Koronabirusa

TERMOMETROA (XXVIII)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
«Gure arrastoak hurrengoen memorian utziko duen oinatzaz ezgara kontziente»
Josebe Blanco Baserritarra

Artzain aritu naiz gaur, mendian. Mendi hauetan gehiena plantazioa da, eta, plantazio horiei begira, atseden asko hartu izan dut neronek. Baziren alertze sail batzuk, esaterako, oso ederrak; orain dela 50 urte baten batek erabakiko zuen haiek sartzea, eta ni eta gure ardiak urte askoan gozatu ginen haiekin.

Aldameneko baserrikoak pinudi izandako sail pusketa bat erosi zuen orain dela bizpahiru urte, eta pagoak landatu ditu. Inoiz ez dut pentsatu bakarren batek aldatu zituela pagadietako pagoak, eta, orain, gure aldamenekoak sartutakoak ikusita, pentsatu dut: gure umeei transmititu nahi nieke pago txiki horiek haien babesa izango direla etorkizunean. Sei gaztain sartu ditugu guk aurten, eta neure buruari esana diot: «Munduan sei gaztainondo eta belardi bat utziko ditut».

Gure bizitzan egiten dugunaren jabe egiten al gara? Munduari zer ari gatzaizkio eskaintzen? Espirituala ere bada galdera, jakina. Munduari zer utziko diogu, esaterako, hau guztia pasatzen denean? Uste dut ez garela oso kontziente gure mundualdi honetan indibiduo gisa munduari berari utziko diogunaz, eta utziko dugun horrek hurrengoen memorian izango duen arrastoaz... Nola irakurriko ote dute gure oinatza 50 urte barru?

«Negatiboeman dut; gaur gauean lanera, beraz, normal, eta aurrera»
Markel Flores Larrialdietako erizaina

Negatibo eman dut. Gaur gauean lanera, beraz, normal, eta aurrera. Atzo, deitzen ez zidatela ikusita, pentsatu nuen hala izango zela, baina gaur baieztatu didate. Lasaitu naiz.

Aurrekoan hasitako abestia bukatzen saiatu nintzen atzo. Ordenagailua piztu ere egin nuen, baina alferrik. Liburu bat hartu, eta irakurtzen hasi nintzen. Film bat ikusi nuen gero: El Hoyo. Gaia oso interesgarria da, gizarte hierarkizatua agertzen duelako nolabait, baina pixka bat handi geratu zaio zuzendariari, nik uste; amaiera ez da oso borobila, baina oso gustura ikusi dut, interesgarria baita oso.

Herenegun beste film bat ikusi nuen: Madrilgo Izotz Jauregian ezarri zuten morge erraldoi horren itxieraren bideoa. Minutu bateko isilunea egin zuten, politikariekin, militarrekin eta Espainiako ereserkiarekin. Niri ez zait egokitu gertuko inor hiltzea, eta baliteke baten batentzat lagungarri izatea, baina halakoek barrua nahasten didate. Ez dakit. Jendearen mina instrumentalizatzea iruditzen zait, beren gizarte kohesioa indartzeko.

Gaur Suspertze Gelara noa. Horko lanak pixka bat errepasatuko ditut orain. Aurreko bi gauak oso lasaiak izan omen dira, baina sekula ezin duzu jakin zer etorriko den.

«Bilkura ukan dugu gaur irakasleekin; zortzi batazterketa ditut»
Aña Iriart Unibertsitateko ikaslea

Etxekoak atzo deitu ditut. Ama zaindari aritzen da kolegioan, eta maiatzaren 11n lanera sartu behar luke. Hark errana da maskara ukanen luketela ikasle gehienek eta irakasle guztiek. Nik ez dut erabiltzen ateratzen naizenean.

Lagunak eta biok ez dugu telebista so egin atzo. Karta jokoan aritu gara, bi orenez edo. Jokoz aldatzen gara aldiro, eta ez gara aspertzen; ezta haserretzen ere.

Goiz honetan bilkura bat ukan dut bideoz, irakasleekin. 40 bat minutu izan dira. Azterketak hurbiltzen ari dira, eta nola pasatuko zen esplikatu digute ikasleoi. Gure kezkak adierazi eta galderak pausatu ahal izan ditugu. Lehenbilkura izan da. Irakasleek nahi zuten guk absolutuki argi ukan dezagun dena; gure galdera guztiak erantzun dituzte.

Maiatzaren 6an dut lehen azterketa. Bitartean, baditugu kontrol jarraituan diren lan batzuk. Halakoetan, aste bat emanen digute lan zehatzak egiteko, eta horiek baloratuko dizkigute. Zortzi bat ikasgaitan izango ditut nik azterketak, eta gaurko bilkurarekin asko lasaitu naiz, lanak nola igorri eta gauzak ofizialki jasoak gera daitezen zer egin esplikatu digutelako.

Ostatuak-eta ekain hastapenean irekiko dituztela zabaltzen ari da. Lagun askoren ogibidea dago jokoan.

«Azkenean, erabaki dut noiz itzuliko naizen lanera: maiatzaren 11n»
Urko Rodriguez Autobus gidaria

Apirilaren 30ean bukatuko zait lanean eskatu nuen soldatarik gabeko baimena, eta hala nahi izanez gero epea luzatzeko aukera eskaini digute aurretik egoera horretan geundenoi. Berriz ere, kobazuloan lasai-edo —denboraz bederen— pentsatzeko dilema: diru sarrera, etxekoak kutsatzeko arriskua, autobus gidari gehiegi gauden egunetan nik laneguna eduki arren etxeratua izatearen —eta ondorioz egun horren zorra akaso ordaindu beharraren— probabilitateak...

Aldagai mordoa aintzat hartu beharra, eta, guztien gainetik, kontrolaezinena dena: pandemiaren bilakaera. Haurren kaleratze sasi-kontrolatua ongi ez badoa, konfinamenduaren bertsiorik gogorrena itzul liteke, eta martxoaren erdialdeko egoeran geundeke berriz, gaixotasuna pairatu dutenen kopurua alde batera utzita. Guztia ongi samar badoa, aldiz, jendartearen geruza ezberdinak ateratzeko baimen kontrolatua erdiesten joango lirateke astez aste.

Badakit jendez lepo doazen autobusen irudia ez dela berehalakoan itzuliko, ez Donostia turistikora ezta beste herri-hirietara ere. Erabaki dut data: maiatzaren 11. Zain izango ditut irudi etsipengarriak eta hutsune oteizar itxuraz bete ezinak.

«Neurea gogorarazi zidan iragan zartatu bat aurkitu nuen hemen»
X.X. Etxeko zaintzailea

Gure amak ez zekien irakurtzen. Nik bai, badakit, eta beti izan naiz irakurri zalea. Nire txiroan, sorterrian nintzenean, egunero erosten nuen egunkaria, eta, bizitzaren errebueltak zer diren, nire hitza egunkari batean argitaratzen dute orain. Bizitzako beste errebuelta bat: Euskal Herrian aurkitu nuen lehen lantokian, sartu nintzen lehen etxean, hemengo gerra bizi izan zuen emakume bat zaindu nuen. Traumatizatuta zegoen; ogi beltz eta diktadura kontuak aipatzen zituen. Hara non, Erdialdeko Amerikatik irten eta milaka kilometro egin ostean, neurea gogorarazi zidan iragan zartatu bat aurkitu nuen hemen; errealitate bat.

Nire herriko gerrak 36 urte iraun zuen. Ama dut gogoan, mahai eta ohe azpietara sartzeko oihukatzen guri, hegazkin hotsa entzun orduko. Etxean lo lasai egin ezin, eta kobazuloetaraino joaten ginen gaua egitera. Lehenagotik zetorren su hura, baina 1980ko urteetako kontuak dira nik oroitzen ditudanak. Beldurrarekin akordatzen naiz. Erdi ume erdi nerabe nintzen; txapligu hotsa ziruditen inguruko herrixkak suntsitzeko botatzen zituzten bonben eztandek. Duela gutxi jakin dut Gernika ere bonbaka suntsitu zutela. Orain lan egiten dudan etxean esan zidaten, kasualitatez ia. Gaur irakurri dut bihar dela sarraski horren urteurrena.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.