Alice Bouman-Dentener. Biologoa eta Women for Water Partnership sareko ohorezko lehendakaria

«Emakumeak ingurumen politiken hartzaileak izan ohi gara, ez egileak»

Zientzialari nederlandarrak uste du emakume taldeen ahalduntze prozesuek «berebiziko garrantzia» dutela klima aldaketaren auzian ere.
IDOIA ZABALETA / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko urriak 16
Biologian doktorea da Alice Bouman-Dentener, baina, horrez gainera, aditua da klima aldaketari lotutako auzietan, garapen iraunkorreko politiketan eta genero gaietan. WfWP Uraren Aldeko Emakumeen Aliantza sarearen sortzailea eta lehendakaria izan zen hamar urtez, 2014. urtera arte. Herrialde pobretuen eta komunitateen garapenerako urak duen garrantzia ikertzeaz gain, hornidura arazoak konpontzeko hainbat proiektutan parte hartu du. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamenduak antolatutako Emakumeak eta klima aldaketa jardunaldietan parte hartzen ari da egunotan.

Emakumeak eta ingurumen politikak uztartu dituzu zure lanean. Zergatik? Klima aldaketak ez al die pertsona guztiei era berean eragiten?

Nire ibilbide profesionalean eta akademikoan ikusi dudanagatik, esan dezaket klima aldaketak ahulenei eragiten diela, batez ere. Komunitate pobreenak, garatu gabeko lurraldeak... horiek pairatzen dute kalterik handiena. Lurralde horietan, normalean, sakonagoak dira genero arrakalak, eta larriagoak horri lotutako gatazkak, bazterketak eta eskubide urraketak. Hortaz, emakumeak egoera kalteberagoetan egon ohi dira: garatu gabeko komunitateetan bizi dira, bizi baldintzarik prekarioenetan, eta, sozialki, egoera makurragoetan.

Horri aurre egiteko, emakumeen antolaketa eta ahalduntzea bultzatu duzu hainbat tokitan...

Egoera makurrean egoteak ez du esan nahi ezin dugunik izan aldaketa lortzeko eragile aktiboak. Emakumeen potentzialitate hori baliatu beharra dago, behetik gora antolatu behar dugu, eta ahaldundu. Emakumeen ahalduntzeak ondorio positiboak ditu komunitate osoaren garapenean.

Horregatik sortu zenuen Uraren aldeko Emakumeen Aliantza?

Bai. 1992. urtean, NBE Nazio Batuen Erakundeak goi bilera bat egin zuen Dublinen ur baliabideen kudeaketa integratuari buruz hitz egiteko. Goi bilera hartan argitaratutako dekalogoan, hainbat printzipio ezarri zituen NBEk, eta hirugarrenak erreferentzia egiten zion emakumeen rolari. Zehazki, «eragile» izaera aitortu zitzaigun emakumeoi lehen aldiz. Tamalez, adierazpen instituzionalez harago, ordutik ez da askoz gehiago egin: oraindik ere, emakumeak ingurumen politiken hartzaileak dira, baina ez egileak. Horregatik sortu nuen Uraren aldeko Emakumeen Aliantza. Ez da elkarte bat, ezta plataforma bat ere. Mundu osoko hainbat eragilek osatutako sarea da: hainbat alorretako profesionalak, politikariak, akademikoak eta unibertsitateko irakasleak, gobernuz kanpoko erakundeetako kideak, etxekoandreak... Askotariko talde sozialetako emakumeak biltzen dituen sarea da, eta euren xedea da emakumeen lidergoa aldarrikatzea eta uraren esparruan praktikara eramatea. Orain arte, proiektu ugari garatu ditugu 134 herrialdetan, tokian tokiko eragileekin elkarlanean. Afrika, Asia, Latinoamerika, Asia eta Europako Ekialdeko komunitate pobreetan lan egin dugu, batez ere, ur emaria bermatuta, komunitate horiek garatzeko aukera izan dezaten.

Emakumeek klima aldaketaren gaian egindako ekarpena ari zarete aztertzen Iruñean.

Jardunaldi hauek bat datoz gure printzipioekin. Hortxe ditugu botere postuetan dauden emakume ugari, klima aldaketaren inguruan alternatibak planteatzeko eta horiek praktikara eramateko prest. Ekarpen horiek oso garrantzitsuak dira. Kontua ez da gizonezkoak baztertzea, inondik inora. Gurea ez da egitasmo baztertzaile bat, baina daukan garrantzia aitortu nahi diogu andreen jakintzari eta lidergoari. Eta lidergoa aipatzen dudanean, ez naiz lidergo politikoaz soilik ari. Eragile izan zaitezke nekazaria edo etxeko langilea izanda ere. Askotan, protagonismo hori sumatzen dugu faltan. Horregatik, Nafarroako egitasmo hau aitzindaria izan daiteke.

Iragan astean, klima aldaketari buruzko txostena argitaratu zuen IPCC aditu taldeak. Zer deritzozu?

Agerian gelditu da klima aldaketaren auzian urak zentralitate osoa duela, eta ongi dago horren gaineko kontzientzia hartzea. Ozeanoen maila igotzea prozesu naturala da, baina, orain, gizakiaren eraginez, prozesua bizkortu da, eta horrek baldintzak okertu ditu, ez planetaren iraupenerako, baizik eta gure espeziearen etorkizunerako. Iritzi polemiko bat emango dut: giza espeziearen ugalketa gehiegizkoa da. Ez da jasangarria. Gehiegi gara. Iraganean, seme-alaba asko edukitzeak bazuen logika, izurrite eta osasun baldintza eskasek arriskuan jartzen zutelako bizirik irautea. Baina, gaur egun, ez du zentzurik. Populazioa goraka ari da etengabe, eta baliabide naturalak mugatuak dira. Noizbait heldu beharko diogu auzi horri ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna