20. Korrika. NIRE LEKUKOA

Hizkuntzaren lekukoa elkarri eman

2017ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
1980tik bi urtean behin egiten da Korrika, AEK-k antolatua. Beraz, ospakizunak ia 40 urte bete ditu, eta hogei edizio, aurtengoa barne. Seguruenik euskaldun gutxi batzuk daude edizioren bat maitasunez gogoratzen ez dutenak. Ibilitako milaka kilometrotan denok daukagu bihotzean grabatutako oroitzapen edo uneren bat.

Nik neuk behin baino gehiagotan parte hartu dut Korrikan. Nire alabak txikiak zirenean, familiarteko ospakizuna zen. Horixe da lasterketa horren beste ezaugarri bat: sarritan familia plana izan da, aukera ona senitartekoek, belaunaldi ezberdinek, une partekatuez goza dezaten.

Alde horretatik, Korrikaren osagarri bat gakoa izan da gure hizkuntzaren iraupenean. Bernat Etxeparek duela ia 500 urte esan zuenez, euskara plazara jalgi behar dugu, baina badakigu euskarak mendeetan zehar bizirik jarraitu badu, gurasoek zioten maitasunagatik jarraitu duela. Umeei igortzea familia osoaren kezka zen; beraz, senitarteko guztiek parte hartzen zuten zereginean. Zein garrantzitsua izan den aiton-amonek bilobei euskaraz maitasunez hitz egitea, hizkuntza jaso zezaten eta urte asko geroago gauza bera egin zezaten beren bilobekin.

Korrikaz daukadan oroitzapena familiako oroitzapenei lotuta dago. Korrikak horretarako ere balio zuen: euskararen inguruan biltzeko. Gaur egun nire alabak nagusiak dira. Apurka-apurka beren bizitza antolatzen ari dira. Azken urteetan bakoitzak bere lagunartean korrikari ekin dio. Horretan eskolak eragin polita izan du. Alaba gazteena aurtengo edizioan hasiko da eskolan gaztetxoenak direnen eskutik tiraka korrika egiten. Beraz, hasiak dira jadanik hurrengo belaunaldiei euskararekiko atxikimendua helarazten. Bizitzaren legea da. Baina gurasook badakigu biek motxilan euskara eramango dutela.

Hizkuntzaren lekukoa elkarri ematen diogu, bi urtean behin Korrikarena elkarri ematen diogun bezalaxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.