Nafarroako mutilen edo nesken eskolak ez laguntzea eskatu dute

Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Diru publikorik ez ematea ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei: horixe eskatu dio Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari. Hiru hilabeteko epea eman dio plan bat egiteko, datorren ikasturtetik aurrera neurria indarrean egoteko. Mozioa EH Bilduk aurkeztu zuen atzoko osoko bilkuran, eta Navarra Sumak soilik egin zuen aurka. Mozioan jaso zutenez, «baztertzailea» da sexuaren araberako segregazioan oinarritutako hezkuntza eredua, eta ez dio jarraitzen Nafarroan azkenaldian egiten ari diren bideari: «Bultzatzen dituen balioek eta ereduek ez dute bat egiten azken urteetan Nafarroan emandako pausoekin, ezta hezkidetzarekin eta berdintasunean oinarritutako politika publikoekin ere».

Eusko Legebiltzarreko atzokoosoko bilkuran, berriz, baztertu egin zuten ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei diru publikorik ez emateko EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamena. Elkarrekin Podemosen babesa izan zuen, baina ez EAJrena eta PSE-EErena. EH Bilduko Ikoitz Arresek gogorarazi zuen LOMLOEn jasota dagoela mota horretako eskolek ezin dutela diru publikorik jaso.

EAJk eta PSE-EEk osoko zuzenketa bat aurrera atera dute. Hezkuntza itunekin aurrera jarraitzea babestu dute «egungo legediarekin bat eginez». Halere, testuan defendatu dute lehentasuna ematea hezkidetzaren printzipioan oinarritutako itunpeko ikastetxeei. PSE-EEko Jose Antonio Pastorrek esan du bat egiten duela EH Bilduren proposamenaren planteamenduarekin, baina uste du ez dela garaia finantzaketa kentzeko, onartu duen arren LOMLOEk ate bat irekitzen duela horretarako: «Pausoak pixkanaka-pixkanaka eman behar dira aldaketak finkatzeko». EAJko Leixuri Arrizabalagak azpimarratu du LOMLOEk atzeraeraginezko ondoriorik ez duenez indarrean dauden itunak ez direla iraungitzen. Halere, onartu du legeak beharrezko arau esparrua irekitzen duela hori egin ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.