Harrabots anitz bada etxean, eta nik ikasi egin behar dut.

Biziki kontent heldu naiz atzo, berriz ikusteagatik denak. Elkarrekin jan dugu, aipatu dugu nola ginen, nola pasatzen diren eskolako lanak eta... Hazi egin dira senideak, atzematen dut ahizpa dela gehienik handitu; beste biak aski handiak dira. Hirurek nahi dituzte lagunak ikusi berriz. Herrian badituzte lagunak, baina ez dute elkar ikusi batere. Gure herrian etxeak biziki urrun dira bata besteengandik. Gu bakarrik gara gure aldean. Ontsa pasatu dute, hala ere. Espazio handia bada hemen, eta, goizetan eskolako lanak eginda, kanpoan pasatu dute denbora gehiena.

Aitatxi eta amatxiaren ikusterat ere joan naiz. Haiekin distantziak atxikitzen ditugu. Ama lanean hasi da, jende gehiagorekin gurutzatzen gara, eta ez ditugu kutsatu nahi. Biziki kontent ziren ni ikusteaz. Erran didate konfinamendu garaian beren bizimodua ez dela asko aldatu, lehendik erretretan egonik, egun osoak etxean pasatzera ohituak zirela. Dolu zuten mendira ibiltzera ez joatea. Aitatxi astelehen guziz joan ohi da ibiltzera elkarte batekin, eta hori geldirik da.

«Espero dezagun birusak oroimenean eragin handirik ez izatea»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Birusak ez du kulturarekiko inolako gupidarik izan, dakigunez. Artisten diru iturriak nabarmen ixteaz gain, berriki jakin dugunez, laguntzak jasotzea zorizkotasunaren menpeko izango da. Ausaz jokatzeak demokratikoa dirudi, deus egokitzen ez zaion sortzailea norbera den arte.

Antzekoa gertatzen da Oroimenarekin, aste honetan ikusi dudanez. Bilera bat eduki dut berriki —telematikoki, nola ez!— Mikel Zabalza Herri Ekimenaren orbitan, eta nabarmena da kezka: Altzako kaskoan egitear ziren Mikelen omenezko txokoa paralisi egoeran utzi du COVID-19ak ekarri aro arraro honek, baita mural itxuroso bat ere, haren erailketaren 35. urtemuga den 2020 urte errepikaezin honetan, hain justu.

Donostiako Udaleko Herri Partaidetza Sailaren bidez lorturiko egitasmo hau, beste gainontzekoen moduan, bigarren mailara pasatu da martxotik aurrera, eta, orain, Mikelen oroimena sustatu nahi duen herri ekinaldi honek sekulako kezka dauka pause botoia sakatu ostean udalak ez dezan stop teklaren gainean hatza jar.

Badakigu egungo boladako birusak birikei, arteriei eta enparauei eragiten diela. Espero dezagun oroimenean behintzat eragin larririk ez edukitzea.

«Zaintzen dudan txikiena eta biok ilegalak izan gara hamabost minutuz»

X.X. Etxeko zaintzailea

Primeran joan da gaurko goiza. Estu hasi dut lanaldia, behargin zenbait etorri direlako nagusienera. Haurrak babestu behar izan ditut, haiek beren lanak bukatu artean. Joan direnean, ondo-ondo garbitu behar zen dena, eta horretan hasi naiz. Logela bateko kristalak garbitzen ari nintzela etorri zait etxekoandrea: «Gaur kalera zoaz txikienarekin. Zuen ordua duzue hau». Lantoki horretan ari naizenetik lehen aldiz—badira ia hiru urte—, kafea hartu dut nagusiarekin. Mantala erantzi dut gero, eta txistu batean atera gara kalera. Haurra eta biok zoriontsu izan gara. Argazkiak atera ditugu, eta asko ibili gara, belar gainean gehiena.

Oinez joan gara eskolako autobus geltokira. Umeak eskatu dit, ikastetxearen falta sumatzen duela eta. «Zertarako hara, etxean oso gustura bazaude?», galdetu diot. Lagunekin hitz egin nahi duela erantzun dit, eta, geltokitik bueltako bidean, haiekin non eta zertara jolasten den kontatu dit. Nagusien etxeko lorategi komunitariora joan gara gero. Futbolean aritu gara. Gol asko sartu dizkiogu elkarri.

Ederra izan da oso goiza. Ordu eta laurden egon gara kalean etxeko txikia eta biok. Ilegalak izan gara hamabost minutuz. Gauza onak ere ekarri ditu berrogeialdiak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.